Bilbo Handian dauden auto-ilarak ekiditeko plana aurkeztu du Aldundiak

Aikor aldizkaria 2018ko mai. 10a, 15:01

Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbo Handian dagoen trafiko-dentsitatea arintzeko plana aurkeztu du. Horren haritik, azpiegitura handi bi egingo dira: batetik, Hegoaldeko Saihesbideko bigarren faseari ekingo diote, hori eta AP-68 errepidea Arrigorriaga aldean lotzeko; eta bestetik, Artazako biribilgunea (Leioa) eta Ballonti (Portugalete) lotuko dituen hiru kilometroko tunela egingo dute. 

Guztira 580 milioi euroko aurrekontua aurreikusi dute. Saihesbideko lanak 2023an bukatuko dira; tunelenak, 2027an.

“Bizkaian XXI. mendean egingo den azpiegiturarik garrantzitsuena izango da”, esan du Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Bere esanetan, Bizkaian zehar mugitzeko beste era bat proposatzen dute. Gainera, lanei esker, Bizkaiko hiru leku korapilatsuenetan dauden trafiko-arazoak arinduko dira: Errontegi (137.000 ibilgailu igarotzen dira egunero), Avanzada (114.000 ibilgailu) eta Max Center (127.000). Teknikarien arabera, 53.000 ibilgailuk erabiliko dute egunero tunela; 24.000 ibilgailuk, Hegoaldeko Sahiesbidea; era berean, tunelari esker, 17.500 autok utziko diote A-8 errepidea (Max Centerren aldean) erabiltzeari; 41.000k, Errontegiren aldean; eta 38.000k, Avanzadan.

Rementeriaren ustez, inbertsioa merezi du. Izan ere, onuragarria izango da autoa egunero erabiltzen duten bizkaitar gehientzat. “Trafiko-arazoak aspalditik pairatzen ditugu leku horietan. Zergatik ekin lanei orain? Konponbidea premiazkoa delako eta gure iritziz, momentu egokia delako”. Ikerketa baten arabera ezarriko da tunelaren ibilbide zehatza, baina Aldundikoek argi dute etorkizunari begira egon behar dela. “Ez dakigu zelan izango den mugikortasuna 10 urte barru, baina tunela prest egongo da etorkizunean egon litezkeen beharrei aurre egiteko, hau da, autoa ez diren garraiobide mota ezberdinak hartzeko gauza izango da”. Erabiltzaileek ez dute tunela erabiltzeagatik sosik ordaindu behar izango.



Kukularra korapiloa

Bestalde, maiatzaren 7an hasi dira Kukularra korapiloa (Erandio) berritzeko lanak. Horiei esker, auto-pilaketak arinduko dira N-637 errepidearen inguruko tarteetan: Avanzadan, Rontegiko zubiaren irteeran eta Txorierriko saihesbideko hasieran. Lanak fase bitan egingo dira. Lehenengoan, bide bat gehituko zaio N-637 errepideari, Errontegiren eta Enekuriren arteko lotura aldean. Fase horrek 5,12 milioi euroko aurrekontua du eta urtebete iraungo du.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).