Mari Domingi 1994. urtean jaio zan Donostian, genero parekotasuna bultzatzeko. Mari Domingi izena Resurreccion Maria de Azkuek XX. mendean jasotako Gabonetako abesti baten azaldu zan, eta emakumeari hura ipini eutsien. Abesti horretan aitatzen daben emakumeak Belenera joan gura dau, jaio barri dan Umea ikustera, baina, horretarako, gonaz aldatu eta bere burua apaindu behar dauela dinotsie.
Beraz, Olentzero euskal mitologiaren pertsonaia bada, Mari Domingi be bai. Era berean, neguko solstizioaren inguruan egiten ziran antxinako ospakizunei lotuta dago. Gure arbasoek eguzkiaren, ilargiaren eta izarren eragina hartzen eben kontuan, eta naturagaz harmonian bizi ziran. Halan, errituak egiten ebezan eguzki zaharrari –egun laburrak– agur esateko eta eguzki barriari –egun luzeak– ongietorria emoteko. Mari Domingik emakumetasuna eta neguaren eta urte barriaren etorrera irudikatzen dauz.
Mari Domingi artzaina da eta lurra landu be egiten dau. Oso ondo ezagutzen dauz eguzkiaren ibitaldia eta ilargiaren faseak, eta osabedarrak zeintzuk diran be badaki. Mendian bizi da eta bere etxea Olentzerorenetik oso gertu dago. Aspaldiko lagunak dira, eta beti emoten deutso laguntzinoa alkarri. Antxina, neguko solstizioan, ikatza banatzen eben etxez etxe, herritarrek negu gorriari aurre egin ahal leikioen. Gaur egun, garai berean, menditik jaisten dira Euskal Herriko umeei opariak ekartzeko.
Azkuek jasotako abestia:
Horra Mari Domingi
begira horri
gurekin nahi duela
Belena etorri.
Gurekin nahi badezu
Belena etorri
atera beharko dezu
gona zahar hori.
Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz goazen ta gurtu dezagun
Belenen jaio den Haurtxo eder hori,
Haurtxo eder hori.
Irrintzi eta poza,
algararekin
hori behar dinagu
guk elkarrekin.
Pozez adora (de)zagun
Jesus haur ona
berak ekar d(i)ezagun
gaur zoriona.
Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz, hatoz, zure bila nenbilen ni!
Hatoz goazen ta gurtu dezagun
Belenen jaio den Haurtxo eder hori
Haurtxo eder hori.