Pinua gaixorik dago

argazkiak: Jon Goikouria Larrabeiti 2018ko aza. 8a, 09:54

Banda marroia/gorria gaixotasuna gogor erasotzen dabilkie pinuei. Horrela, gure autonomia erkidegoan, gaitza 40.000 hektareara baino gehiagora zabaldu da; 3.151 hektareara, Txorierrin. Gure orografiaren berdea marroiz tindatzen hasi da, onddoek pinuak sikatzen dituztelako. Erritmo handian, gainera.     

Eusko Jaurlaritzako datuen arabera, 2016an 130.000 hektarea pinus radiata zeuden Euskal Herrian; eta 65.000 hektarea, Bizkaian. Pinudia bizimodua ateratzeko bidea da baserritar askorentzat, izan ere, industria horrek zuzeneko 13.000 lanpostu eta zeharkako 7.000 lanpostu sortzen ditu gaur egun, gure autonomia-erkidegoan. Baina baso gehienetan ikusten dugun pinu mota hau ez da bertokoa. Adan Ayarza lekeitiarrak XIX. mendean ekarri zuen Kaliforniatik. Industria arloko gehiegizko ustiatzea dela-eta, euskal mendiak hustuta zeuden eta espezie hori erraz egokitu zen gure klimara. Lehengai preziatua bihurtu zen, epe laburrean etekin handia sortzen duelako. Batez ere hiru erabilera mota ditu pinuaren egurrak: adarrak papera egiteko erabiltzen dira; enborraren erdialdea, enbalatze ontziak egiteko; eta enborraren oinarria, zurgintza eta ebanisteria-lanetarako. 

Onddoen eraginez, pinus radiata gaixorik dago eta bere gaitzaren ondorioak ikusgai daude Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako basoetan. Bizkaiko Foru Aldundiak uztailean egindako azterketaren arabera, gaitzak gure lurraldeko 16.000 hektareari egin dio eraso. Eta Bizkaiko Basogintza Elkartetik jakinarazi diguten moduan, gure eskualdean 8.584 hektarea pinu daude eta gaixotasunak 3.151 hektarean dauka eragina; hau da, hektareen % 36,71n. “Pinu guztiek ez dute gaitz-gradu berbera: batzuk siku daude jadanik, baina beste batzuek oraindik ez dute gaitzik. Eta gaixotasunak maila ezberdinetan harrapatu ditu beste batzuk. Zuhaitz batzuk gaitzari aurre egiteko gai izango direla espero dugu”, aipatu du Jabi Gezuraga Uriarte teknikariak. 

Zergatik gaixotu dira pinuak? Keko Alonso biologoaren eta Kolore Guztietako Basoak plataformaren kidearen arabera, basoak paisaia biziak dira, eta bertan espezie askotariko zuhaitzak eta beste animalia mota batzuk bizi dira, ekosistema harmoniatsu batean. Pinudiak, ostera, kanpotik ekarritako zuhaitzak izateaz gainera, monolaborantza-ereduaren emaitza dira eta egurra lortzeko landatu eta moztu egiten dira. Eredu horrek gizakiari etekina ekarri arren, mina egiten dio lurrari.

 

Monolaborantzaren ondorioa

Aipatutako monolaborantza-sistemaren ondorioz, lurra erabat eraldatu da eta gaur egun ez da elikagai ona zuhaitzetarako. Era berean, ura kudeatzeko ahalmen gutxi du. Hori dela-eta, zuhaitzak ez dira behar moduan elikatzen. Bertoko zuhaitzek udazkenero botatzen dituzte hostoak. Onddoek eta bakterioek hostoak deskonposatzen dituzte eta lurreko buztin naturalarekin nahasten dira, humus-buztina sortuz. Harrek humus-buztin hori jaten dute eta digeritu ostean lurpean botatzen dute. Karbonoaz gainera, zuhaitzak materia organiko horren mineralez elikatzen dira. Pinuek, berriz, hiru edo bost urterik behin botatzen dituzte hostoak eta horrek zaildu egiten du lurreko organismoek deskonposizioa egin ahal izatea. Pinuen hostoak lurrean metatu eta ezkoz estaltzen dira, kanpoko klimatik babesteko. Hortaz, pinudiak ez daude behar moduan elikatuta eta hidratatuta, eta ezin diete kanpoko mehatxuei aurre egin. Zuhaitzak moztu eta batzeko erabiltzen den sistema ere ez da lagungarria, makina astunek lurreko begetazioa suntsitzen dutelako.

