Egin toot Mastodon.eus gizarte sarean

Aikor aldizkaria 2018ko aza. 26a, 10:32

Mastodon.eus gizarte sare librea da, eta euskaldunak batu, eta munduarekin harremanetan jartzea du helburu. Horrela, bada, berezitasun bi ditu: euskarazko instantzia da, eta Interneteko euskal komunitateak berak komunitatearentzat sortutakoa da. 

Mastodonen, elkarrekin konektatuta dauden milaka instantzia daude: batzuk erabilera orokorrekoak dira; beste batzuk, hizkuntz komunitate baten inguruan sortutakoak; eta gai jakin baten inguruan sortutakoak ere badira. Gizarte sareak milioi bi erabiltzaile ditu dagoeneko.

Proiektua sortzeko, hainbat eragilek egin dute lan elkarrekin: PuntuEUS Fundazioa eta Azkue Fundazioa erakundeak, Dinahosting eta iametza enpresak, Talaios kooperatiba, Laborategia 2.0, eta Librezale aktibistak. Horrek euskarazko komunitatearen inguruan dauden, eta sor daitezkeen bestelako instantziekin elkartzea eduki du helburu.

Mastodonek abantaila nabarmenak ditu gizarte sare ezagunekin alderatuta, batez ere euskaldunontzat, hizkuntza komunitate txiki bat osatzen dugulako. Izan ere, software librea da, hau da, sare deszentralizatua da, eta, horregatik, komunitatea bakoitzaren esku daude datuen kudeaketa, pribatutasuna, erabilera-arauak eta hizkuntza. Gainera, datuak ustiatzen ez direnez, ez dago publizitaterik. Sare sozial zentralizatuetan (Twitter, Facebook...), ordea, hizkuntza enpresa horien erabakien araberakoa da, eta atzerapausoak nabarmenak dira: Twitterren interfaze berritik euskara kendu dute, eta Googlek iragarkiak euskaraz jartzea debekatu du.  

Izen-emate erraza

Mastodon kode irekiko sarea da, hots, edonork sortu dezake instantzia bat eta norberaren arauak ezarri. Beraz, instantzia bakoitzak berezko izaera izango du. Izena emateko, Mastodonek beharrezko datuak baino ez ditu eskatzen, e-posta eta izena. Mastodonen erabiltzaileak pertsonak dira, ez produktuak, merkataritza-sarea ez delako. Aplikazioa IOs eta android telefonoetan deskarga daiteke.

Izena eman eta gero, ezarpenen atalean daude kontua pertsonalizatzeko aukerak. Erabiltzaileak ohiko galderak irakurri ahal izango ditu: Zer da mastodon? Zer da federazioa? Zer da instantzia bat?... Azkenean, hobespenetan, hizkuntza atalean, euskara aukeratu ahal da. Handik aurrera, erabiltzailea mezuak edo tootak idazten hasiko da. Horiek askoz jota 500 karaktereko luzera izango dute, eta kronologikoki argitaratuko dira. Erabiltzaile bakoitzak nahi dituen lagunei jarraitzeko aukera dauka.

“Sare sozial globalen parean, software libreko tresna honek aukera berriak ireki dizkigu. Badakigu komunitate bakoitzaren beharrei begira sortutako eztabaida eta elkarrekintza-tresnak ezinbestekoak direla. Gure komunitateak, gure herriak, gure hizkuntzak munduari begiratzeko ikuspuntu propioa izateko espazioak sortu behar dituzte, eta hau bat gehiago da bide horretan”, esan du Talaios Kooperatibako Gorka Juliok. "Mastodon mikroblogintza sare sozial bat da, baina ez da ohikoa. Mastodon ikuspuntu humanoago batetik sortu da, beste sareen akatsetatik ikasita. Mastodonen pertsona zara; ez produktua. Ez dago ordaindutako iragarkirik, eta zure datuekin ez da meatzaritzarik egiten”, gaineratu du Iametza enpresako Asier Iturraldek.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).