Busti egin gara

Aikor aldizkaria 2019ko uzt. 24a, 11:04

Uztailaren 14an, Eugenia Epalza Esklerosi Anizkoitza Fundazioak Busti zaitez kanpaina egin zuen Euskadin 22. aldiz. Guztira, Euskadiko 80 udalerrik hartu zuten parte ekintzan; eta horien artean, Derio eta Zamudio. Txorierritarrok ere busti egin gara.

Lehenengo kanpaina Katalunian egin zen 1994an. Euskadira, Barakaldoko Gorostitzako igerilekuetara, lau urte geroago heldu zen, 1998an. Busti zaitez kanpainak esklerosi anizkoitza duten gaixoei eta euren senideei elkartasuna adieraztea du helburu. Gainera, sentsibilizazio-kanpaina ere bada, beraz, gizartean gaixotasuna ikusgai egin nahi du, hau da, esklerosiak sortzen dituen arazoak gizarteari jakinarazi. Azkenik, kanpainaren bidez, dirua batu nahi dute, elkarteek gaixoei eskaintzen dizkieten errehabilitazio-zerbitzuak finantzatzeko.

Ildo honi jarraituz, oso garrantzitsua da merchandising-produktuak saltzea. Marrazkia, kanpainaren irudia, Mikel Urmeneta marrazkilari nafarrak diseinatu du. Kukuxumuxu enpresako buru ohiak urtero hartzen du parte Busti zaitez kanpainan. "Jendeak kamisetak-eta janztea publizitate-kanpainarik onena da, baina batez ere diru iturria da guretzat", esan digu Karmele Zubizarreta Eugenia Epalza Esklerosi Anizkoitza Fundazioaren komunikazio-arduradunak. Materiala salgai dago Euskadin barreiatuta dauden 80 lekutan. Horietako bat Forum sport da, zeina kanpainaren babesleetako bat baita, bai dendetan, bai online. Gainera, besteak beste, elkarteak Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban dituen egoitzetan ere erosi ahal dira.

Produktuak saltzeaz gain, boluntarioek informazioa ematen dute igerilekuetan eta hondartzetan. Guztira, 200 boluntario baino gehiago ibili ziren Euskadin, 2019an, kanpainan lan egiten. "Boluntarioek musu-truk eskaintzen dizkigute denbora eta esfortzua. Kanpainak duen baliorik onena kanpaina bera garatzen duten pertsonak dira, zalantza barik. Normalean era batean edo bestean gertutik bizi dute gaixotasuna".

Guztira, 80 udalerrik baino gehiagok hartu zuten parte kanpainan, Euskadin. Aurten, ekitaldi nagusia Ereagako hondartzan egin zuten, Getxon. Agintariak eta enpresa-, kultura- eta gizarte-ordezkariak bertan izan ziren. Era berean, hainbat ekintza antolatu ziren, bai nagusientzat, bai txikientzat. "Denerik egiten da, herri bakoitzeko boluntarioek nahi dutenaren arabera. Boluntarioek normalean informazioa zabaltzen dute eta igeri egiteko gonbidapena egiten diote jendeari. Horren truke, ohorezko diplomak banatzen dituzte. Baina beste herri batzuetan, esate baterako, umeentzako jolasak antolatzen dituzte, txistulariek erakustaldia egiten dute...". Txorierrin, Derioko eta Zamudioko igerilekuek egin zuten bat kanpainarekin eta bustitzeko gonbidapena luzatu zieten herritarrei. Estatuan ere hainbat ekintza egin ziren.

"Udako ekitaldi solidarioa"

Zubizarretaren esanetan, Busti zaitez  eguna "udako ekitaldi solidarioa da". "Erakunde publikoek ikaragarrizko babesa ematen digute urtero: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, udalak… Gainera, elkarteek zein herritarrek, gizarteak oro har, bat egiten dute kanpainarekin. Politikariek ekintzetan hartzen dute parte, lagun ospetsu batzuek kanpainari oihartzun handiagoa ematen laguntzen digute... Data garrantzitsua da eta normalean hainbat eta hainbat lagunek jakin badakite uztailaren bigarren domekan Busti zaitez kanpaina egiten dela. Guretzat oso garrantzitsua da, kanpainari esker ahal den eta zarata gehien egin nahi baitugu. Horrela, gizarteak esklerosi anizkoitza zer den jakingo du".

