Egia esateko, nire lagunari ez zitzaion ezertarako balio izan: alde batetik, botoiak txikiegiak ziren kalkuluak era errazean eta azkarrean egin ahal izateko; eta bestetik, matematikako buruketak egiteko, matematika ulertzea da garrantzitsuena eta dibertigarriena, eta ez, hainbeste kalkulu “hutsa”.
Bateriak, txipak eta sentsoreak txikiagotu ahala, apurka-apurka joan dira funtzio gehiago dituzten erlojuak eta eskumuturrekoak agertzen. Soinean eramateko lehenengo pultsometroak 1977koak diren arren, ez da hainbeste denbora horiek erloju adimentsuetara zabaldu direla, eta oraintsu hasi dira bularretara lotzen diren zintak bezain eraginkorrak izaten. Hasieran, kirolariek erabiltzeko pentsatuta bazeuden ere, gero eta erloju eta eskumutur gehiago diseinatzen dira osasunari begira: telefonora konektatuta daudela, zenbat eta zelan jaten duzun jasotzen dute, lo ondo egiten duzun, bizimodu sedentarioa edo aktiboa duzun… Odol-presioa neurtzen dutenak ere kaleratzen hasi dira.
2014an, Googlek glukosa neurtzeko gai diren lentillak atera zituen diabetesa dutenentzat. Lentila horiek transmisore txiki bat zuten. Transmisoreak malkoen glukosa neurtu, eta informazioa sakelako telefonora bidaltzen zuen. Proiektua orain dela gutxi gelditu da bertan behera, baina arrazoia ez da teknologikoa izan: arrazoia izan da malkoetan eta odoean dagoen glukosaren arteko korrelazioa txikia dela.
Ordua eman?
Gure izerdia batez ere urez osatuta dago, eta bere zeregin nagusia gure tenperaturak behera egitea da. Urarekin batera gatz mineralak, azido laktikoa, glukosa eta beste hainbat molekula botatzen ditugu, eta Wei Gao ikertzaileak eta bere lantaldeak hori guztia informazio-iturritzat erabili nahi dute. Diseinatu duten eskumuturrekoak hainbat biodentsore ditu, eta glukosa, laktatoa, sodio- eta potasio-ioiak eta azalaren tenperatura neurtzeko gai da. Informazioa denbora errealean bidaltzen du telefonora, gorde egiten du, eta arriskua dagoenean ohartarazten du. Egin duten prototipoa diabetesa dutenen lagunengan probatzen hasi dira; baita kirolariengan ere, deshidratazioa monitorizatzeko. Bitartean, beste biosentsore batzuk garatzen dabiltza. Esan bezala, izerdia botatzen dugunean, beste hainbat molekula ere botatzen ditugu: metal astunak, hormonak eta zenbait drogaren metabolitoak ere, tartean; beraz, aplikazio-esparrua zabala da: osasunaren monitorizazioa, gaixotasunen detekzio goiztiarra, medikamentuen monitorizazioa, pozoia edo dopina antzematea…
Ez dakidana da eskumutur eta erloju adimentsu horiek ordua ematen jarraituko ote duten.