Txorierriko I. Topaketa Feministak

Aikor aldizkaria 2018ko urr. 3a, 09:50

Topaketak Txorierriko talde feministek antolatu dabez urriaren 6rako, Zamudion. Egun osoko egitaraua prestatu dabe eta horretan parte hartzera emakumezkoak zein gizonezkoak dagoz konbidatuta. Alkar ezagututeko eta esperientziak partekatzeko eguna izango da.

Txorierriko talde feminista guztiek –Garrasia (Sondika), Koxak (Derio), Zapata Gorriak (Zamudio), Moreak (Lezama) eta Zutunik! (Larrabetzu)– eta Loiuko emakume feminista batzuek indarrak batu dabez eta gurean topaketa feministak antolatu dabez lehenengo biderrez. Azaldu deuskuenez, topaketak alkar ezagututeko eta talde bakotxak feminismoaren alde bere herrian zer egiten dauan jakiteko antolatu dabez. “Nahiko talde barriak gara danok eta helburua esperientziak partekatzea da. Izan be, nire herrian egiten danak beste herri baten be balio leike, beharbada. Gainera, talde guztion helburuak berdintsuak dira. Era berean, jente barria animau gura dogu feminismora hurreratuten”.

Antolatze-lanetan belaunaldi ezbardinetako emakumeak dabilz alkarlanean, arlo ezbardinetan mugitzen diranak. “Aniztasun handia dago eta hori oso aberasgarria da. Askotan komentau dogu ez dogula uste Txorierrin inoz antolatu danik herri guztia inplikatzen dauan hain ekitaldi handirik”. Haraneko emakumeen arteko harremanak estuagoak izateko be baliagarria izango da egitasmoa. “Hau prestetan jentea ezagutu dogu eta ziur gagoz honik aurrera harremana askoz hobea izango dala, bai taldeen artekoa, bai pertsonala”.

Ekitaldiak Zamudioko Kultur Etxean izango dira. Goizeko 11etan hasi eta egun osoa iraungo dabe. Kafe-tertulia batek hasierea emongo deutso egunari eta haren ostean, ekonomia feministaren inguruko berbaldia, poteo musikatua, sorgin dantzea, herri bazkaria, argazki feminista ateratea eta Psico Woman ikuskizuna egongo dira. Hakima Flissi lezamarrak musika saioa eskainiko dau eta karaoke ibiltaria be izango da. La Basuren kontzertuak amaierea emango deutse jardunaldiei. “Kafe-tertulian, talde bakotxak azalduko dau zelan hasi zan eta herrian zertan dabilen. Ekonomia feminista berbaldia Saioa Zerainek eskainiko dau, eta hori zein aurrekoa nahiko ekintza potenteak izango dira. Gazteei begira, Psiko Woman ikuskizunak erakargarritasun handiagoa eduki leike, beharbada. Ekonomia feministari jagokonez, berbaldi bat eta tailer bat egingo dira eta gauza dinamikoaizango da”. Umeak jagoteko zerbitzua egongo da.

“Saiatuko gara protagonismoa emakumezkoei emoten, egun horretan baten batek disfrutau eta parte hartu behar badau, hori emakumeok garelako. Baina ekintzak mundu guztiari dagoz zabalik eta gizonak be etorri leitekez. Izan be, gure helburuetariko bat persona guztiak gero eta feministagoak izatea da, bai emakumezkoak, bai gizonezkoak”. Antolatzaileek espero dabe topaketetan jentetzak parte-hartzea eta mundu guztiarentzat esperientzia positiboa izatea. “Oso ondo pasatuko dogu eta egun polit-polita izango da, goizeko 11etatik gabeko 12ak arte. Eta luzatu gura dauanak, ba, luzatu dagiala”. Kultur Etxean txosnea be ipiniko da.

Sororidadea 

Emakumeek ilusino handia daukie topaketei begira eta gustatuko litzakie gainerakoek be ilusino bardinagaz heltzea egitasmoari. “Gura dogu Txorierrirako ekarpena izatea. Aztertuko diran gaiak interesgarriak dira eta oso ekarpen polita izan leitekez norberarentzat, eta ahalduntzaileak. Baina ez horreek bakarrik; musikea, kalean egotea, alkar ezagututea…, hori be bai. Gainera, askotan hitz egiten da sororidadeaz eta alkarren arteko alkartasunaz, eta horreek be agerian egongo dira egun horretan”. Antolatzaileen esanetan, topaketek bidea emon ahal deutsee gainerako emakumeei be taldeetara hurbiltzeko eta urtean antolatzen diran ekintzetan parte hartzeko. “Gizonentzat be izan leitekez lagungarriak jakiteko zer pentsetan dogun, zer sentiduten dogun… eta beste ikuspegi bat izateko. Azkenean, feminismoaren alde burrukatzea gizarte justuago baten alde burrukatzea da, eta badagoz gizonak feministak direnak eta halango gizarte bat gura dabenak. Eta askok guk beste biziko dabe bardintasunaren aldeko burrukea, zergaitik ez”.

Gizarte justuago baten alde burrukatzen dau feminismoak eta hori be hartu dabe kontuan bazkaria eskatzeko orduan. “Dana modu global batetik begiratu behar dogulako. Beraz, janaria bertoko catering-enpresa batek ekarriko deusku, produktu asko Txorierrin erosten dauzana”. Bazkarirako txartelak herri guztietako taberna batzuetan egongo dira eta aurrerago zehaztuko dabe zeinetan. Langabetuek 10 euroan eukiko dabe; eta lanean dabilzanek, 15 euro ordainduta. Bestalde, hiru eroko bonu laguntzak atera dabez gastuak ordainduten lagunduteko. “Mankomunidadeak Psico Woman ikuskizuna hartu dau bere gain, eta Zamudioko Udalak lekua utzi eta bazkarian erabiliko dan mahai-tresneria emongo deusku. Beste guztia geuk ordaindu behar dogu”. Bonu laguntzak alkarteetako kideei eskatu ahal jakez.

Gizarteari, munduari, Txorierriri… emakumezkoen ikuspegitik begiratzea ezinbestekoa da, euren ustez. “Ezpabere, jai dogu. Emakumeak hiltzea matxismoaren aurpegi gogorrena da eta egundoko lana egin behar da horren kontra. Baita hilketen ostean dagoen guztiaren  kontra be”. 

 

Urriak 6, zapatua, Zamudioko Kultur Etxean

11:00 Kafe-tertulia

12:00 Hitzaldi-tailerra: Ekonomia feminista, Saioa Zerainen eskutik (Emagin).

13:30 Triki-poteoa, Bertokok girotua.

14:00 Sorgin dantza.

15:00 Herri-bazkaria.

16:30 Argazki feminista.

17:00 Psicowoman: Chochocharla.

19:00 Hakima Flissi.

19:30 Karaoke ibiltari feminista.

22:00 Kontzertua: La Basu.

 

Herri-bazkarirako txartelak salgai:

Loiu: liburutegian.

Sondika: Ordago, Tindaya eta Aterpe tabernetan.

Derio: Aldekone eta Adarve tabernetan, eta Peña burdindegia.

Zamudio: Bidegorri, Fernan eta Suseterrak tabernetan, eta Sonsoles martzerian.

Lezama: Ibon okindegian eta Oxangoiti tabernan.

Larrabetzu: Aretxabala eta Gazteleku tabernetan.

 

Langileak: 15 euro; langabetuak: 10 euro.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).