Mankomunitateak 8 milioi euroko aurrekontua du 2019rako

BABESTUTAKO EDUKIA 2019ko mar. 13a, 08:54

Sentsibilizazio-kanpainak egingo dira, eta hondakinen banaketa hobetzeko neurriak ezarriko dira. Autokonpostajearen alde egiten jarraituko da, eta edukiontzi marroiaren proiektua indartuko da. Era berean, Mankomunitateko egoitza handitzeko proiektua jaso da aurrekontuan, gizarte-zerbitzuen zorro berria ezartzeko eta prestatzaile berriei erantzuna eman ahal izateko.  

Azaldu dutenez, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak 8.089.449 euroko aurrekontua izango du 2019an, aurreko urtean baino % 1 gehiago. Hauek dira kontuen ardatz nagusiak: enplegua sustatzea, gizarte-zerbitzuen zorro berria garatzea, euskararen erabilera bultzatzea – 2019-2022 Barne Erabilera Plan berriaren bidez– eta jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa murriztea –Mugi Txorierri orientazio-zerbitzuaren bitartez–. Horrez gain, hondakinen prebentzio eta banaketaren sustapena indartuko da, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainen bidez eta neurri berriak ezarriz.

Horren harira, 2018an Mankomunitateak hiri-hondakinak biltzeko zerbitzuaren egungo egoeraren diagnostikoa egin zuen, eta industrialdeetako edukiontzien datu-basea eguneratu du. Hori guztia eta banakako ibilbide eta pisatzeen datuak oinarri hartuta, neurriak hartuko dira hondakinen banaketa hobetzeko, eta hiri-hondakin solidoak (HHS) biltzeko zerbitzuaren lizitaziorako agiria egiten hasiko da. Bilketa eta garraiora 1.272.693,96 euro bideratuko dira; eta tratamendura, 891.592,80 euro.

Gainera, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak egingo dira, gaikako bilketaren onurak azpimarratzeko, hondakinen sorrera murrizteko eta ekonomia zirkularra ezagutarazteko. Azkenik, edukiontzi marroiaren (hondakin organikoak) proiektua indartuko da. Proiektu hori Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen du osorik, eta, besteak beste, poltsak banatuko dira saltokietan eta aholkularitza emango da.

 

Gizarte-zerbitzuak

Gizarte-zerbitzuen zorro berria finkatzeaz gain – 2017ko urtarrilaren 1ean ezarri zen eta haren bidez zehaztu da gizartearen arloko esku-hartzea 18 urtetik gorako herritarrei ere zuzentzen zaiela-, 12.000 euroko partida esleitu dute, oraindik atontzeke dagoen Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko egoitzaren zatia prestatzeko obra-proiektua idazteko. Helburua da zerbitzuen areagotzeari erantzuna eman ahal izatea eta langileak gehitzea gaikuntza nazionaleko lanpostu berrietara.

Gainera, 2018an bikoiztutako arreta psikologikoko zerbitzua (SEDIM) mantenduko da, eta zenbait gizarte-zerbitzu gehiago ematea aztertzen ari da. Horrek ekar dezake gizarte-hezitzaileen lana areagotzea. Bestetik, zerbitzu horien erabiltzaileen ordainketa partekatua arautzeko derrigorrezko araudia (ordenantzak) garatzea aurreikusten da.

 

Osasuna eta enplegua sustatzea

Mankomunitateak, halaber, jarduera fisikoa sustatzen eta herritarren artean sedentarismoa murrizten jarraituko du. Ildo horretan, 10.000 euroko partida bat bideratuko du jarduera fisikoko orientazio-zerbitzu berria ezartzera: Mugi Txorierri. Zerbitzu hori hainbat eragile komunitariok eta udaletako teknikariek diseinatu dute, Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko eta Osakidetzako langileekin elkarlanean.

Horrez gain, Adikzioei buruzko eta Osasuna Sustatzeko Plan berria (2019-2023) martxan jarriko da; kasu honetan, arreta berezia eskainiko zaie prebentzioari, balioetan hezteari, prestakuntzari eta orientazioari.

 

Enplegua sustatzen ere jarraituko da, “zeharkakoagoa eta orokorragoa den ikuspegi batetik”, eta bereziki gazteen prestakuntza eta enplegua bultzatuko dira. Horretarako, 59.225 euro bideratuko dira Txorierriko Enplegu eta Gazteria Plana garatzeko. Horren baitan, 3. Enplegu Azoka, gazte langabeentzako nazioartekotze bekak, gaitasun-tailerrak eta Ezagutu Aukeratzeko programa egingo dira, besteak beste.

Euskararen erabilera eta ikasketa sustatzeari dagokionez, arreta berezia jarriko da Euskaraldian, Korrikan eta gara litezkeen xede bereko kanpainetan, eta 2019-2022 Barne Erabilera Plan berria egingo da.

Bestalde, langileen gastuak areagotzea aurreikusten da, horien ordainsariak % 2,5 areagotuko baitira, 2019 ekitaldirako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ezartzen duenari jarraituz. Gainera, 2019an langileak kontratatzeko kreditua esleitu da, idazkari, kontu-hartzaile eta diruzain lanpostuetarako.

 

Behargintza Txorierri

Txorierriko Mankomunitateak «arreta berezia ipini» nahi du enpleguaren sustapenean, «Txorierriko herritarrentzat lehentasun nagusia» baita, eta, horretarako, «kalitatezko eta lehen mailako enplegu-zerbitzu baten» aldeko apustua egingo du. Hori dela eta, % 13,33 handituko du Behargintza Txorierriri egiten dion (EGAZ) ekarpena, 254.500 eurora arte, eta zerbitzuaren aurrekontuaren % 32,57 finantzatuko du (guztira 781.504,25 euroko). Aurreko ekitaldian onetsitako irizpideari eutsiz, Behargintzari egiten zaion ekarpenaren % 75 udalek finantzatuko dute, udalerri bakoitzaren biztanle-kopuruaren arabera, eta beste % 25a udalerri bakoitzean dagoen enpresa-kopuruaren arabera finantzatuko da.

Horrela, enplegu arloko herritarren beharrak artatzen eta Txorierriko enpresak babesten jarraitzeaz gain, 2019an EGAZ Behargintzaren zerbitzuak udalerri eta herritarrei hurbiltzeko lana egingo da. Izan ere, EGAZen rola azpimarratuko da enplegu, enpresentzako arreta eta ekonomiaren sustapenaren arloetan udal-zerbitzuen hornitzaile gisa. Eta horretarako, emandako zerbitzuak ikusgai egingo dira, udal bakoitzaren berezko zerbitzu gisa, beren komunikazio-bitarteko nagusietan (web ataria, liburuxkak, eta abar).

 

Udal euskaltegia

2019ko aurrekontua 623.752,55 eurokoa da; aurreko ekitaldian baino % 4,36 gutxiago.

Udal bakoitzak bere ekarpena egiten du ikasle kopuruaren arabera. Ikasturte honetan 202 ikasle matrikulatu dira, eta udalek 363.867,15 euro (zenbateko osoaren % 58,34) jarriko dute. Aurrekontuaren gainerakoa HABEren diru-laguntzetatik eta ikasleek ordaindutako matrikulen eta eskolen zenbatekoetatik dator.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).