Kanpainaren eguna beti da finkoa: Estatuko elkarteak uztailaren bigarren domekan egiten dela erabaki zuen aspalditik. Horrek alde ona du, guztiok noiz izango den aurretik dakigulako; hala ere, alde txarra ere badu, batez ere eguraldi aldakorra dugun aldeetan. "Beste leku batzuetan, Valentzian edo Andaluzian, berdin zaie, baina hemen Euskadin, eguraldiak dio kanpaina arrakastatsua den edo ez. Horren haritik, arrautzak eskaintzen dizkiogu Santa Klarari, euririk ez egiteko. Dena dela, eguraldi ona edo txarra egin, euskaldunok berdin-berdin bustitzen gara esklerosi anizkoitzaren alde, kalean zein etxean (kar, kar)".  

Gaixotasuna

Esklerosi anizkoitza gaixotasun neurologikoa da. Sintoma arruntenak hauek dira: gorabehera sentsitiboak, orekan eta hizkeran; dardarak; ahultasuna gorputz adarretan, eta kasu larrietan, paralisia; espastizitatea; alterazio urologikoak; bertigoa; nekea; inurridurak eta ikusmen alterazioak. Batez ere 18 urtetik eta 35 urtera bitartean diagnostikatzen da, eta eragin handiagoa du emakumezkoengan: hiru pazientetako bi emakumezkoak dira. Elkartekoek beti azpimarratzen duten moduan, "esklerosia ez da hilkorra, ezta kutsakorra, ezta hereditarioa ere". Hala ere, kronikoa da eta bost ordurik behin kasu berri bat diagnostikatzen da estatuan. Guztira, gaixotasuna duten 2.600 lagun daude Euskal Herrian; eta 56.000 Estatu osoan. 

Eugenia Epalza Fundazioa

Eugenia Epalza Esklerosi Anizkoitza Fundazioa duela 35 urte sortu zen Euskadin, gaixotasuna duten lagunen bizi kalitatea hobetzeko. Fundazioak egoitzak ditu Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, eta helburu hauek ditu: esklerosiak sortzen dituen arazoei buruz gizarteari informatzea eta sentsibilizatzea; Euskadiko egoitzek eskaintzen dituzten errehabilitazio-zerbitzuak fi­nantzatzeko fondoak lortzea; eta osasun-profesionalekin harremanak eta ikerketak bultzatzea.

Fundazioak hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie gaixoei eta euren senideei: psikologia, fisioterapia, logopedia, tera­pia okupazionala, laguntza teknikoak, gizarte asistentzia, arteterapia, aisialdiko ekintzak, jolasak... Fundazioa garrantzitsua da Estatuan, aitzindaria delako. Izan ere, errehabilitazio-zerbitzuak eskaini zituen lehenengo elkarteetako bat izan zen. Gainera, sentsibilizazio-kanpaina berritzaileak antolatzen ditu. Gaur egun, 2.600 lagunek osatzen dute elkartea, eta, horri esker, duen bigarren handiena da Estatuan. Era berean, ISO 9001:2000 ziurtagiria lortu zuen esklerosi anizkoitzaren lehenengo elkartea izan zen. Horrek hainbat esparrutan –gizarte-sentsibilizazioa, komunikazioa, gizarte- eta zientzia-ekitaldiak antolatzea...– egindako lanaren kalitatea hartzen du aintzat 

Bizkaiko Esklerosi

Anizkoitza Elkartea (ADEMBI)

Ibarrekolanda 17, atzealdea

48015 (Bilbo)

www.adembi.org