Hiru dira Euskal Herriko pinuei erasotzen dabilzkien onddoak: Dothistroma septosporum, Lecanosticta acicola eta Dothistroma pini. Baserritarrak eta erakundeak kezkatuta daude, eta Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiekin batera, gaitzari aurre egiteko jarduketa-plan bat ipini du martxan, hiru ardatz nagusi dituena: gaitzari eta horrek baso eremutan eragiten dituen kalteei buruzko ezagutza sortzea; gaitzari aurre egiteko neurriak zehaztea; eta sektorea berreskuratzea. 

Bigarren ardatzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek Espainiako gobernura bideratu dute eskaera bat, oxido kuprosoa erabilita aireko tratamendua egin ahal izateko. Azaldu dutenaren arabera, tratamendu hori eraginkorra izan da beste leku batzuetan, zeinetan antzeko onddoek zuhaitzei erasotzen baitzieten. Gaixotasunarekiko erresistenteak diren landareak ere inportatuko dira, prebentzio neurriak indartuko dira eta halako kasuetan gomendatzen diren basogintzako praktikak bilduko dira gida batean. Bestalde, Foru Laguntzen Planak indartuko dira, larri kaltetutako zuhaitzak mozteko eta basoberritzeko. Izapide administratiboak erraztu eta arinduko dira horretarako, eta tratamenduak egiteko beharrezko azpiegitura tekniko-administratiboa emango da. Lehentasunezko ebaketak egiteko eremuak eta gaitza hedatzea saihesteko ebaketa-eremuak aukeratuko dira, eta ebakitako zura gordetzeko guneak atonduko dira, apurka-apurka saldu ahal izateko. Sektorea berreskuratzeari lotuta, gaixotasunarekiko erresistenteak diren eta, merkataritzaren ikuspuntutik, sektorearentzat interesgarriak diren espeziekin egingo dira saiakuntzak, eta jatorri baimendua duten haziak erabiltzea sustatuko da. Foru mendietan landaketa esperimentalak egiteko proiektuak ere diseinatuko dira.

 

Kudeaketa birbideratzea 

Gaixotasunari aurre egiteko, airetik oxido kuprosoa bota daitekeen albisteak kezka sortu du biztanleen artean. Gezuragak lasai egon behar dugula esan digu, eta zuhurtziaz jokatu. “Europan debekatuta dago airetik fumigatzea, nola eta egoera larria ez den. Lehenengo eta behin ikusi behar dugu airetik fumigatzeko baimenik lortzen den; eta bigarrenez, azkenean oxido kuprosoa edo beste fungizida bat erabiltzen den. Edozelan ere, airetik fumigatzen bada, ez da Euskadin kaltetuta dauden hektarea guztietan egingo; eremu txiki bat hartuko da eta probak egingo dira bertan. Gainera, fungizida airetik botatzen bada, produktua zuhaitz bakoitzaren gainean eroriko da, eta horrek ez du lurra ukituko”. Beste alde batetik, gogora ekarri digu oxido kuprosoa nekazaritza ekologikoan eta mahastizaintzan erabiltzen dela, basogintzan debekatuta dagoen arren.

Alonsoren iritziz, fungizida berezi ga­be arituko da, eta pinuei gaixotasuna eragiten dieten onddoak ez ezik zuhaitzetarako onuragarriak diren onddoak ere hilko ditu, esaterako sustraietan daudenak, landareari beste kalte bat ekarriz. Biologoaren esanetan, ezin da ziurtatu fungizida zuhaitzen hostoetan geldituko dela. “Euria ari badu, berbarako, euri-tantek lurrera botako dute fungizida eta, ondorioz, uretako ekosistemak kaltetuko dira”. Banda marroi/gorria gaitza orain guztion ahotan badago ere, Alonsok aipatu digu duela urte batzuk hasi direla pinudietan arazoak sumatzen, eta pinuak astiroago hezten direla. “Alternatibatzat beste zuhaitz espezie bat hartu baino lehen, atzera begira  hausnarketa egin beharko genuke orain arte eutsi zaion baso-ereduaren gainean. Pentsatu behar dugu gure seme-alabei zein nolako basoak utzi nahi dizkiegun”. Horri lotuta, baso-kudeaketa birbideratzea ezinbesteko jotzen du, baita, monolaborantza sistemaren ordez, dibertsitatean oinarritzen den baso-eredu bat sustatzea ere. 

