Martxak Txorierriko herri guztiak batzen dituen bidegorri bat atontzea aldarrikatzea eduki zuen helburu, eta parte-hartzaileak tropel bitan atera ziren goizeko 11:00etan. Tropel bat Sondikatik irten zen, eta bestea, Larrabetzutik. Txirrindulariak Zamudion, Santimami ermitan, elkartu ziren eta gero indarrak berritu zituzten Bidekoetxe parkean.
Goio Sanz larrabetzuarra antolatzaileetariko bat izan zen. Azaldu zuen moduan, Bizkaiko Foru Aldundiak orain dela urteak onartu zuen Txorierriko bidegorria egiteko proiektua, “baina hori kaxoi baten barruan gelditu da”. Gainera, esan zuen proiektu merkea dela, beste lan erraldoi batzuekin alderatuta. Sanzen ustez, Sondika, Loiu, Derio, Zamudio, Lezama eta Larrabetzu batzen dituen bidegorriak txirrindulariei ez ezik beste lagun batzuei ere ekarriko dizkie onurak. “Familiak lasaitasunez eta segurtasunez ibili ahalko lirateke bizikletaz, Txorierriko langileek eta institutuko ikasleek ere bizikletaz egin ahalko lituzke joan-etorriak, Donejakue bidea bizikletaz egiten duten erromesak erosoago ibiliko lirateke…”. Horri lotuta, Zamudio eta Derio artean atondu den bidegorria aipatu zuen, baita Zamudion bizikletak aparkatzeko atondu den gunea ere, eta esan zuen eskertzekoa dela halako pausoak ematea. “Zerbait da, ea gainerako herrietan ere animatzen diren bidegorria atontzera”.
Txorierriko bidegorria egiteko eskaerak Lezamako trenbide zaharraren ibilbidea berreskuratzeko aspaldiko aldarrikapenarekin ere badauka lotura. Bidegorriak Larrabetzutik Sondikaraino joango lirateke eta errepide nagusiarekiko paralelo legoke. Era berean, lotura edukiko luke trenbide zaharrarekin, Bilbora joan-etorriak egin ahal izateko.