2019-2028: familia-nekazaritzaren hamarkada

a: Munduko Landagunea 2019ko api. 25a, 10:16

Munduan bi mila milioi nekazari daude, eta 580 milioi nekazaritzako ustiategi. Horietatik 500 milioi familia-nekazaritzako ustiategiak dira. Familia-nekazaritzak lehenengo sektorearen lanpostuen % 40 sortzen du eta munduko elikagaien % 80 ekoizten du. Hala ere, horretan dabiltzan lagunak munduko txiroenak dira. Familia-nekazaritzaren Nazioarteko Konferentziak sektorearen arazoak eta jarraitu beharreko lan-ildoak izan ditu hizpide.

Konferentziak seigarren aldiz egin zen Derioko Seminarioan, martxoan, Munduko Landaguneak antolatuta. Bertan 65 herrialdetako 250 lagun baino gehiago batu ziren. “Familia-nekazaritza Euskadin ezagutzen duguna da: ustiategia edo baserria familia batek kudeatzen du, nahiz eta soldatakoren bat izan dezakeen. Hala ere, kontuan hartu behar da nekazarien egoera ez dela berdina bertan, Afrikan edo Asian”, azaldu digu Martin Uriarte Zugazabeitia Munduko Landagunearen presidenteak. Uriarte LORRA kooperatibaren zuzendari-kudeatzailea ere bada, eta Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioaren presidenteordea.

Munduko Landagunea 1998ko azaroan sortu zen, Gasteizen egindako Merkataritza eta Nekazaritza Garapenaren Nazioarteko Biltzarraren haritik. Munduko Landaguneak bost kontinenteetako 45 erakunde eta 40 milioi nekazari batzen ditu. Besteak beste, nekazaritzako erakundeak, ikerketa-zentroak eta kooperatibak daude haren barruan. Bere helburuak hauek dira: familia-nekazaritza eta landa-garapen jasangarria. “2006an konturatu ginen, munduko erakundeak nekazaritza arloan lanean bazebiltzan ere, familia-nekazaritza ez zela behar moduan lantzen. Sektore horretako nekazarien bizitza eta errentak hobetu behar ziren”. Munduko Landagunek lortu zuen Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2014a Familia-nekazaritzaren urtea izendatzea. Gainera, 2019-2028 Familia-nekazaritzaren hamarkada onetsi zuen 2017an. Hamarkada maiatzean hasiko da Erroman.

Derion, Munduko Landagunearen ildo estrategikoak ezarri zituzten. “Batez ere hiru ardatz nagusi jorratuko ditugu hamarkadan: emakumezkoak, gazteak eta kooperatibak”. Uriarteren esanetan, badaude erakunde nazionalak eta internazionalak gazteek nagusien lekukoa har dezaten lan egiten dutenak –hala ere, beharbada, ez dabiltza nahiko luketen emaitza lortzen–, baina hutsunea dago emakumezko nekazarien kasuan. “Beharrezkoa da emakumezko nekazarien nazioarteko sarea osatzea, bakoitzak bere egoeraren berri eman dezan eta elkarrengandik ikas dezaten hainbat arlori buruz, hala nola politika publikoak edota gatazkak nola konpondu”. Derion, emakumezkoen lantaldea osatu zen eta bertan Asia, Afrika, Europako eta Hego, Erdialdeko eta Ipar Amerikako emakumeek hartu zuten parte. “Lurra izateko eskubideaz aritu ziren, ekoizteko eskubideaz, inputak eskuratzeko eskubideaz, ura izateko eskubideaz… baina bizitzeko eskubideaz ere mintzatu ziren. Egia esan, oso konferentzia aberasgarria izan da, izan ere, hemen ditugun beharrizanak eta beste herri batzuetan dituztenak erabat ezberdinak dira; eta herri batzuetan, gainera, premia horiek hil edo biziko kontuak dira”.

Hirugarren ardatzari dagokienez, Munduko Landagunearen presidenteak aipatu du diktadura komunistetan bizi izan diren edo kooperatibak gai politikoei lotuta egon diren herrialdeetako lagunak uzkur direla kooperatiba hitza erabiltzeko. “Nahiago dute asoziazionismoari buruz hitz egin, betiere irizpide demokratikoan oinarrituta, eskaintzak batzeko, merkatuan lekua izateko, lurrak edo ezagutza hartzeko edota produktuak merkaturatzeko”.

 

Garapen jasangarria

Uriarteren ustez, hiru ardatz horiek lantzeak eragina zuzena edukiko du garapen jasangarriaren helburuak betetzeko orduan: pobrezia eta gosea ezabatzea, klima-aldaketa, planeta zaintzea eta pertsona guztiek ura izatea, beste batzuen artean. “Familia-nekazaritzak eragin handia du helburu horietan. Bestalde, munduko txiro gehienak familia-nekazaritzan badabiltza, sektore hori behar moduan jorratzeak munduko pobrezia eta gosea asko gutxitzea ekarriko du”. Baina, azpimarratu duenez, konferentzian hausnartutakoak ez du ezetarako balio, gero bakoitzak “etxerako lanak” bere herrian egiten ez baditu eta ez bada politika publikorik sustatzen. “Horiei esker hobetuko dira pertsonen bizi-kalitatea, errentak eta eskubideak. Herrialde, herri eta gobernu bakoitzeko eginkizuna da”. Horren harira, aipatu beharra dago Familia-nekazaritzaren Nazioarteko Konferentziak munduko hainbat politikarien babesa eduki duela: Marcela Villarreal, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen zuzendaria (FAO); Oana Neagu, COPA-COGEA Europako Nekazarien eta Nekazaritzako Kooperatiben Federazioaren zuzendaria; Ashwani Muthoo, Landa-garapenerako Munduko Funtsaren zuzendaria (FIDA); Iñigo Urkullu lehendakaria; Espainiako Ministerioko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak; eta Asia, Afrika eta MERCOSURreko ordezkariak, esate baterako.

“Hurrengo urratsa da hainbat herritan batzorde nazionalak sortzea jarduketa-planak egiteko, eta dagoeneko batzorde nazionalak dauden herrietan jarduketa-plan horiek ezartzen jarraitzea. Horretarako, diru-partida bat emango dute FAOk eta FIDAk. Aurrerapausoak eta horiek zein herritan egin diren jasoko da, lanean jarraitzeko. Adibide bat ematearren: lortu da Costa Rican familia-nekazaritzaren legea eta emakumezko nekazarien legea onartzea, eta helburua da jardunbide egoki horiek beste herri batzuetan ere martxan jartzea”, jakinarazi du Uriartek. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).