Emakume erraketistei buruzko erakusketa antolatu dute Bilbon

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko eka. 11a, 12:50

Azkue Fundazioak erraketistei buruzko erakusketa bat antolatu du Euskararen Etxean, Bilbon. Erraketa jokoak hirurogei urte baino gehiagoz (1917-1980) iraun zuen Espainian eta Ameriketan eta erakusketak XX. mendeko mundu mailako kantxetan ahaztutako erraketisten presentzia gogora ekarri nahi du.

“Erakusketa honek omenaldia egin nahi die pilota-jokoan, zesta punta eta erraketa modalitateetan, kirolari profesional moduan aritu ziren lehenengo emakumeei, eta, era berean, horiek ezagutzera eman nahi ditu”, esan dute antolatzaileek. Erakusketa irailaren 15era arte egongo da ikusgai. 

Erakusketa bost ataletan dago banatuta: sakea, tanteoa, kantxa, kontrakantxa, eta hemen eta orain. Atal bakoitzean zenbait tresna eta testigantza erakutsiko dira: prentsa bat pilotetarako; karamukoak eta hariak; erraketisten jantziak eta Mercedes de Miguelen bozetoak, LIFE aldizkariaren argazkiak, garaikurrak eta oroitzeko plakak, bildumetako kromoak, eleberri bat, prentsa-artikuluak... Horiek guztiak erraketistek eta haien familiek eman dituzte dohaintzan.

Gainera, bisitariek ikus-entzunezkoak eta ukipen-pantailak ere ikusi ahal izango dituzte. Haien bidez, erraketistei buruz gaur egunera arte berreskuratu den “ia dokumentazio guztia” kontsultatzeko aukera egongo da. Hau da, emakumeek izan duten garrantzia eta egin duten lana egongo da ikusgai. Izan ere, erraketistak emakumezko kirolarien artean lehen profesionalak izan ziren. Eta nahiz eta gehienak eta onenak euskaldunak izan, beste toki batzuetan ere egon ziren jokalariak: Valentzia, Logroño, Madril, Bartzelona edo Mexiko…

 

Informazio gehiago: azkuefundazioa.eus

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).