Bihar amaituko da Euskararen Ginkanan izena emateko epea

Aikor aldizkaria 2019ko urt. 29a, 14:49

Euskararen Ginkana Kutxa Ekoguneak bultzatu du Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean. Egitasmoak, hizkuntza-praktika ekologikoak abiapuntutzat hartuta, euskara sustatzea du helburu.  

Euskararen Ginkana seigarren aldiz antolatu da aurten, eta aurreko edizioetan Euskal Herriko 80 taldek baino gehiagok hartu dute parte. Talde horiek euskarari, kulturari eta aisialdiari lotuta egon dira.

“Munduko bioaniztasuna babesteko, ekintzaile ekologisten lana eta ekintzak ezagunak ditugun arren, munduko hizkuntza-aniztasunak ere babesa behar duela ez dugu horren barneratuta. Hizkuntzen aldeko ekintzaileak behar ditugu, hizkuntza-ekologistak”, esan dute antolatzaileek. Era berean, aipatu dute azken hilabeteotan Euskaraldiaren bidez egon den aktibazioari jarraipena eman nahi diotela. “Erabilaren inguruan hausnartu, konpromisoak hartu eta ekintzara pasatu dira milaka euskaltzale. Ekintzailetza horri heldu nahi dio aurtengo Euskararen Ginkanak, egindako lanak jarraipena izan dezan”.

Ginkanak fase bi edukiko ditu. Lehenengo faseak bost asteko iraupena izango du, eta parte-hartzaileek www.euskararenginkana.eus webgunean astero argitaratuko diren probak gainditu beharko dituzte. Bigarren fasea finala izango da, eta martxoaren 9an egingo da Kutxa Kultur aretoan. Bertan, lehen fasean puntu gehien lortu duten taldeak arituko dira. Irabazleak 3.000 euro jasoko ditu saritzat.

Parte-hartzea taldekakoa izango da, eta taldeek euskarazko proiekturen bat egiten edo babesten duen elkarte edo eragile bat ordezkatu beharko dute. Taldeak 16 urtetik gorako 4-6 lagunek osatuko dituzte. Lehiaketan, edozein talde motak har dezake parte: egitura formalik gabeko lagun-kuadrilla edo guraso zein ikasle-taldea, euskalgintzako eta kulturgintzako elkarteak, enpresak, talde feministak, giza erakundeak, ekologistak… Dagoeneko izena eman duten taldeak webgunean ikus daitezke.

Izena ematea bihar arte, urtarrilak 30, egongo da zabalik, eta webguneko formularioa betetzeaz gainera, talde bakoitzak bere burua eta babestu nahi duen euskararen aldeko egitasmoa aurkeztu beharko ditu bideo labur batean. Aurkezten diren proiektu edo egitasmoak askotarikoak izan daitezke, aurrez martxan daudenak edo aurrerantzean sustatu nahi direnak. Guztiak baina, euskararen aldeko ekarpena suposatu beharko dute, arloa edozein izanik ere: hezkuntza, aisialdia, kulturgintza, helduen euskalduntzea, erabilera sustatzeko egitasmoak...   

Informazio gehiago: www.euskararenginkana..eus eta  euskararenginkana@ekogunea.eus.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).