"Tabernako taldea gara"

Aikor aldizkaria 2018ko eka. 14a, 11:30

Mamagigi´s taldea

Mamagigi's musika taldeak ibilbide laburra duen arren, gero eta arrakasta handiagoa dabil lortzen. Izan ere, ekainean Azkena Rock Festival jaialdian arituko dira, Euskal Herriko onenetarikoa, hain zuzen ere. Taldekideak poz-pozik dabiltza, zelan ez, baina hainbat tabernatan emandako kontzertuak ere balioesten dituzte.

Martín Blancok, Mario Frailek eta Jon Paul Acevesek osatzen dute gaur egun Mamagigi´s taldea. Lezamako eta Loiuko lagun taldeak duela urte bi sortu zuen musika taldea. Hasiera batean, Guillermo Pena ere bazen taldekidea, baina orain beste talde batean dabil. "Guillermo Dead Bronco taldera joan da. Izugarrizko aukera da berarentzat, beti musikari profesionala izan nahi izan duelako. Bai ze Dead Bronco Ameriketara joango da kontzertuak eskaintzera. Pena ematen digu, baina zer egingo dugu, ba… Guillermo ez dagoenez, guk hirurok jarraitzen dugu eta pozik gaude", azaldu digu Mariok.  

Gazteok aspalditik jotzen dute elkarrekin. Mamagigi´s sortu aurretik, Guillek, Mariok eta Martinek Kolapso, Zero Koma eta Barra Libre taldeak osatu zituzten. Garai hartan, punk eta ska jotzen zuten. Geroago, Jonpa batu zen eta handik gutxira estiloa erabat aldatzea erabaki zuten. "Aspertu egin ginen. Lau urte eman genituen punka egiten eta beste zeozer egin nahi izan genuen. Zergatik countrya? Ez dakit, Oh brother! eta Quentin Tarantinoren filmen eraginez, countrya hasi ginen entzuten eta apur bat horrela, jolasten, sartu ginen estilo horretan”. 

Bilakaera izatea normala da, bai, baina 22 urterekin Euskal Herrian countrya jotzea ez da hain arrunta. “Ez dago gure musika mota egiten duen ia talde euskaldunik. Horrek alde onak eta txarrak ditu: batetik, jendea erabat harrituta geratzen da; bestetik, tamalez, ez gaituzte aintzat hartzen", azaldu digu Jonpak. Gazteei mu­sika jotzea gustatzen zaie,  besterik ez. "Na­­hi dugunean, jotzen dugu eta nahi ez dugunean, ez. Nahiko pozik gaude  gure ibilbidearekin eta ondo pasatzen jarraitzen badugu, berdin-berdin jarraituko dugu”, esan du Martinek.

 

Arrakasta

Dena dela, Mamagigi's taldea proiektu serioa bezain arrakastatsua da. Orain arte, maketa bat –Mamagigi´s– eta disko bi –Black Roses eta Psychobear– kaleratu dituzte. Gainera, Villa de Bilbao Lehiaketan sari bat eman diote eta, ondorioz, Azkena Rock Festivalean joko dute ekainean, Gasteizen. Azkena Euskal Herriko jaialdirik jendetsuenetarikoa da. “Oso pozik gaude, noski. Ez gara oso ezagunak eta guretzat aukera paregabea da. Lehen kontzertuetako bat izango da eta ziur asko jende asko ez da egongo, baina tira, 1.000 lagun edo batuko dira. Eta 1.000 lagun guretzat itzela da. Gainera, publiko horri benetan interesatzen zaio, talde berriak ikustea gustatzen zaiolako”. Horrelako leku handietan jotzea oso deigarria da, baina taldekideek euren ibilbidea azpimarratu dute. “Iaz 70 kontzertu baino gehiago eskaini genituen. Horrek oihartzuna eta eskarmentua ekartzen dizkizu. Guk hainbat tabernatan aritu gara, tabernako taldea gara, hori da gure ezaugarri nagusia”. 

Eta tabernetan jotzea ez da batere erraza. "Normalean, ez dira leku egokiak musika zuzenean jotzeko: ez da behar bezala entzuten, barruan jotzen baduzu leku handiegia hartzen duzu… Eta egokiak diren taberna gutxi dago. Udan, behintzat, kanpoan jotzeko aukera dugu. Dena dela, ez gara gehiegi kexatzen, edozein egoeratara moldatzen gara-eta”.   

Iaz, Mamagigi´s taldeak Lezamako jaietan ere jo zuen. “Oso esperientzia polita izan zen. Kontzertua hasi baino lehen, Sakatu elektrotxaranga herrian zehar ibili zen jotzen eta azken txanpan gurekin batera ibili ziren. Oso polita izan zen. Normalean, musika taldeek ez dute herriko jaietan jotzea behar bezala aintzat hartzen, baina guri izugarri gustatzen zaigu: eszenatokia handia da; soinua, polita; jende askok ikusten zaitu…”.     

Alde egin baino lehen, gazteek taldearen izena azaldu digute. "Guillek Gigi’s Banjo Sound taldean jotzen zuen beste lagun batekin. Geroago, Martin fitxatu zuten; eta gero, Mario". Beraz, Martin, Mario eta Guilleren lehenengo silabek Mamagigi sortzen dute. Azkenean, bateria jotzaileak taldea utzi behar izan zuen eta, bere ordez, Jonpa etorri zen. “Jonpa apostrofea dela esaten dugu (kar, kar)". 

 

Taldekideak

Hasiera batean, lau ziren Mamagigi´s taldeko partaideak, baina gaur egun, hiru baino ez daude, Guillermo Pena sondikoztarra Dead bronco taldera joan da-eta. 

Martin Bilbao (ahotsa eta gitarra): 21 urte, Larrondo. "Soinu goi-mailako gradua nabil ikasten. Nire anaiak gitarra erosi zuen, baina ez zuen inoiz erabili eta nik ekin nion musikari". 

Mario Fraile (koruak eta baxua): 22 urte, Lezama. "14 urte nituela hasi nintzen baxua jotzen. Musikaz aparte, Zaharberritzea, Arte Ederretako adar bat, hori nabil ikasten". 

Jon Paul Aceves (bateria eta koruak): 24 urte, Bilbo. "Familia lezamarra da eta txikitatik herrian eman ditut udak. Ziur asko, Lezamako udatiar bakarra naiz (kar, kar). Lezaman koadrila eta guzti daukat. Musika betidanik gustatu zait, etxekoek ere tresnaren bat jotzen dute. Enpresa-ikasketak egiten ditut Sarrikon. ".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).