Txartel bakarra; benetako integrazioa

Aikor aldizkaria 2018ko mai. 28a, 11:54

Txorierritik metroaren 1. eta 2. lineaetara aldatzeak beste bidaia bat ordaindu behar izatea dakar, eta L3 Txorierri Plataformak diskriminazio hori deuseztatzea du helburu nagusitzat. Plataformak Txartel Bakarra foroaren aldarrikapenekin egin du bat, eta herri ekimena aurkeztu zuten Derion, Lezama Bizirik eta TxoriBerri elkarteen eskutik.       

“Egia da Txartel Bakarra foroaren helburua gurea baino nagusiagoa dela, baina gurea ere euren aldarrikapenen artean sar daiteke eta horregatik egin dugu bat haiekin”, azaldu digute Mari Carmen Alvarezek eta Marisa de la Partek. Emakumeak L3 Txorierri Plataformaren kideak dira. “Txartel bakarraren aldeko foroa da eta Bizkaian garraio-sistema publiko bateratuta egotea nahi dute. Guk gure helburu nagusiarekin jarraituko dugun arren, prest gaude euren aldarrikapenak ere bultzatzeko. Horren haritik, trenetik metrora aldatzeak dakarren beste bidaia hori ordaindu behar izatea kentzea lortzen badugu, pauso txiki bat izan daiteke txartel bakarraren biderantz”.

Txartel Bakarra foroaren barruan hainbat elkarte daude: Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, Lezama Bizirik, Euskal Herriko sindikatuak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, batzuk aipatzearren. Euren manifestuan adierazi duten moduan, garraio publikoa funtsezko elementua da hiri eta udalerrien funtzionamendu egokirako, eta herritar guztien mugikortasuna bermatu behar du. Ekitate soziala ere garantizatu behar du eta elkartasun irizpideetan oinarritu behar da. Garraio publikoa pribatua baino lau bider da merkeagoa eta mugikortasun iraunkorraren funtsezko zutabea ere bada. Era berean, manifestu horretan salatu dute erakundeek mugikortasun politikak ikusmirarik eta etorkizun ikuspegirik gabe ezarri dituztela, garraio pribatuaren erabilera sustatuz eta bide-azpiegitura handiak eraikiz. Gainera, garraio politika publikoak plangintzarik gabe garatzen direla aipatu dute, eta sarritan sumatzen dutela erabakiak unean-unean hartzen direla, edo hauteskunde-interesek eraginda.

Aurretik esandakoa kontuan hartuta, proposamen hauek egin dituzte Bizkaiko garraio publikoari lotutako politika eta jardueren oinarri moduan: ibilbide bera, tarifa bera, berdin da zein garraiobide erabiltzen den; garraio publikoa zenbat eta gehiago erabili, txartela hainbat eta merkeagoa; txartelaren prezioa pertsonaren errentaren arabera izatea; zerbitzu publikoa eta kalitatezkoa bermatzea; erakunde bakarra egotea garraio publikoaren operadore guztiak koordinatzeko; eta txartela Bizkaia osoan erabilgarria izatea.

 

Diskriminazio handia

“Txorierrik diskriminazio handia jasotzen du gaur egun, garraio publiko arloan”, adierazi dute forotik. “Izan ere, metroaren 3. linea Euskotreneko 3. linea bihurtzen da Matiko pasatu bezain laster. Horrek eragin negatiboa dauka trenak Sondikatik Lezamaraino eskaintzen duen zerbitzuan. Txartel Bakarra konponbide egokia izango litzateke txorierritarrentzat zein Bizkaiko gainontzeko eskualdeetako herritarrentzat, besteak beste, doako garraio-aldaketak proposatzen dituelako, tarifa bateratuak eta prezio berea udalerri batetik bestera joateko, erabiltzen den garraioa kontuan hartu barik”.

L3 Txorierri Plataformatik gogora ekarri diguten moduan, Artxandako tunel berria zulatzeko lanak hasi zirenean, 2015eko udal eta foru hauteskundeetako aurre-kanpainaren sasoian, Txorierri metro-sarean integratuko zela agindu zuten. “Baina, tunel berria martxan jarrita, metroaren 1. eta 2. lineaetara aldatzea lehengo lekuan eta baldintza berberetan egiten da, eta bigarren bidaia bat ordainduta. Bigarren bidaia hori txorierritarrok baino ez dugu ordaintzen, 3. lineako Bilboko erabiltzaileei eta Kukullagakoei bidaia bakarra kobratzen zaielako, beste lineaetara aldatzen badira ere. Txorierritarrenganako diskriminazio onartezina da, eta hauteskunde-konpromiso baten urraketa lotsagabea”. Bestalde, plataformatik ere salatu dute, tarifen aldaketen ondorioz, Lezamatik Zazpi Kaleetara joateko erabiltzen duten bidaia-bonoa asko garestitu dela, eta bidai 50 edo bidai 70 bezalako bonoak hartzen badituzte, zenbakiak oso ondo egin behar dituztela dirua ez galtzeko, “bono horiek iraungipen-data daukatelako”. Era berean, bidaiarientzat onuragarrienak ziren bonoak desagertu direla esan digute.

 

Borrokarekin jarraitu

Euren aldarrikapenak ezagutzera emateko eta gogobeteko konponbidea topatzeko, plataformako kideek 3.000 sinadura baino gehiago batu dituzte, Txorierriko Udaletara jo dute, Arartekoarengana, eta bilera bi eduki dituzte Bizkaiko Garraio Partzuergoko ordezkariekin. “Aholkularitza-enpresa batera bidali gaituzte Garraio Partzuergotik, euren esanetan, enpresa horrek bidaiarien kexak-eta jasotzeko ardura duelako”. Plataformako kideek aipatutakoaren arabera, Bizkaiko Garraioaren Mapa osatu behar da datozen hilabeteetarako. Beraz, borondatea izanez gero, oraindik aukera legoke euren aldarrikapenak kontuan hartu eta erantzuna emateko.

Edonola ere, euren borrokarekin jarraituko dute eta datozen egunotan erabakiko dute zein izango den hurrengo pausua. “Errekaldekoek, auzokideen presioari esker, lortu dute metroaren 4. linearen lanak aurreratzea. Argi dago presioak bere fruitua eduki dezakeela”. Eta argi daukate ere garraio publikoa, kalitatezkoa, eraginkorra eta bidezkoa nahi dutela Txorierrirako. “Metroaren 3. linearen arazoaz gainera, egunero 15.000 langile datoz Parke Teknologikora, Euskal Herriko Unibertsitatea ere hor dago, aireportua… eta oso garraio kaskarra daukagu. Benetako garraio publiko eraginkorra nahi dugu. Borondate politikoa falta da; herritarrak lotzea eta euren beharrizanei erantzuna ematea inportantea dela sentitzen duen jendea falta da”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).