Lezama Bizirik elkartea iritzi berekoa da eta datozen egunotan proposamen bat egingo diete udaleko osoko bilkura osatzen duten alderdi biei, herriko basoetan ezartzen den baso-politikaren irizpideak berriz aztertu ditzaten. Izan ere, azaldu duten moduan, baso-kudeaketaren haritik Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lezamako Udalak duten hitzarmena datorren urtean berritu behar da. “Ez dugu pozoia erabilita gu fumigatzea nahi.  Gaur egun dugunaren moduko arazoak saihesteko, ordea, baso-politika zuzentzea nahi dugu, eta biodibertsitatea eta bertoko basoa sustatu daitezela”. Era berean, Udalari eskatuko diote Lezamako basoetan oxido kuprosoa erabilita fumigatzeko baimenik ez emateko. Gogorarazi dute, REACH arautegian jaso den moduan, kobre oxidoa uretako organismoentzat toxikoa dela, eta ingurumenerako arrisku handia eta kronikoa dela. Hori airetik fumigatzeak “gure basoetan, ibaietan, animaliengan, lurretan, etxeetan eta pertsonengan edukiko du eragina”, esan dute.  

 

 

 

 

Baso-ereduak

Justin Zarate Etxebarria lezamarra irtenbideen zain dago. Berak eta bere anaiak, Mikelek, 4,5 hektareako basoa dute eta hango pinu guztiak gaixorik daude. “Lurra aitak erosi zion BBK-ri orain dela 30 urte. Hasieran itsas pinua genuen, baina orain dela zazpi urte kendu genituen eta pinu radiata landatu genuen, errentagarritasuna lor­tzeko asmoz. Bada, pinu guztiak hasi dira sikatzen; paradoxikoki, itsas pinuak atera dira horien ondoan eta gaitzak momentuz ez die eragin”. Zarateren lurren alboan beste jabe batzuen pinuak daude, zaharragoak, eta horiengan gaixotasuna ez da hain nabaria. “Gaitzak gogortasun handiagoarekin erasaten die zuhaitz gazteei. Hotzaren ondorioz, gaixotasuna geldituko da neguan, baina, neurririk hartu ezean, izurritea berriro zabalduko da udan. Gure pinuak hilda egongo dira datorren urterako; handiagoak direnak, lau urte barru edo”.

Zarate anaiak aukera batzuk aztertzen dabiltza etorkizunari begira, hala nola pinuaren ordez eukaliptoa landatzea. Baina erabaki bat edo bestea hartu baino lehen, prest daude euren lurretan saiakuntzak egiteko, gaixotasunari aurre egiteko edo, behintzat, arintzeko. “Zeelanda Berrian aspalditik bizi dira gaitzarekin. Ez dute lortu desagerraraztea, baina kontrolatu dute. Bizkaian baso-jabe txikiak gara gehienok eta ez dugu baliabide nahikorik, gure kabuz egiteko; erakundeen laguntza behar dugu”. Anaiek ez dute bizimodua egurra saltzen ateratzen; hala ere, dirua eta esfortzua ipini dute aitak erositako basoan. “Irtenbiderik topatu ezean, pinu guztiak moztu eta berriro hasi beharko dugu. Zaila da basoa saltzen; gaur egun ez du inork nahi”. Bestalde, azpimarratu du beti daudela arriskuen menpe. “Haizea ez bada, sutea izan daiteke, edo izurritea. Iaz eta aurreko urtean, esate baterako, pinuek prozesionaria eduki zuten, gaitza gainditu zuten arren”.

Jose Antonio Lekue larrabetzua­rrak pinus radiata eduki du bere ba­soan orain dela gutxi arte. Baserritarra, ikuspegi ekologikotik, ez zetorren bat monolaborantza-sistemarekin, eta erabaki zuen hori alde batera utzi eta ekosistema naturalean oinarritutako baso-ereduaren alde egitea. Horrela, bada, 2.000 metro karratuan harmonian eta osasuntsu bizi dira bertoko espezieak, elkarrekin: haritzak, lizarrak eta ezkiak, tartean. “Guztiok gaixotzen gara, pertsonak zein zuhaitzak, baina monolaborantza-ereduak –arraseko mozketak, us­tia­keta masiboak…– errazten du gai­xotasunak egotea”.   

Lekueren ustez, natura errespetatzen duten basoak garatzea posible da eta espero du bere gaur egungo baso-eredua etorkizuneko baso osasuntsua bihurtzea. Gainera, kontuz ibiltzen bada eta naturari begirunea badiogu, baso horietatik ere kalitate handiko egurra eskuratu daiteke.