Berbalagun eta Gurasolagun: bi proiektu, helburu bera

Aikor aldizkaria 2018ko urr. 2a, 11:46

Zuetariko askok jakingo duzue zer den Berbalagun proiektua, hau da, euskaraz ondo moldatzen direnak eta hain ondo moldatzen ez direnak taldeka elkartu zaletasun baten inguruan euskaraz aritzeko. Oso metodologia ona da euskaraz berba egiteari beldurra galtzeko eta bai lagun berriak egiteko ere. 

Euskara ikasi nuen eskolan, baina erdi galduta dut; euskara ikasten nabil euskaltegian, baina ez dut norekin hitz egin edo gehiago arindu nahi dut mihia; badut norekin hitz egin euskaraz, baina lotsa ematen dit; euskalduna naiz eta lagundu nahi diet beste batzuei euskaraz egiteko aukera emanez… Egoera horietako  batean bazaude ez izan zalantzarik eta parte hartu talderen batean. Aurtengo ikasturtean Txorierriko herri guztietan egon dira taldeak, Loiun izan ezik. Beraz, datorren ikasturtean zuen partaidetzarekin Loiun ere sortuko dugu talderen bat.

Egizu kontu: jendea oso pozik dabil taldeetan berba egiten, kafe bat hartzen, ibiltzen, gogokoa duena egiten eta datorren ikasturtean pintxo-poteo euskaldunaz gozatzen. Gainera, ekintza pilo bat egiten dira ikasturtean: museoetara joan, ibilaldi gidatuak, mendi irteerak, perretxikotan joan, afariak nahiz bazkariak prestatu eta gozatu, ardo-dastatzeak egin… Mundu eder bat, eta zeuk ere parte har dezakezu.

Bestalde, umeak dituzula? Horra hor Gurasolagun proiektua, hau da, gurasoen eta umeen arteko euskararekiko harremana bultzatzeko euskaraz hitz egiteko ohitura duten gurasoak eta mintzapraktika egin nahi duten gurasoak biltzen ditugu umeekin batera, eskola orduen ondoren, euskaraz jolasak eta antzeko ekintzak egiteko. Ekintza zoragarria hau ere aro digital honetan. Ze umeek gurasoekin egotea, baita jolasten ere, beharrezkoa baita. Izan ere, guraso eta seme-alaben arteko harremanak handitzeak errespetua izatea, arauak onartzea eta eredu egokiak hartzea dakartza.

Edozein kasutan ez izan zalantzarik, datorren ikasturtean parte har ezazu doako proiektu honetan eta zure euskara eta zure herriko euskara aterako dira irabazle.

Apuntatzeko: 635.75.35.95 edo txorierri.berbalaguna@gmail.com, whatsappez edo emailez.

Poteo taldea hilean behin, ostiraletan, elkartuko da eta egun bakoitzean herri ezberdin batean izango da. Parte hartu nahi izanez gero, eman izena! Gainera, mus jokalaria bazara, animatzen zaitugu gurekin bat egitera eta musean jokatzeko taldea sortzen laguntzera. Bai ze, ikasturte honi begira eta berbalagun batzuk horrela eskatuta, ahalegin berezia egingo dugu berbalagunen mus taldeak osatzen. Hordago ere euskaraz jo!

 

Poteo taldea hilean behin elkartuko da eta ahalegin berezia egingo dugu mus taldeak osatzeko.   

 

Datozen ekintzak

Bisita gidatua, Iruña Veleia aztarnategi historikora.

Urriaren 21ean, domekan.

11:00 Bisita.

14:00 Bazkaria (20 euro).

16:00 Hitzaldia.

Izena emateko azken eguna: urriak 16.

 

Bisita gidatua, Bilboko Arte Ederretako museora.

“ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa”

Urriaren 24an, 10:30ean.

Prezioa: euro 1.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).