Poloniara bidean

Andoni Solorzano Orue 2019ko mai. 23a, 10:43

Unibertsitate garaian, banuen Alberto izeneko ekonomia irakasle bat. Unibertsitateko klaseez gain, siderurgiako enpresa batean egiten zuen lan; horrek ez zion, baina, unibertsitateko lana ongi gauzatzeko trabarik egiten. Izan ere, prestatutako apunteak ezin hobeak ziren: hirurogei bat orrialdetako koadernotxo uztaiduna, txiste, bitxikeria zein pasadizo ugariz betea. Gauzak azaltzeko zuen era ere bitxia bezain ona zen. Amorebietatik Txinara trenez joandako norbaiten klaseek bereziak izan behar dute, alajaina!

Nork ikusi du Ben-Hur filma? Eta Curro Jimenez? Aitabitxia (berez, The Godfather filma, Aitajauna bezala itzuli zuten, baina barkatua zaude Alberto!) filma nork ikusi du? Hainbat gauza azaltzeko, filmei egiten zien erreferentzia, azalpen ulerterraza izan genezan. Enpresetako aholkulariei buruz hitz egiteko, Aitajaunarenaholkulariaren azalpena ematen zigun; erantzukizun zibilaren nondik norakoak irakasteko, Ben-Hur eta galeretako eszenak; eta Curro Jimenez telesailak lan-baldintzak hobetzeko azalpen modura balio zuen. Bikaina benetan.

Azkenaldian bolo-bolo dabilen euskal bikoiztaileen aferak Alberto gogorarazi dit, baita bere film bidezko azalpenak eta, bereziki, ikasgelan niri pertsonalki gertatutako pasarte barregarri bat ere. Bada, ikasgelan geundela, irakasleak apunteetako paragrafo bat irakurtzeko agindu zidan. Nik, ikasle gehienek egin ohi duten legez, ez nuen gogo handiegirekin irakurri, eta testu horretan berak bereziki prestatutako txantxa edo txisteaz ez nintzen ohartu; nire erruz, beste klasekideak ere ez. Apunte horiek prestatzen emandako denbora zela eta, ez zion graziarik egin horrek, eta honakoa bota zidan: “Ikusi duzu noizbait polonieraz bikoiztutako filmik? Bada, jatorrizko hizkuntzan entzuten da soinua, eta gero zertxobait baxuago zuk irakurri duzun bezala irakurtzen duen morroia”. Hura zalaparta eta barre algarak klasean! Lauhileko osoan zehar “poloniar” deitzen ibili zitzaizkidan klasekideak.

Etxera heldu, Interneten sartu, eta polonieraz bikoiztutako film bat deskargatu nuen. Egia zen! Irakasleak esan bezala! Morroi bat akabatzen ari ziren filmean, eta poloniar morroi hark kilimak egiten ibiliko balitzaizkio bezala bikoizten zuen. Nik irakurri bezala hitz egiten zuten! Orduantxe konturatu nintzen apunteak izorratu nizkiola.

Aspalditik darama euskal bikoizketak hilzorian, besteak beste, EITBk zein Eusko Jaurlaritzak hori gerta ez dadin neurriak hartzen ez dituztelako. Laurogeita hamarreko hamarkadan 1.000 ordu inguru bikoizten ziren, eta aurten 100 ordu baino ez. Lan-kargaren murrizketa gutxi ez balitz, bikoizleen soldatak azken urteotan % 30 jaitsi dira. Horrek BIEUSE (Euskal Bikoiztaileen Elkartea) sortzera eta greba egitera bultzatu ditu bikoizleak. Eztabaida sortu du horrek, komunikabide zein sare sozialetan, eta azpidatzien alde egiteko debate antzua ere zabaldu da bertan. Baina ez gaitezen benetako eztabaidatik aldendu; azpitituluak gehigarri izan daitezke, baina ez dute bikoizketa ordezkatu edo baztertu behar. Kalitateko euskal bikoizketa behar dugu, ugaria eta anitza. Egin dezagun BIEUSEren alde, egin dezagun euskal bikoizketaren alde, edo has gaitezen maleta prestatzen, Poloniara bidean baikoaz. 

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).