Txorierriko Udalen diru-sarrerak

Jose Luis Barrenetxea 2019ko uzt. 16a, 12:23

Aurrekontu publiko guztiak berdin sailkatzen dira. Diru-sarrerak bederatzi kontu-kapituluk osatzen dituzte hiru multzo nagusitan banatuta: sarrera arruntak, kapital-sarrerak eta finantza-sarrerak. Gainera, diru-sarrerak finantzarioak edo ez finantzarioak izan daitezke. Txorierriko Udalek 2000-2017 epealdian izan duten norabidea erakusteko, alderdi hauek aztertu dira herriz herri: sarrera absolutu arruntak, kapitalari lotutakoak eta finantzarioak. Aipatutako epealdian izan duten bilakaera ere aztertu da.  

Sarrera arruntak ohiko eragiketak dira, garrantzi ekonomiko nagusia dutenak. Bost kapitulutan banatzen dira. Sarrera hauek goranzko joera izan dute 2008ra arte eta geroko urteetan mantendu egin dira orokorrean. Lehenengo grafikoan hauek adierazi dira zutabeen bidez: herri bakoitzeko urtez urteko norabidea, maximoa eta minimoa eta epealdiko bataz bestekoa.

Kapital-sarrerak puntualagoak dira eta kapitulu bitan banatzen dira: alde batetik, erakundeen eta enpresen diru-laguntzak; eta bestetik, ondasunen salmentak. Kapitulu horiek biek igoera bizkorra izan dute 2008ra arte; 2011ra arte mantendu egin dira; eta handik aurrera, eraikuntzaren beherakada dela-eta, bereziki herri batzuetan desagertu egin dira aurrekontuetatik. Bigarren grafikoan urteroko joera, epealdiko kapital-sarrerak eta maximoak adierazi dira.

Finantza-sarrerak, maileguak direnean, finantza-erakundeetatik –Kutxa eta banketxeak– lortzen dira. Ondoko orrialdeko taulan zenbait udalek jaso dituzten maileguak jaso dira. Karga astunik gabe, Larrabetzu 2006an eskatutako mailegua amortizatzeko bidean dago; eta Lezama, 2017an eskatutakoa. Beste udalerriek epe ertainean amortizatu dituzte maileguak. Sondikak eta Zamudiok ez dute aztertutako denboraldia mailegurik eskatu. Hau guztia Txorierriko udalen osasun finantzario onaren adierazlea da. 

 

Urte oparoak eta urriagoak

Hirugarren grafikoan, sarrera arruntak, kapital-sarrerak eta sarreren guztizkoa azaltzen dira, lerroetan eta milioietan adierazita; finantza-sarrerak, aldiz, zutabeetan eta milakoetan. Lehenengo hirurak euro konstanteetan daude, hau da, inflazioaren arabera. Finantza-sarreren barruan hauek hartu dira kontuan: maileguak (inflazioa kontuan hartu barik), aurrerakinak eta fidantzak itzultzea. 

Sarrera arruntak nagusi izan ziren 2000tik 2003ra. Sarrera horiek eta bereziki kapitalari lotutakoek gora egin zuten 2004tik 2008ra. Bestalde, 2008tik 2011ra bitarteko urteetan krisia egon arren, aurretik kontratatutako obrek eta maileguek bigundu zuten sarreren beherakada. Azken urteotan, sarrera arruntek gora egin dute, baina kapitalari lotutakoak maila minimoetan daude. 

2000-2017 epealdi osoari erreparatuta, hiru joera ezberdindu daitezke: 2000tik 2003ra, sarrera arruntak izan ziren nagusi; 2004tik 2010era, kapital-sarrerek garrantzi handia hartu zuten; eta 2010etik 2017ra, kapital-sarrerak ia desagertu ziren, baina arruntek –zergak, tasak eta Udalkutxa–, berriz, ia aurrekontu osoa hartu zuten.