Ura, guztion eskubidea

a: Maren Barbee 2018ko urr. 4a, 11:10

WaterAid gobernuz kanpoko erakundea (GKE) 1981ean sortu zen planeta osoko jendeari hiru giza-eskubide emateko: ur garbia, komun dezenteak eta higiene ona. Maddi Monclús  Erresuma Batuan bizi den lezamarra GKEren boluntarioa da eta gaur egun dirua biltzen dabil erakundeak dituen proiektuei laguntzeko.

“Imajinatu egun bero batean gaudela Bilbon, lanean, etxean… eta ez duzula urik edateko. Eta kilometroetara joan behar zarela ura biltzeko, adibidez Larrabetzutik Sondikara eta, gainera, ur zikina hartuko duzula. Imajinatu hilekoa duzula eta ez duzula komun dezenterik garbitzeko, dutxa hartzeko. Imajinatu ezin duzula zure umea garbitu, edo ur zikinetan garbitu behar duzula, horrek eragin ditzakeen gaixotasunak kontuan hartuta…”. Maddi pertsona askoren errealitatea gogora ekarrita hasi da bere proiektuaren berri ematen.

Unicef eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera, 844 milioi pertsonak ez dute edateko urik etxetik hurbil, eta 2,3 bilioi pertsonak ez dute komun dezenterik. Horrek gaixotasun larriak eta heriotza dakartza. Hala, ur garbirik ez edukitzeak eragiten dituen infekzioengatik minuturo jaioberri bat hiltzen da; eta bi minuturik behin bost urtetik beherako ume bat beherakoak jota. Gainera, ur kutsatua edateak umea galtzea ekar diezaieke haurdun dauden emakumeei. “Indarkeria ere eragiten du. Iztapalapan, adibidez, Mexiko Hirian, une larriak bizi dituzte ur faltagatik. Ura garraiatzen duten kamioiak erasoak jaso dituzte eta pertsonen bizitza arriskuan jartzen da”. Maddik adierazi duen moduan, ur garbia, higienea eta komun dezenteak edukitzeak bizitza erabat aldatuko die pertsona horiei. “Gurasoek ez dute kezkatu beharko umea jaio eta biziko den, eta lasai garbitu ahalko dute. Komunitatean ur iturri bat badago, umeek ez dute ur bila joan beharko eta eskolara joan ahalko dira; hazi eta nagusituko dira. Era berean, emakumeek eta gizonek bizimodua atera ahalko dute eta komunitateak loratzen hasiko dira. Jendeak bizitza duina eta osasuntsua izango du. Normala dirudi, eta normala izan beharko luke”.

Maddi diru-bilketa hasi zen uztailean, WaterAid GKEri bere egitasmoak aurrera ateratzen laguntzeko. “JustGiving webgunean profil bat sortu dut eta bertan azaldu dut nire proiektua. Helburua da 700 libera biltzea, diru-kopuru horrekin komunitate batean ur-iturri bat jarri daitekeelako. Imajinatu, honen moduko proiektu batek Txorierri lako eremu bati eman ahalko lioke ur garbia! Donazioak online egin daitezke  webgunearen bidez eta dirua WaterAid GKEra bidaliko da zuzenean”. Jendea donazioak egitera animatzeko, Maddik hainbat ekintza ipiniko ditu abian. “Urriaren 1ean, Cake Day egin dugu lanean. Lankideek pastelak –nik tortilla bat, ez naizelako batere ona gozogintzan– egin dituzte eta salgai ipini dira, dirua batzeko. Bestetik, urriaren 20an, Bilbao Night Marathon ekintzan hartuko dut parte. Diru-bilketetan erronka bat egiten da normalean eta nirea hori izango da. Gainera, benetako erronka izango da, urte asko, gehiegi, eman ditudalako entrenatu barik”. Pub Quiz bat antolatzea ere aztertzen dabil, hau da, jendea taberna baten elkartu eta galderak bota, bertaratutakoek erantzun ditzaten Internet erabili gabe. “Nire urtebetetzea irailean izan da eta lagunei donazioak egitea eskatu nien oparitzat”.  

 

GKE

WaterAid nazioarteko gobernuz kanpoko erakundea da eta proiektuak 28 herritan ditu, Hegoafrikan, Asian eta Amerikan, tartean. Munduan zortzi bulego ditu, besteak beste, Suedian, Australian eta Japonian. Erakundeak Zambian eta Sri Lankan atera zituen aurrera lehenengo proiektuak eta 2016rako 24,9 milioi pertsonari lagundu zieten ur garbia izaten, eta 16,7 milioi pertsonari higiene ona izaten. Era berean, 24 milioi komun dezente ipini zituen. Pertsona horien artean Zuwera dago. Kakpayili-Shizugun, Ghanan, bizi da eta 22 urteko neska da. Egunero presara joan behar da ur bila, lau aldiz, eta hango ura zikin dago. WaterAid GKEk han eraikitzen dabilen ur-kioskoari esker ez da presara berriro joan beharko. “Milaka istorioa daude. WaterAid-ek ez du bakarrik beren bizi kalitatea hobetzen; bizitzeko aukera ematen die. Ura oinarrizko beharra da, eta gure zortea ez du mundu guztiak. Baina gu bezalako jendearen donazioari esker, erakundeak milioika pertsonari laguntzen die euren bizitza aldatzen”. 

Jasotako libera bakoitzetik 77 penny zuzentzen dira proiektuetara; eta 23 penny, donazioak erakartzeko kanpainetara. Erakundeak laguntzen dien pertsonen istorioaren berri ematen du bere webgunean, eta kanpainei buruzko informazioa ere zabaltzen du bertan.

Informazio gehiagorako: www.justgiving.com/fundraising/maddi-monclus eta www.wateraid.org.

 

Sustatzailea

Lezamarra duela zazpi urte joan zen Erresuma Batura ingelesa ikastera eta esperientzia berri bat izatera. “Hemen zortzi edo bederatzi hilabete emateko asmoa nuen, baina hemendik nago oraindik”. Psikologiako master bat ikasi zuen eta boluntario ibili da proiektu ezberdinetan, esate baterako, buruko osasunari lotutako egitasmo batean eta genero indarkeria pairatzen duten emakumeei laguntzen. “Baina Lezama nire etxea da eta beti izango da. Ahal dudan guztietan itzultzen naiz familiarekin eta lagunekin egotera”.       

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).