Euskaraldiak parte-hartzaileen hizkuntza jokaerak nabarmenki astindu dituela adierazi du ikerketa batek

Aikor aldizkaria 2019ko ira. 18a, 12:53
a: Euskaraldia

Soziolinguistika klusterrak ahalbidetu du Euskaraldiaren inguruko ikerketa Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Topagunearen laguntzarekin. “Euskaraldiaren lehen edizioak nabarmenki astindu zituen bertan parte hartu zutenen hizkuntza jokaerak ariketaren 11 egunetan eta hiru hilabete geroago proportzio altuan eutsi egin zitzaien” adierazi du ikerketak.

Oro har, parte hartze femeninoa zertxobait gailendu da, ahobizien presentzia belarriprestena baino altuagoa izan da eta parte hartzaileen adina zein lurraldearen esparruan banaketa zeharo paretsua izan dela adierazi du ikerketak.

Euskaraldia I. Emaitzen Azterketa lana aurkeztu zen EHU Gipuzkoako campusean, eta bertan izan ziren Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko Gipuzkoako diputatua; Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko presidentea; Pello Jauregi, ikerketaren zuzendaria; eta Uxoa Anduaga, Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria.

Laginean 18.383 ahobizik eta belarriprestek hartu zuten parte, hiru galdetegi erantzunez: Euskaraldia hasi baino aurrekoa, Euskaraldia amaitu berrikoa eta Euskaraldia amaitu eta hurrengo hiru hilabetekoa. Bingen Zupiriak Euskaraldiaren lehen edizioaren eragin praktikoen gaineko erradiografia dela adierazi du: “Hasieratik esan genuen Euskaraldia ez zela joko bat; hizkuntza ohituretan eragin nahi duen ekimen masibo eta berritzailea da. Helburua eragitea da, eta ikerketari esker neurtu ahal izan dugu zein neurritan izan den eraginkorra. Milaka herritarren hizkuntza praktikak aztertu dira azterlan honetan”.

BINGEN ZUPIRIA: “Hasieratik esan genuen Euskaraldia ez zela joko bat; hizkuntza ohituretan eragin nahi duen ekimen masibo eta berritzailea da"

Garbiñe Mendizabalek euskarak ekimen ausartak behar dituela adierazi zuen: “Euskararen erabilera indartuko badugu, ekimen berritzaileak, ausartak, auzolanean oinarrituak, behar ditugu. Horregatik da hain pozgarria ikustea 2016an Lasarte-Orian ereindako hazi hura sustraitzen ari dela. Ikusi besterik ez dago herriz herri ekimena dinamizatzeko sortutako batzordeetan herritarrek erakutsitako inplikazioa eta gogoa. Errealitate hau sendotzen joan dadin berebiziko garrantzia izango dute ikerketa honek utzitako emaitzek”.

GARBIÑE MENDIZABAL: “Euskararen erabilera indartuko badugu, ekimen berritzaileak, ausartak, auzolanean oinarrituak, behar ditugu"

Elena Lakak irekitako bidearen garrantzia nabarmendu du: “Euskaraldiaren lehen edizioak balio izan du hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko. Euskaraldia abiatu genuenean bagenekien, eta halaxe adierazi genuen, hizkuntza ohiturak aldatzea eta gizartean aldaketak egitea epe luzerako lana dela. Ikerketa honek berretsi egin du adierazitakoa: Euskaraldia lehen urrats bat izan da hizkuntza ohituren aldaketan, eta orain aldaketa gauza dadin eragina handitzen jarraitu behar dugu. Ahobizi eta belarriprest jokaerak sakondu behar ditugu, eremu berrietara zabaldu beharra dago, eta gizarte eta era guztietako erakundeen babesa eskaini behar diogu euskaraz bizitzea erabakitzen duen pertsona orori. Hori izango da hurrengo Euskaraldien helburua”.

ELENA LAKA: "Euskaraldia lehen urrats bat izan da hizkuntza ohituren aldaketan, eta orain aldaketa gauza dadin eragina handitzen jarraitu behar dugu"

Ikerketaren ondorioak HEMEN ikus ditzakezu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).