Bizkaiko garraio publikorako txartel bakarra eskatu dute berriro

Aikor aldizkaria 2018ko urr. 22a, 14:57

2017ko urriaren 17an, Txartel Bakarraren eta Garraio Publiko Integratuaren Sistemaren Aldeko Foroa aurkeztu zen Bilbon. Lehengo astean prentsaurrekoa egin zuten, azken urtean izandako babesaren berri emateko, eta batez ere, Bizkaiko garraio publikorako txartel bakarra eskatzen jarraitzen dutela adierazteko. Linea 3 Txorierri plataformaren eta Lezama Bizirik elkartearen ordezkariak ere izan ziren prentsaurrekoan.

Sei proposamenek osatzen dute Foroaren eskaera. “Garraiobide batetik bestera aldatzea doakoa izatea; garraio-operatzaile guztiek tarifa berberak edukitzea; txartelaren prezioa progresiboa izatea, hau da, zenbat eta gehiago erabili, hainbat eta merkeagoa izan; txartelaren prezioa pertsona/familia-errentara egokitzea; txartela Bizkaiko garraiobide publiko guztietan erabili ahal izatea; eta oraingo garraio publikoko sareari eustea edo hobetzea”, adierazi dute prentsa-ohar batean.

2018an, Txartel Bakarraren aldeko Foroa Bizkaiko Batzar Nagusietako alderdi politikoekin bildu da, eta eskatu diete osoko bilkurara txartel bakarrari buruzko txosten teknikoa egiteko arauz besteko proposamena eramateko. “Gure asmoa da talde politiko guztiek Bizkaiko Foru Aldundiari hau eskatzea: Bizkaiko Garraio Publikoaren 2018-2028ko Plan Estrategikoaren barruan, Txartel Bakarraren proposamenaren eskumenari, legezkotasunari, bideragarritasunari eta kostuari buruzko atala sartzea. Hori funtsezko tresna izango genuke, txartel bakarra martxan jartzeko erabakiak hartzen direnean lehentasunak non dauden jakiteko”.  

Foroaren ustez, oraintsu aurkeztu den Garraio Publikoaren 2017ko Txostenaren datuek argi utzi dute Txartel Bakarra ezinbestekoa dela Bizkaiko garraio publikoa hobetzeko. “Txorierrin, esate baterako, 3. linea heldu eta maiztasunak hobetu zirenean, bidaien kopuruak ere gora egin zuen 2017an; 2016an baino % 16 gehiago. Alabaina, diru-bilketa % 46 hazi zen”. Izan ere, txorierritarrok, “eskualdea zigortzen duen gune-banaketa berriaren ondorioz”, trenetik atera eta metroa hartzeagatik ordaindu behar dugu. Kukullaga-Matiko zatia erabiltzen dutenek, aldiz, ez dute garraio-aldaketarik ordaindu behar. Gainera, Lezamako trenbidean hobekuntzak egin diren arren, gaur egun bidaiari gutxiagok, 1,2 milioik, erabiltzen dute hirugarren linea, lanak egin baino lehen erabiltzen zutenekin konparatuta: 2013an, 1,6 milioik.

“Txartel bakarrari esker, herritarren mugikortasuna eraginkorragoa eta jasangarriagoa izango litzateke. Era berean, homogeneotasun eta berdintasun handiagoak lortuko genituzke, eskualdeak hobeto orekatuz, batez ere garraio-maiztasun txikienak dituztenen mesedetan”.

 

Babesa, gero eta handiagoa

Foroak gero eta atxikimendu gehiago jaso du azken hilabeteotan. 2017an, 15 erakundek egin zuten bat haiekin, eta gaur egun 27k eskaini diete babesa: STEILAS, CGT-LKN eta CNT sindikatuak, pentsiodunak, kontsumitzaileen elkarteak, Ezkerraldea eta Txorierri bezalako eskuinaldeetako gazteak, ikasleak, ekologistak… “Gehituz goaz, eta jarraituko dugu txartel bakarraren aldeko borondatea handitzen”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).