L3 Txorierri Plataformak espero du eskualdea metro-sarean lehenbailehen integratzea

Aikor aldizkaria 2019ko urt. 17a, 10:42

Bizkaiko Batzar Nagusiek EH Bilduren arauz besteko proposamena onartu, eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatuko diote Txorierri L3 linean integratzea bultza dezala. L3 Txorierri Plataformak pozik hartu du albistea, eta EH Bilduri eta proposamena onartu duten alderdi politikoei –EAJ, PSE eta Ahal Dugu– eskerrak emateaz gainera, gizarte-mugimenduaren garrantzia azpimarratu dute. 

“Eskerrak eta zorionak txorierritarrei ere bai, alderdi politikoak mugitu badira, hori herritarron presioaren eraginez izan da eta”. Plataformako kideek espero dute L3 linean integratzea benetakoa izatea, eta lehenbailehen egin dezatela, “teknikoki, eskumenen aldetik, urrats egitea Garraio Partzuergoari dagokiolako”.

Metroaren L3 linea martxan jarri zenetik, eta Txorierri linea horretan integratuko zela agindu bazen ere, txorierritarrok beste bidaia bat ordaindu behar dugu garraio-aldaketa egiten badugu, hau da, trenetik atera eta metroa hartzeagatik. Kukullaga-Matiko zatia erabiltzen dutenek, berriz, ez. L3 Txorierri Plataforma diskriminazio horrekin amaitzeko sortu zen 2017an.  EH Bilduren ustez ere, egoera guztiz diskriminatzailea da, eta neurriak hartu beharko lirateke egoerari konponbidea emateko. “Argi dago oztopo eta aitzaki teknologikorik ez dagoela. Borondate politikoa behar da”.

Zerbitzu berria

Bestetik, bihartik aurrera, Euskotrenek Kukullaga/Etxebarriren eta Lezamaren arteko tren-zerbitzu berri bat eskainiko du barikuetan eta jaiegun bezperetan. Trena 22:59an irtengo da Kukullaga/Etxebarritik eta Lezamara 23:37an iritsiko da. L3 Txorierri Plataformak gogora ekarri duen moduan, hori Euskotrenek tunel berria egiteko obrak hasi arte eman zuen zerbitzua da. “Urrats bat da erabiltzaileon eskubideak berreskuratu aldera. Bide onetik goaz, baina aurrera jarraitu behar dugu, Txorierrin oraindik hobetzeko zenbait gai daude eta; esaterako, Sondikaren eta Lutxanaren arteko tren-lotura indartzea. Astelehenetik barikura, egunero 14.000 pertsona inguru datoz Txorierrira lan egitera, eta horrek auto-ilara handiak sortzen ditu Korridorean. Ea arazo horri ere ekiten dioten”.