Genoman dago koska

Aikor aldizkaria 2019ko urt. 14a, 11:19

Honezkero entzungo zenuten Txinan, CRISPR/Cas91 erabilita, genetikoki eraldatutako haur bi jaio direla2. Artikulu hau idatzi orduko hori egiaztatu barik egon arren, teknologia horien etikaren inguruko eztabaidak piztu dira berriz, kasu konkretu hau benetakoa izan zein ez, jada horrelakoak (eta gehiago) egiteko gai baikara.

Hamaika ikusteko jaioak garenez, ezin dugu beste alde batera begiratu, eta Zientzia eta Teknologian dabiltzan emakumezkoek eta gizonezkoek ere ezin gaituzte alboratu. Denon erantzukizuna da. Eta horregatik nator berriro ere gai hauetan sakondu eta izpiritu kritikoa errebindikatzera.

Agertu diren kezketako batzuk orain dela urte eta erdi idatzitako artikulu batean1 azaldu genituen: edizio genetiko “merkea” eta “erraza”. Eztabaida jendaurrera agertzea denbora-kontua zen.

Esan dutenaren arabera, ahizpa jaioberrien genoma aldatu dute, HIESaz eta beste gaixotasun biriko batzuez kutsatu ez daitezen. Geneetan gure proteina guztien inguruko informazioa dago, eta birus horiek globulu zurien azalean dagoen gene konkretu batera lotzen dira, euren material genetikoa horren barrura sartzeko, ugaltzeko eta globulu zuria hiltzeko. Ahizpa txinatarrei proteinaren informazioa duen genea kendu diete, birusak zelula barruan sartu ahal ez izateko. Are gehiago, zelula guztien genoma aldatuta dagoenez, aldaketa genetikoa haiek ez ezik beren ondorengoek ere edukiko lukete, eta horrek, noski, eztabaida etikoa sortu du. Helburua gaixotasun genetikoak osatzea denean, gehienok horren alde egingo dugu ziur aski. Baina horretara bakarrik mugatuko ote gara? Birika eraginkorragoak egingo ditugu? Bihotz eraginkorragoak? Burmuin eraginkorragoak? Gogoan izan Gattaka pelikula1. Eta, aldi beran, ganoraz jokatuz gero, zergatik ez?

 

Zalantzak

Bestalde, etorkizun oparoa duten arren, CRISPR hainbat teknika ikerketa-fasean daude oraindik, eta azaro batzuk antzeman dira, esate baterako, zorroztasuna. Txinako ahizpei dagokienez, ziur gaude gene konkretu batzuk bakarrik kendu dituztela? Beste gene batzuk ere ukituko zituzten? Horrela balitz, ez dakigu ondorioak zeintzuk izan liratekeen; txarrak, ia seguru. Ahizpei jarraipena egingo dietela esan dute. Zer? Prest gaude jaio berriak akuritzat erabil ditzatela onartzeko?

Zientzia eta Teknologiak ezinbesteko tresnak dira gizartearen aurrerapenerako, eta artikulu honetan azaldutako ikerketa bat egiten denean gutxi daukagu irabazteko eta asko galtzeko. Etika kontuan hartzen ez duten ikerketek edo garapenek emaitza ez ezik egiteko modua ere ipintzen dute zalantzan. CRISPR tresna eraginkorra izango da hainbat gaixotasun osatu edo ekiditeko, izurriak kontrolatzeko edo txerto eraginkorragoak lortzeko. Baina betiere, eta kasu gehienetan gertatzen den moduan, maila etikoari eusten badiogu.

 

CRISPR tresna eraginkorra izango da, baina betiere maila etikoari eusten badiogu

 

  1. CRISPR, wikipedia, https://eu.wikipedia.org/wiki/CRISPR
  2. Genetikoki eraldatutako bi haur jaio direla zabaldu dute Txinan, Jokin Sagarzazu, 2018-11-27, berria.eus https://goo.gl/PnTyPN
  3. CRISPR, bioteknologia edonoren eskura, Xabier Díaz Silvestre,2017-05-23, aikor, https://goo.gl/B5qMsk

https://eu.wikipedia.org/wiki/Gattaca

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).