Berbalagunen txokoa: Zein ondo pasatzen dugun euskaraz!

Aikor aldizkaria 2019ko uzt. 8a, 09:42

Ikasturtea amaitu berri da, eta berbalagunok hura ondo baino hobeto aprobetxatu egin dugula esan dezakegu zalantza barik. Izan ere, kafe bana hartzeko edo pasieran ibiltzeko astero geratzeaz gainera, ekitaldi-sorta zabala egin dugu euskaraz. Gainera, ideia berriak ditugu datorren ikasturteari begira. Zu ere euskaraz ondo pasatzeko prest?

Leku zoragarriak ditugu Txorierrin bertan eta Bizkaian, eta berbalagunok irteerak antolatu ditugu horiek ezagutzeko. Horrela, “Ermitaz ermita” ohiko  ekitaldia ez ezik, Lezama-Derio eta Larrabetzu-Morga irteerak ere egin ditugu, eta Sopelako eta Barrikako txokorik ederrenetan ibili gara. Iruña Veleia aztarnategi historikoan ere izan gara, eta Leintz Gatzaga ere bisitatu dugu.

Bestalde, Mintza Egunean hartu dugu parte. Aurten, Lapuebla de la Barkan ospatu da eta han bildu gara Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako lagunekin batera. Herriko upeltegia bisitatzeko eta ardoa dastatzeko astia ere izan genuen. Txakolina gure ardorik preziatuena da eta Talleri Morgako upeltegian azaldu ziguten hura zelan ekoizten den, eta upeltegiaren barruan dagoen Txorierriko ekoizleen txakolin gozoa dastatu genuen. Jatun onak ere bagarenez, pintxo-afaria prestatu dugu eta batzuk Algortara joan gara bazkaltzera. Odolosteak nola prestatu ere ikasi dugu, eta Basalbeiti baserriraino hurbildu gara, Iñaki Lekerikak labasua zer den azaldu ziezagun eta irina egiteko prozesua jakiteko.

Arterako zaletasun handia ere badugu, eta Getxophoto erakusketa bisitatu dugu. Era berean, Bilboko Arte Ederretako museoan izan gara “ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa” eta “Euskal Artea” erakusketak ikusten.

Bai, ederto pasatu dugu amaitu den ikasturtean eta zuk ere baduzu euskaraz ondo pasatzeko aukera. Berbalagun proiektuak euskaraz ondo moldatzen direnak eta hain ondo moldatzen ez direnak elkartzen ditu, zaletasun baten inguruan euskaraz aritzeko. Oso metodologia ona da euskaraz hitz egiteari beldurra galtzeko. Taldeak herrien eta parte-hartzaileen ordutegiaren arabera antolatzen dira. Beraz, ziur gaude zure beharrizanetara eta helburuetara egokitzen den taldea egongo dena. Gainera, berdin dio zure euskara maila ona edo ez hain ona bada; Berbalagun egitasmoari esker hobetuko duzu zure euskara maila, eta lagun berriak ere egingo dituzu. Animatu eta zatoz!

 

Datorren ikasturtean, guraso gehiago euskaraz!

Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak Gurasolagun programa antolatzen du urterik urte, eta gurasoen eta seme-alaben artean euskara bultzatzea du helburu. Derion badaude gurasolagun talde bi, baina, datorren ikasturteari begira, gainerako herrietan ere taldeak sortzea hartu dugu erronkatzat. Lagundu helburuari heltzen!

Gurasolagun egitasmoak euskaraz hitz egiteko ohitura duten gurasoak eta mintzapraktika egin nahi dutenak elkartzen ditu. Gurasoak eta seme-alabak; izan ere, familiak euskaraz bizitzeko programa da.

Zertarako izena eman Gurasolagun programan? Dakizun euskara erabiltzeko, beste guraso euskaldun batzuk ezagutzeko, hizkuntza-ohiturak aldatzeko, umeekin batera euskaraz ondo pasatzeko, umeen arteko harremana euskaraz izatea indartzeko… Ikusten duzunez, arrazoi asko daude gurasolaguna izateko.

Gurasolagun taldeek hainbat ekintza egiten dituzte herriko eskolan bertan: tailerrak, antzerkia, eskulanak, jolastea… edo eurek proposatzen duten edozein ekintza. Gurasolagunak eskola-ordutegitik kanpo batzen dira, eurek adostutako egunetan eta orduetan. Zure herrian ere taldea sortzen laguntzeko prest? 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).