Txorierriko idazleak ere, Durangon

Aikor aldizkaria 2018ko abe. 4a, 11:55

“DA! Asko dira” lelopean, Durangoko Azoka egingo da 53. aldiz, abenduaren 5etik 9ra arte. Landako Gunean, 439 nobedade topatuko ditugu aurten. Haien artean, Toti Martinez de Lezea, Gotzon Barandiaran eta Kepa Altonaga txorierritarren azken lanak.

Nerea Mujika Gerediaga elkartearen presidentearen esanetan, aurtengo Azoka askotarikoa izango da, azken hilabeteetan euskal kulturak utzitako uzta oparoaren isla. Horrela, Azoka nobedadez eta ekitaldiz beteta dator. Bertan, 158 argitaletxek, diskoetxek, kultur elkartek, erakundek eta banatzailek hartuko dute parte. “Landako Gunean, 247 stand egongo dira eta horietan 439 nobedade aurkituko ditugu: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko bat eta 23 bestelakoak. Autoekoizleen plaza ere izango dugu bosgarren urtez, eta han 17 autoekoizle egongo dira”, azaldu du Mujikak.

Aniztasuna izango da, hain zuzen ere, aurtengo edizioko egitarauaren ezaugarri nagusietako bat. "Azoka bizitzeko modu asko dago. Izan ere, batzuk sortuz eta besteak hartuz –nahiz kantuak edo poemak; zein nobelak zein ilustrazioak–, sormenez beteko da Durango! Bertan aurkitu, ikusi,entzun, ukitu eta sentituko ditugu azken asteetan aurkeztutako diskoak, liburuak, ikus-entzunezkoak, kontzertuak eta emanaldiak". Txorierritarrek ere beren azken lanak eramango dituzte Azokara. Toti Martinez de Lezea Larrabetzuko idazleak Malkoak lur antzuan eta Nur eta ortzadar-txoria liburuak aurkeztuko ditu bertan; Gotzon Barandiaran idazle larrabetzuarrak, Hitzen ahairea liburua; eta Kepa Altonaga loiuztarrak, Duvoisin kapitainaren malura liburua.  

Sortzaile berriei begira, Azokak ildo berria abiatu du aurten: Durangoko Azokaren Sormen Beka. "Euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara arte garatzen lagunduko du. Beka urtero emango dugu eta edizio honetako gaia literatura da. Irailean itxi zen lanak aurkezteko deialdia eta 28 lan jaso ditugu. Oso pozik gaude deialdiak izan duen harrerarekin eta jasotako lan kopuru eta kalitatearekin. Azokan emango dugu irabazlearen berri, abenduaren 6an. 2019ko Durangoko Azokara arte itxaron beharko dugu sormen bekaren lehenengo emaitzaz gozatzeko".

Aurtengo Azokako aurrekontua 659.912 eurokoa da. Mujikak azpimarratu duenez, kopuru horrekin Azokak egiten duen ekarpena handia da: "Alde batetik, euskal kulturaren transmisio eta zabalkundeari dagokionez, eta, bestetik, alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari egiten diona".

Gerediagako presidenteak Azokara garraio publikoz joateko gonbita egin du. Autoz etorriko direnentzat, doako autobus zerbitzua egongo dela gogoratu du, Landakotik Iurretako peaje inguruko aparkalekuetaraino, 20 minutuko maiztasunarekin.

Azoka inklusiboagoa

Bestetik, Durangoko Azokak eta BBK-k "Kultura, guztion eskura" programa antolatu dute bigarren urtez, Azoka inklusiboagoa lortzeko asmoz. Iaz abiatu zen egitasmo honen helburua gaitasun ezberdinak dituzten azokazaleei kulturaren plaza gerturatzea da, eta, aldi berean, arlo honetan Euskal Herrian lantzen diren kultur esperientziak ezagutaraztea.

Iaz bezala, Landako Gunean BBKren stand berezi bat egongo da, "Kultura, guztion eskura" programaren berri emateko. Erakusleihoa informazio gunearen aurrean egongo da, Landako Gunearen erdigunean. Bertan kontsultatu ahal izango dira euskaraz idatzitako braillezko liburuak eta euskarazko audioliburuak, ONCEren lankidetzari esker. Horrezaz gainera, Gorabide elkarteko kideak boluntariotza lanak egingo dituzte Azokan, eta diagnostikoa ere egingo dute kulturaren plazan topatzen dituzten hutsuneei buruz. Era berean, gaitasun ezberdinak dituzten lagunentzako bisita gidatuak egongo dira. Kultur esperientzia berezien aurkezpena ere egongo da abenduaren 8an, 17:00etan, Areto Nagusian.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).