Zerbitzua hiriguneetan emango da. Han, baserri itxura duen 2 x 1,20 x 3,80 metroko edukiontzia jarriko dute, eta ondoan, hori zuzen erabiltzeko informazioa eskaintzen duen panel bat. Herritarrei astebete bat lehenago jakinaraziko zaie garbigune mugikorrak noiz ipiniko diren, hondakinak biltzeko denbora izan dezaten. Edukiontzia astelehenetik ostiralera egongo da udalerri bakoitzean, gehienez astebete.
Garbigune mugikorretan, besteak beste, honako hauek bota ahalko dira: pilak, CDak, DVDak eta kaseteak, etxeko olioa, etxetresna elektriko txikiak (lisaburdinak, irabiagailuak, mikrouhin labeak), aerosolak, kableak, mugikorrak, sukaldeko tresneria (zartaginak, lapikoak...), metalezko eta plastikozko ontzi kutsatuak (pintura eta disolbatzaileak), kontsumigarri informatikoak (tinta-kartutxoak eta toner), kafe-kapsulak (metalezkoak eta plastikozkoak) eta erradiografiak.
Garbiguneen erabilerari eta ematen duten zerbitzuari buruzko informazioa Garbikerren web-orrian dago: www.garbiker.bizkaia.eus. Halaber, posta-kodea erabilita eta geolokalizazio-sistema bati esker, erabiltzaileak ikusi ahalko du zein den etxetik hurbilen duen garbigunea. Ordutegiak eta garbigune bakoitzean batzen diren hondakinak ere kontsultatu ahalko ditu webgunean.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Garbikerrek aurten eta datorren urtean zehar inbertsio plan bat garatuko dute garbiguneetan. Txorierrin, Derion dugu garbigune bakarra. 2017an, 1.000 tona zabor batu zen bertan eta guztira 11.248 lagunek erabili zituzten instalazioak, 37k eguneko. Bizkaian gehien batzen duena Santurtzikoa da –3.400 tona– eta erabiltzaile gehien duena, Getxokoa –27.880 lagun–. Bestetik, gutxien batzen duena Karrantzakoa da, 80 tona eta 1.887 erabiltzaile.