Aurreikuspenaren arabera, Korrika Usansolotik sartuko da Larrabetzura apirilaren 10ean, 13:40ak aldean. Lezamatik, Zamudiotik, Deriotik, Larrondotik eta Sondikatik pasatu ondoren, Erandiogoikora abiatuko da, eta handik Uribe Kostara. Leioa inguruan dagoala Goierrira sartuko da eta, Txorierritik urten ostean, kostalderantz joango da. Txorierritarrok hurrengo egunean be, apirilaren 11n, hartuko dogu euskerearen lekukoa. Izan be, Korrika ostera be sartuko da bailarara: 16:25ak aldean Lutxana Erandiotik abiatuko da Erandiogoikora, handik Loiura, eta gero Uribe Butroerantz egingo dau.
Txorierritarrok, beraz, hiru aldiz egingo deutsagu klik Korrikari. Ganera, aitatu beharra dago hainbat urteren ostean euskerearen aldeko lasterketea aurten Loiuko herrigunetik pasatuko dala. “Larrondo auzotik igaro arren, badira urteak Loiuko herrigunetik pasatzen ez dala. Herritarrek eskatu eben ea handik be igaro leitekean, eta ibilbidea antolatu danean ikusi da ahal dala”, azaldu deusku Olga Loroño Etxeandia Txepetxa AEKren arduradunak. Ibilbide berezi horrek aurreko egunetan zein Korrikaren egunean bertan lan handiagoa ekarriko deutse Txorierriko arduradunei, baina pozik hartu dabe erabagia “Korrika Txorierriko herri guztietatik pasatuko dalako”.
Loroñoren esanetan, gero eta txorierritar gehiago batzen dira Korrikaren inguruan – batzuk egun librea be eskatzen dabe lanean– eta aurten be horrela izatea itxaroten dabe. “Halanda be, ordua dala eta, badakigu jente asko lanean egongo dala. Bestetik, eskoletako umeek Korrika handian be parte hartzeko aukerea izango dabe”. Txepetxa AEKren arduradunak gogora ekarri deuskun moduan, Korrikak helburu bikotxa dauka: alde batetik, euskerearen aldeko kontzientzia suspertzea eta harrotasuna be erakustea; eta bestetik, AEKko euskaltegien egunerako lana indartzeko dirua biltzea, oraindino ez baitabe baliabide nahikorik. Materiala eta petoak euskaltegian dagoz eskuragarri.
Euskerearen lekukoa
Korrika 21. aldiz egingo da aurten, eta, ohi moduan, aurreko lasterketea amaitu zan herrialde berean hasiko da: Nafarroan, Gares herrian. Mezu sekretua daroan lekukoa bertatik urtengo da apirilaren 4an, 17:00etan, eta egun bi beranduago Iruñera ailegatuko da. Apirilaren 7an, Donibane-Garazitik, Mauletik eta Baionatik pasatuko da, eta, Gipuzkoan sartu-urtena egin ondoren, Lapurdira eta Nafarroara sartuko da barriro. Apirilaren 9an, Nafarroa eta Araba artean sigi-saga ibili eta Bizkaira ailegatuko da hurrengo egunean. Bilbora apirilaren 11n sartuko da, eta bideari kostaldetik jarraituko deutso, Gipuzkoara barriro sartzeko. Hegoaldetik Bizkaira abiatuko da (Otxandio), eta handik barriz be sartuko da Gipuzkoara, Gasteizerako bidea hartzeko. Mezuaren irakurketea eta jai handiaren hasierea 12:30erako aurreikusita dagoz Andra Maria Zuriaren plazan. Ibilbidea herrika eta eskualdeka dago ikusgai www.korrika.eus webgunean.
Aurten, “Klika” aukeratu dabe Korrikaren lelotzat, “klika egitea aukera bat hartzea baita, euskarearen aukerea hartzea”. Bestalde, AEK-k eta Topaguneak Korrikan be ahobizi eta belarriprest izateko deia egin dabe. “Klika eta inertziak apurtzea eskutik doazen ekintzak dira”, esan dau Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak.
Korrika kulturala
Martxoak 25, astelehena
Derio
19:00 Bertsokorrika, Kultur Birikan: Jone Larrinaga, Aitor Arrizubieta "Toko", Ortzi Garitano eta Etxahun Lekue.
Martxoak 29, barikua
Sondika eta Larrabetzu
Kuestazioa – Arropea eta petoak salgai.
Martxoak 31, domeka
Lezama
Kuestazioa – Arropea eta petoak salgai.
Larrabetzu
17:00 Satorjator ikuskizuna, Ene Kantak-en eskutik. Txinpasmendi gurasoen alkarteak antolatua.
Apirilak 5, barikua
Lezama
17:30 Umeen jolasak.
19:00 Zorrikorrika.
20:00 Txokolatea eta bokatak.
Derio
19:30 Poteoa Orkresta Elektrotunagaz batera.
21:30 Herri afaria.
Apirilak 6, zapatua
Zamudio
11:30 Kuestazinoa – Arropea eta petoak erosteko aukerea.
Umeentzako tailerrak.
Mixerabliak musika taldea.
Txitxi-burruntzia.
Sondika
Korrika bazkaria, Ola jatetxean.
Apirilak 10, eguaztena
Sondika
Korrika pasatu ostean, txokolatadea.
17:00 Ume eta gurasoentzako dj festa, Ikurrina plazan.
Derio
Eguerdian, Xaibor eskolan.
Apirilak 11, eguena
Loiu
10:15 Ikastetxeen arteko Korrika txikia.
Erandiogoikoa
Korrika pasa ostean, Flashmob-a eta txokolatadea.
Apirilak 12, barikua
Zamudio
21:00 Bertso-afaria Baserri Antzokian: Igor Elortza, Etxahun Lekue eta Oihana Bartra. Gai-jartzailea: Iratxe Ibarra. Lagatzu euskera alkarteak antolatua.
Apirilak 14, domeka
Txorierri
Korrikaren bukaera-festa, Gasteizen. Txepetxa euskaltegiak autobusa antolatuko dau.