Ametsak dituzten begiradak

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 20a, 14:29

Cruce De Miradas musika taldeak Sueños locos lana kaleratu berri du. Hori euren lehendabiziko diskoa da, eta apirilaren 5ean aurkeztuko dute Derion. Pop-rock estiloko albuma da, kanta bihurtutako benetako istorioz beteta dagoena.

Cruce De Miradas Bilboko taldea da, baina taldekideetako bi txorierritarrak dira: Ruben Rodriguez derioztarra (baxu-jotzailea) eta Alain Baskoetxea sondikoztarra (bateria-jotzailea eta koruak). Gainerako taldekideak hauek dira: Patricia Rodriguez (abeslaria), Alain Martin (gitarra-jotzailea eta konpositorea) eta Eneko Zabala (gitarra-jotzailea).

Alain Martinek eta Ruben Rodriguezek eman digute Sueños locos lanaren berri. “Hamar kantak osatutako diskoa da: horietako bat Patriciak konposatu du; eta gainerakoak, Alainek. Abesti gehienak benetako istorioetan daude oinarrituta; maitasunari eta desamodioari buruzkoak dira. Era berean, teknologia berriekiko dependentziaz mintzo den kanta bat dago; eta beste bat, genero-indarkeriari buruz”. Pop-rocka jorratzen dute, eta diskoan baladak zein abesti biziagoak grabatu dituzte. Lagun batzuek ere beren ekarpena egin dute. “Ronaldo Godoi biolin-jotzaileak kolaborazioa egin du La despedida eta Días oscuros abestietan; Imanol de la Sota gitarra-jotzaileak moldaketa batzuk egin ditu Desperté abestirako; eta Aitor Imaz gitarra-jotzaileak, Cruce de miradas kantarako”.

Taldea autoekoizpenaz baliatu da diskoa kaleratu ahal izateko. “Izan ere, talde ospetsua ez bazara, ez dago beste erarik. Kontzertuetan ateratako dirua erabili dugu diskoa grabatzeko. Bestalde, grabazio-estudioa topatu behar izan dugu, lana non masterizatu, CDaren kopiak non egin, argazkiak, CDarekin batera datorren libretoa nola maketatu… Eta hasiberriak garenez, bada, eginean-eginean ikasi behar izan dugu. Zorionerako edo zoritxarrerako, geuk erabaki dugu dena”.

CDak 10 euro balio du eta salgai ipini dute Sugoi tabernan (Derio) eta Cris Bar tabernan (Sondika). Gainera, plataforma digital nagusietan ere eskura daiteke, hala nola Spotify-n, iTunes-en eta Google Play-n. Diskoa Mytho aretoan, Bilbon, aurkeztu zuten martxoaren 1ean, eta hurrengo egunean Berangoko Festisonic jaialdian hartu zuten parte. Apirilaren 5ean ongintzazko kontzertua eskainiko dute Derioko Gurea Aretoan, 20:30ean. Sarrerak hiru euro balioko du eta batzen den dirua Gure Señeak elkarteari emango diote.

Martin orain dela bost urte hasi zen Cruce De Miradas musika-proiektuarekin. Taldetik hainbat musikari pasatu dira, eta oraingo taldea duela urte bat osatu zen. “Kantak aurretik konposatuta egon dira; beraz, horiek apur bat orraztu genituen eta grabazio-estudiora sartu ginen. Erraza izan da elkarrekin lan egitea”. Askotariko musika entzuten dute, popetik heavyra, eta bakoitzak bere ukitua ematen dio taldeari. “Abesti batzuk oso «poperoak» dira; eta beste batzuk, «kañeroagoak»”.

 

Diru-jarioa

Kontzertu akustikoak eman dituzte tabernetan, eta orain urte bi Derioko jaietan jo zuten. Palentzian ere eskaini dute kontzertua. “Oso gustura gaude publikoaren aurrean. Orain, ahaleginak egin behar ditugu diskoa han eta hemen entzun dadin”. Hala ere, badirudi musikariek aukera gutxiago edukiko dutela euren musika ezagutzera emateko, zeren Eusko Jaurlaritzak ikuskizun publikoak arautzen dituen araudi berria onartu du, eta horretan ezarri da taberna batek urtean gehienez 12 kontzertu antolatu ditzakeela; eta hilean, asko jota kontzertu bi. “Oztopo handia da ezagunak ez garen taldeentzat. Ematen du ahazten zaigula talde handiak tabernetan jotzen hasi zirela. Gaur egun, kontzertuak antolatzen dituzten taberna gutxi daude, eta neurri horrek zailago egiten du jo ahal izatea; are gehiago, herrietan eta auzoetan zuzeneko musikarik ez egotea ekarriko du. Ezin da ulertu kulturaren kontrako eraso hau, baina ez da berria: orain dela urte batzuk debekatu zen adingabeak kontzertuetara sartzea, edo kalean, metroan… jo ahal izatea. Ulertzen dugu kontzertuen ordutegia modu egokian arautu behar dela, tabernek intsonorizatuta egon behar dutela…, baina ez dugu ulertzen zergatik kontzertu-kopurua hainbeste mugatu behar den. Ematen diguten irtenbide bakarra kontzertu-aretoak alokatzea da. Musika amateurra diru-jario galanta da; pentsa ezazue, gainera, jotzeagatik ordaindu behar bada!”.

Musikarien bizitza ez da erraza, beren esanetan. “Hobbya da eta badakigu dirua galduko duguna: instrumentuak, entsegu-lokala, bidaiak… Baina ahaleginduko gara geure lekua topatzen. Musika talde asko dauden arren, saiatu behar da, inoiz ez delako jakiten aukera non egon daitekeen”. Musikatik bizi ahal izatea edozein musikariren ametsa da, eta Sueños locos Cruce De Miradas taldearen lehendabiziko lana da. Ametsak egia bihurtzen dira batzuetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).