Bizkaiko Foru Aldundiak aldaketa bat sartuko du PFEZari buruzko Foru Arauan, eta horren bidez zehaztuko du Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak ordaintzen dituen amatasuneko eta aitatasuneko prestazioak zerga hori ordaintzetik salbuetsita daudela. Gaur egungo Foru Arauak salbuetsitako errentatzen jotzen ditu administrazio autonomikoek eta tokiko administrazioek ematen dituzten prestazioak, eta amatasunekoak eta aitatasunekoak horietara batuko dira.
Neurria Auzotegi Gorenak PFEZari buruzko Estatuko Legearen gainean hartutako erabakiaren ostean hartu da, eta prestazioa jasotzen duten zergadun bizkaitarrei segurtasun juridikoa ematea du helburu. Era berean, euren egoera eta Estatuko zergadunenarekin parekatuko du. Zerga aldaketa 2019ko Aurrekontuei Buruzko Foru Arauaren Proiektuan sartuko da, eta Batzar Nagusiek proiektua onartzen badute, urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.
Auzotegi Gorenaren epaiari buruz egindako azterketaren arabera, nahiz eta erabakiak PFEZari buruzko Foru Aginduan eraginik ez duen, horri lotutako doktrina ezarri behar da, legeak eta foru arauak idazketa bera dutelako. Hori dela-eta, Foru Aldundiak prestazioengatik ordainduko zenbatekoak itzuliko ditu oraindik irmo egin ez diren errenta-aitorpenetan: 2014, 2015, 2016 eta 2017.
Itzulpenak eskatzeko, Ogasun Sailak laster eskaera-eredu bat ipiniko du eraginpeko pertsonen eskura. Eskaera eskatzen denean, Foru Ogasunak errenta-aitorpen bakoitza birkalkulatuko du zerga-oinarriri prestazioari dagokion zenbatekoa deskontatuz, eta eskatzaileari aldea itzuliko dio. 2018ko ekitaldian ordaindutako prestazioen gainean egindako atxikipenak datorren errenta-kanpainan itzuliko dira.