"Ondo sentiduten gara presoen arazoari ekarpen kolektiboa egin deutsagulako"

Aikor aldizkaria 2019ko ira. 25a, 12:11

Ibon Meñika, 11/13 sumarioko auzipetua

Irailaren 16an, 11/13 sumarioko auziko epaiketa hasi eta bukatu zan Madrilen. Fiskalak eta abokatuek hitzarmena egin eben eta akusatuek leporatzen jakezan delituak onartu ostean, kartzela-zigor txikiak ezarri eutseezan. Ibon Meñika eta Nagore Lopez de Luzuriaga zamudioztarrak eta Naia Zuriarrain larrabetzuarra ez ebezan azkenean espetxeratu.

"Nekatuta gagoz, batez be, azken egun honeek oso gogorrak izan diralako. Baina, aldi berean, ondo sentiduten gara preso eta iheslarien arazoari ekarpen kolektiboa egin deutsagulako", dino Ibon Meñikak. Guztira, 47 lagun epaitu ziran 11/13 makrosumarioko auzian, eta hatako hiruk hartu-emon estua dabe bailareagaz: Ibon Zamudion jaio zan; Nagore Lopez de Luzuriaga arabarra Ibonen herrian bizi da; eta Naia Zuriarrain bilbotarra, Larrabetzun.

Hasikera batean, Fiskaltzak zortzi urtetik 20 urtera bitarteko espetxe-zigorrak eskatu ebazan. Akusatuak euskal presoen aldeko zenbait alkartetan ebiltzan (Herrira, Jaiki Adi eta Etxerat). Ganera, abokatuak eta bitartekariak be badira auzipetuen artean. Guztiei ETA erakundearen kideak izatea leporatzen eutsien. Halanda be, guztiak gelditu ziran aske, Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak izan ezik. Eurek bost hilabete gehiago emon beharko dabez kartzelan.

Gainerakoek espetxea saihestu dabe, baina zigorrak eukiko dabez: guztiek, inhabilitazinoak; batzuek lana galduko dabe, arlo publikoan jarduten dabelako;  beste batzuek betiko galduko dabe lanpostu publikoetarako lortutako plaza. "Azpimarratu gura dogu erabagi kolektiboa izan dala, bakotxak eritxi propioak euki arren. Horrek kostu pertsonala eragin dau: aurrekari penalak betiko eukiko doguz, baita kriminalizazino-marka be. Prozesu judizalak sei urte iraun dau eta bizi izan dogun egoera gatxa izan da: bizitza baldintzatuta, espetxe-zigorraren mehatxupean…".

"Azpimarratu gura dogu erabagi kolektiboa izan dala, bakotxak eritxi propioak euki arren"

 

Epaiketa anakronikoa

Ibonen eretxiz, "zigorrak ez datoz bat gaur egungo egoereagaz" eta hori da larriena. "Estaduko hainbat eragilek herri honetan ezer aldatuko ez balitz moduan jarraitzen dabe. Zergatik? Herri honetan 2012tik 2019ra bitartean ez da ezer aldatu, ala? Euskal Herriko errealidade sozial, politiko eta instituzionala erabat desbardina da, baina... Horregatik uste dogu epaiketak zentzurik ez dauala. Zelan izango gara ETAko kideak, ETA 2012an desagertu bazan? Hori objektiboa da. Epaiketaren anakronismoaren adibiderik argiena da, hain zuzen be: denboraz eta lekuz kanpo egon da, argi eta garbi".

Auzitegi Nazionalak epaitu dau auzia, baina auzipetuek ez dabe horrengan konfiantza handirik. "Bertan justizia lortzerik ez dagoala jakin badakigu. Euskal gizarteak guztiz barneratuta dau hori. Urteetako errealidadeak holan erakutsi deusku. Badakit gogorra dala: kezkagarria da Estadu demokratiko batean justiziarik ez dagoala onartzea.  Beraz, galdera hauxe da: noz amaituko dau Auzitegi Nazionalak gure bizitza baldintzatzen?".

