Txorierritarrak be, hizkuntza ohiturak aldatzen

Aikor aldizkaria 2018ko abe. 18a, 10:35

Txorierrin, 2.492 lagunek –1.636 ahobizi eta 856 belarriprest– hartu dabe parte Euskaraldian. Egitasmoak hizkuntza ohituretan eragitea eduki dau helburu, eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte egin da Euskal Herriko hainbat herritan. Gure eskualdeko arduradunen esanetan, Euskaraldia Txorierri uste dan baino euskaldunagoa dala ikusteko izan da baliagarria.

Ariketa sozial honetan ibili diranek 11 egunean euskeraz berba egitera jolastu dabe. Batzuk ahobiziak izan dira; besteak, belarriprestak. Bakoitzak identifikatzeko txapea eroan dau aldean, nor dan nor jakin ahal izateko. Ahobiziekulertzen daben guztiei egin deutsee  euskeraz, eta ezezagunei be euskeraz esan deutsee lehen berbea. Belarriprestak, bestalde, gitxienez euskerea ulertzen daben kideak izan dira, gainerakoei euskaraz aritzeko gonbidapena egin deutseenak.

“Eragin nabarmena izan dau Txorierriko herritarren artean: euskerearen alde egotetik euskeraz aritzera egin dabe salto”, esan dau Aingeru Landa Euskaraldiaren Txorierriko arduradunak. Azaldu dauen moduan, ariketa sozial honen helburua ez da bakarrik izan hizkuntza ohiturak aldatzea; ohituren inguruko gogoetea eragitea be eduki dau helburu. “Euskaraldia ez da izan aurtengo ekimen bat, amaitutzat emon behar doguna; lan ildoa baino. Urratsak emon doguz gizarte-aldaketea eragiteko, eta orain ahobizi eta belarriprest roletan sakontzen eta horreek zabaltzen jarraitu behar dogu”.

Inertziak astintzeko saiakuntzea izan da Euskaraldia. Horrela, bada, parte-hartzaileengan bultzatutako gogoetaz gain, baliagarria izan da “ahobiziek dabezan zailtasunez ohartzeko, eta belarriprest bakotxak egiten dauen ekarpena bistaratzeko. Ulermenak euskerearen erabilereari ekartzen deutsazan aukerak ariketan ikusi ahal izan dirala azaldu da, eta (euskaldunon) ikusgaitasuna Euskaraldiaren elementu garrantzitsuetako bat izan dala nabarmendu”.

Loiun, 221 lagunek eman dabe izena Euskaraldian: 133 ahobizi eta 78 belarriprest; Sondikan, 566 pertsonak: 309 ahobizi eta 257 belarriprest; Derion, 490 herritarrek: 298 ahobizi eta 192 belarriprest; Zamudion, 387 lagunek: 237 ahobizi eta 150 belarriprest; Lezaman, 319 herritarrek: 243 ahobizi eta 76 belarriprest; eta Larrabetzun, 519 pertsonak: 416 ahobizi eta 103 belarriprest. “Txorierrin, oso kupuru ona lortu dugu eta harro gaude. Gure eskualdean gero eta jende gehiagok ulertzen dau euskerea: 10 lagunetik ia zazpik ulertzen dau, eta 16 urtetik beherako ia guztiek. Hori asko dala jakin behar dogu, eta horretaz be harro sentidu, Txorierri euskalduntzen lan egiten daben alkarteen, udalen eta herritarren ondorioa  da eta”.

 

Erronkea beteta

Halanda be, Landaren berbetan, kopurua ez da izan erronka bakarra. “Euskaraldia Txorierri uste dan baino euskaldunagoa dala adierazoteko izan da baliagarria. Herritarrek euskeraz gehiago egin leikiela jabetu dira, eta askok esan deuskue horri helduko deutsiela. Gure benetako erronkea horixe izan da, eta lortu dogula esan behar dogu harro”.

