“Itzulerak beti dira itzelak”

Aikor aldizkaria 2018ko uzt. 10a, 09:45

Fran UriasHesian taldeko abeslaria eta gitarra-jotzailea

Oholtza zapaldu gabe sei hilabete eman ondoren, Hesian taldeak 2018ko lehenengo kontzertua eskaini zuen Derioko San Isidro jaietan. Fran Uriasekin aritu gara Sakanako taldeari buruz eta esku artean duten lan berriaren gainean.  

t: Itxaso Marina

Zelan izan zen zaleekin berriro elkartzea?

Oso ondo atera zen. Guk oholtzara itzultzeko ikaragarrizko gogoa genuen, eta publikoaren aldetik ere itzela izan zen. Karpa beteta ikusteak asko poztu gintuen. Ez dago hasteko modu hoberik. Hau gure bizitza da, eta batzuetan atsedenaldiak beharrezkoak izan arren, gogorrak ere badira… baina itzulerak beti itzelak!

Kontzertuei dagokienez, zelan dator uda?

Aurreko beste uda batzuen aldean, nahiko lasai dator aurtengoa. Disko berria prestatzen gabiltza eta arreta lan horretan ipintzea erabaki dugu. 

Zerbait aurreratuko diguzu lan berri horri buruz?

Lehenengo aldiz produktore batekin gabiltza lanean, eta oso esperientzia aberasgarria izaten ari da. Baina batez ere abestien itxura da ikaragarria. Horrelako pertsona batek asko laguntzen du kantuak biribiltzen eta horiei kolore ezberdinak ematen. Lan handia eskatzen du, baina merezi du…, mereziko du. 

Gaurkotasun-gaiak ez ezik gai pertsonalak, sentimenduak ere islatzen dituzue zuen abestietan… Terapeutikoa da hizkiak idaztea?

Beti pentsatu izan dugu abestiak terapia antzeko zeozer direla. Barruan duzuna paperean utzi eta askotan karga horretatik libratzeko modu bat izan daiteke. Mezu positibo bat helaraztea ere gertatzen da, eta jendeak gero mezu hori berarena bihurtzea. Guretzat hori da musikaren alderdirik ederrena. Magia da! 

Entzuten oso erraza den musika egiten duzue, rocka, punka eta popa nahasita. Nola lortzen da oreka?

Egia esan, ideiarik ez. Barrutik irteten zaiguna egiten dugu, estiloetan gehiegi pentsatu gabe. Batzuetan disko gogorragoak irten zaizkigu; besteetan, adiz, bigunagoak edo poperoagoak… Auskalo hurrengo lana nondik joango den!

Hamabi urte daramatzazue musika munduan, zazpi lan dauzkazue kalean, hainbat eta hainbat kontzertu eman dituzue… Beti dago zerbait ikasteko?

Beti, noski. Eta kontzertuetan eta bestelakoetan ezagutzen duzun jendearengandik ere ikaragarri ikasten da. Aspektu oso ezberdinetan, gainera. Kritikak jasotzen eta onartzen ikasten duzu, eta horietatik paso egiten ere bai, momentuaz gehiago gozatzen, kontzertuez, zeure buruaz, abestiak egiterakoan… Denerik. 

Eta 12 urteren ondoren, hainbat aldaketa eta gorabeheren ondoren, zelango momentuan dago taldea gaur egun?

Momentu on batean gaude. Egiten dugunarekin oso pozik eta zoriontsu gaude. Talde barruan ere giro bikaina dago eta familia handi bat osatzen dugu. Ezin gara kexatu. Eta beti aurrera eta gora begiratu behar den arren, uste dut begiak itxita sinatuko genukeela orain bezala beste hainbat urtetan jarraitzea. 

Zelangoa da gaur egun Euskal Herrian musika euskaraz egitea?

Konplexua. Oso zaila da laburki definitzea edo aztertzea. Euskal musikak, euskaraz egiten den musikak, eragin handia du oraindik eta hori pozgarria da. Lekua ere badu nolabait… Badago zirkuitu bat, baita publikoa ere, eragileek edota Udalek kontuan hartzen gaituzte… Bestalde, uste dugu musikak orokorrean daraman norabidea hemen ere badaramagula. Musika mota batzuek leku handiagoa dute: musika dantzagarria, entzuteko errazegia ere sarritan… Hori da dagoena. Norberak erabaki dezake zer entzun eta zer sortu. Guk gurean jarraituko dugu tenkor eta burugogor, nafar jatorrek bezala!    

 

 

 

Diskografia

Hesian taldea Sakanan sortu zen 2006. urtean. Rocka, punka eta popa nahasten dituen taldeak zazpi disko kaleratu ditu: Maite dugu (2007), Herriaren oihua (2008), Borrokatu eta irabazi (2010), Hitzetik (2011), Hemen eta orain (2013), Hegalak astinduz (2014) eta Hesian (2016). Lan berria laster egongo da kalean. 

Taldeak abeslari bi ditu, Zuriñe eta Fran, eta horien bien ahotsen nahasketa taldearen erakargarri handiena da, zalantza barik. Hauek dira taldea gaur egun osatzen duten beste musikariak: Iker, gitarra-jotzailea; Eneko, tronpeta-jotzailea; Iñigo, tronboi-jotzailea, Ane Bastida, baxu-jotzailea; Danel, bateria-jotzailea; eta Aritz Barandi, denerik.