11/13 sumarioko auziko epaiketa ETAren inguruko azken makroprozesua izango da. Azken epaiketa ez, aldiz. Izan be, Naia beste behin epaituko dabe beste lagunakaz batera. Ibon lehenengo eta azken makroprozesuaren lekukoa dugu. "Bi sumarioetan auzipetu ninduen, bai. Eta penaz dinot, ez harrotasunez. Hatatik ez dot ezer onik atera, sufrimendua besterik ez. Eta zertarako? Herri honek aurrera begiratu gura badau, karpeta hori itxi behar dau".

“Ez dot epaiketatik ezer onik atera. Herri honek aurrera begiratu gura badau, karpeta hori itxi behar dau"

Meñikak etorkizunari buruz berba egin gura dau. "Noz eta 2019an oraindik herri honek aspalditik dakarren sufrimendua eta arazoak konpondu barik dagoz. Epaiketa honek argi eta garbi adierazoten dau arazoa konpontzeko asmorik eza. Gehiago oraindik, arazoa konpondu beharrean, sufrimendua handitzen dau. Gu, barriz,  sufrimendu hori gainditzeko ekarpena egiten ahalegindu gara. Espetxeak husteko erronka soziala daukagu eta gu espetxeratu ez izanak motibazinoa emon behar deusku". 

Epaiketa amaitu da, baina Ibonen berbetan, arazoa konpondu barik dago. "Guk jasotako alkartasuna interbidea topatzeko erabili gurako geunke. Guk uste dogu agenda jarri behar dala martxan, euskal preso eta iheslarien egoera konpontzeko. Guk euki dogun epaiketa ez zan egongo, 250 preso egon ez balitzaz. Zikloa amaitu behar da, hurrengo belaunaldiak guk pairatutakoa ez dagien jasan".

 

Txorierriko auzipetuak

IBON MEÑIKA (Zamudio, 1977)

Herrira alkarteko kidea. Herrira  euskal presoen eta iheslarien egoera konpontzeko sortu zan 2012an. 2013an atxilotu eben. Epaiketa horren aurretik, bitan atxilotu dabe: 2003an, Jarrai alkarteko kidea izateagatik; eta 2006an, ETA "finantzatzeko bonu" batzuengatik. Guztira, sei urte emon dauz kartzelan.

Egotzitako delitua: Erakunde terrorista baten parte hartzea eta terrorismoa jarraian goratzea.

Zigorrak: Urte biko espetxe zigorra. Gainera, urtebete emon beharko dau zaintzapeko askatasunean. Era berean, 4.500 euroko isuna ordaindu beharko dau eta hiru urteko inhabilitazino osoa dau, lan edo kargu publikorako.

 

NAIA ZURRIARAIN (Bilbo, 1977)

Bitartekaria, Euskal Preso Polikoen Kolektiboaren (EPPK) eta gizartearen artean. 2014an inputatu eben. Behin baino gehiagotan atxilotu dabe eta torturak jaso ebazala salatu eban. Bost urte emon dauz kartzelan eta 04/08 sumarioan auzipetu eben. Halboka auziaren haritik be epaituko dabe.

Egotzitako delitua: Erakunde terrorista batean laguntzea.

Zigorrak: Urte biko espetxe zigorra. Gainera, urtebete emon beharko dau zaintzapeko askatasunean. Era berean, 4.500 euroko isuna ordaindu beharko dau eta hiru urteko inhabilitazino osoa dau, lan edo kargu publikorako.

 

NAGORE LOPEZ DE LUZURIAGA (Agurain, 1981)

Etxerat, Euskal presoen eta iheslarien senide eta lagunen alkarteko kidea. Psikologo ibili da bertan. 2015ean atxilotu eben 11/13 sumarioren harira. Lopez de Luzuriaga 24 urte izan zan preso baten senidea eta horregaitik sartu zan Etxerat alkartean. Bestalde, 2003an be atxilotu eben, baina auzia artxibatu eben. Halanda guztiz be, urte bi emon eban behin behineko espetxeratzean. Garai hatan torturak salatu ebazan.

Egotzitako delitua: Erakunde terrorista batean parte hartzea.

Zigorrak: Urte eta erdiko espetxe zigorra. Era berean, hiru urteko inhabilitazino osoa dau, lan edo kargu publikorako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).