Txorierritarrek ekimenean eduki daben inplikazinoa be pozik egoteko modukoa da. Herri guztietan batzordeak eratu eta “hamaikakoa” aurkeztu da. Horrezaz gainera, hainbat ekintza antolatu dira Euskaraldia zabaltzeko, hala nola ikuskizunak, kontzertuak eta tailerrak. “Batzordeak eratzeak honeek ekarri dauz: euskaltzaleak identifikatu eta alkarregaz harremanetan jartzea, eta sare bat sortzea. Herri batzuetan, ganera, udal, euskara alkarte eta herritarren arteko hartu-emona bizibarritu da, eta beste herri batzuetan aurrera egiteko gogoa biztu da. Batzordeek egindako lan bikaina zoriontzeko modukoa da; 2.496 izen-emotea lortzea ez da makala izan”.

Euskaraldia beste herri batzuetan aurretik izandako esperientziatik jaio da, “hizkuntza ohiturak aldatzen dirala frogatuta dagoalako.  2019ko udan –inkestak jaso eta irakurri ostean– jakin ahal izango da ekimenak izan dauen eragina, bai iraun dauen 11 egunean, bai hurrengo hilabeteetan”. Izan be, Amets Arzalluz bertsolariaren berbak orri honeetara ekarrita, “Euskaraldiak bere hamabigarren egunean hartuko du zentzua eta indarra”.

Esperientziak

Naiara Gonzalez sondikoztarrak belarriprest txapea eroan dau aldean 11 egunean. Euskeraz aritzeko erronkeari gogoz heldu deutso, lotsa kendu eta herritar batzukaz hizkuntza ohiturak aldatzeko baliagarria zala pentsatzen eban eta. Aitortu deuskun moduan, Euskaraldiak bere inguruan ez dau euki oso eragin handirik. “Gehienok belarriprestak izan gara. Halanda be, euskeraz egin dot euskeraz egin deusten guztiakaz. Ganera, Euskaraldia 11 egunetik baino haratago doa, eta hemendik aurrera be banago euskeraz egiten saiatzeko prest”.

Aitor Santxo larrabetzuarra euskeraz bizi da, etxean, herrian zein lanean; horregatik ez dau alde handirik nabaritu Euskaraldiak iraun dauen 11 egunetan. Bera ahobizia izan da. “Lana dala eta, hainbat herritatik nabil eta txapadunak ikusi dodaz: pozgarria da. Parte-hartzea egon da, baina ez dakit zein puntutara arte izan dan; adibidez, Balmasedan zelango eragina euki dauen. Hori arduradunek esan beharko leukie, edota euskeraz egiteko biderik ez dabenek, ea Euskaraldiak bide hori erraztu deutsen”. Euskal Herrian, 220.000 persona ibili dira ariketa sozialean. “Gitxi ez da, baina oso gauza zabala be ez da. Akabuan, euskaldunon ingurua, zorionerako edo txarrerako, txikia da. Orain apur bat gehiago zabaldu bada, ba, ederto baten. Baina ez dot uste gizarte osora zabaldu dan gauzea izan danik: enterau egin ez diranak be badagoz”. Edozelan be, belarriprest rola euki dabenen ahalegina onartu dau, eta kritika be egin deutse ekimenari babesa adierazo deutsien persona publiko batzuei. “Euskal politikariak Euskaraldian gaztelaniaz egiten ikusi doguz, eta Athleticeko ordezkariak be, hauteskundeak dirala eta ez dirala, gaztelaniaz aritu dira. Era berean, euskerak Teleberrin presentzia handiagoa euki eikean”.

 

Euskaraz gozatu genduan

Euskaraldiagaz batera Euskerearen Eguna ospatu dogu aurten. Hitzordua Sondikan euki dogu; eta bertan, euskaraz ondo pasatzeko hainbat aukera. Zirika Zirkus taldeak, Imanol Ituño magoak eta Kantu Kolore taldeak umeak gozarazo eutsen, eta Zuriñe Hidalgok (Hesian) eta Iker Villak (Revolta Permanent) musika munduan izan daben esperientzia partekatu eben gazteakaz. Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Malen Amenabar eta Ane Labaka bertsolariek Hau ez da kasualitatea bertso saio musikatua eskaini eben, eta arratsaldea Taberna Ibiltariaren eskutik bihurtu zan gau. Lorca eta Lauaxeta olerkarien obran oinarritutako Ele! kontzertuak amaiera ezin hobea emon eutsan Euskerearen Egunaren haritik antolatutako ekitaldiei. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).