Ondarearen jardunaldiak, Txorierrin

Aikor aldizkaria 2019ko ira. 27a, 13:37

“Ondarea Plazara!” lelopean, Ondarearen Europako Jardunaldien 19. edizioa egingo da aurten. Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak adierazi moduan, herritarrak jardunaldietan parte hartzera gonbidatzeaz gainera, ekimenaren helburu nagusia da arte komunitarioek duten balio kulturala azpimarratzea. Arte komunitarioen barruan era guztietako adierazpenak daude, hala nola ludikoak, erritualak, bat-batekoak eta zeremonietakoak; baita belaunaldiz belaunaldi transmititu diren hainbat objektu, leku, teknika eta ezagutza ere.

“Dantzak, herri kirolak, musika eta jokoak, erromeriak, bertsolaritza, antzerki eta musika-emanaldiak ere urrian herri askotako plazetan aurkeztuko den errepertorio zabal horren barruan daude”, aipatu zuen Bilbaok. Aurten, 200 ekintza inguru antolatu dira, eta jardunaldietan 58 udalerrik hartuko dute parte; horien artean Loiu, Derio, Zamudio eta Lezama daude.  

Loiun “Plazara jolastera” jarduera antolatu dute urriaren 18rako. Umeek zein nagusiek antzinako jolasean aritzeko aukera izango dute: puxtarriak, txapak, tortolosak, ziba, kromoak… Ikasteko, jokatzeko, gogoratzeko eta batez ere gozatzeko arratsaldea izango da, eta, gainera, gaiari lotutako opariak zozkatuko dira parte-hartzaileen artean. Ekintza Herriko Plazan egingo da 17:00etatik 18:30era, eta erreserba egiteko 944 531 951 telefono-zenbakira deitu daiteke, edo liburutegia@loiu.eus helbide elektronikora mezu bat idatzi.

Derion, udaletxearen plazan hainbat urtez egon zen euskal pilotako frontoiaren omenez, urriaren 19an (12:00etatik 14:30era eta 17:30etik 20:00etara) eta 20an (12:00etatik 14:30era) gozatu ahal izango da kirol tradizional hori. Horrela, bada, lehiaketak eta beste jarduera batzuk egingo dira. Informazio gehiagorako: 944 541 019 telefono-zenbakia eta kultura@deriokoudala.net helbide elektronikoa. Bestalde, Bizkaiko Elizaren Histori Artxiboan “Ondarea plazara eta alderantziz” argazki-bilduma antolatu dute urriaren 18rako (16:00etan). Parrokiek bizitza sozial, espiritual eta kolektiboaren testigantzak batu dituzte menderik mende, eta zeregin hori argazkien bidez erakutsiko dute: erromeriak, jaiak, ekitaldiak, prozesioak, hotsandiko ospakizunak, erromesaldiak… Informazioa eskuratzeko eta erreserba egiteko: 944 062 490 telefono-zenbakia eta info@aheb-beha.org helbide elektronikoa. 

Orain dela urte bitik hona, Zamudiok Arimen Gaua ospatzen du urriaren 31n. Udalerriko nagusien jakituria oinarritzat hartuta eta adin guztietako herritarrek parte hartuta, lehengo ohitura gaur egungo eretara ekarri dute ikuspegi artistikotik eta ingurumenaren ikuspegitik. Etxeko olioz egindako kandelek argituko dute aurtengo desfilea, eta mozorro birziklatuak jantziko dituzte. Gainera, egun horretarako beren-beregi sortutako kopla zahar bat abestuko dute. Horregatik, mozorro birziklatuak egiten ikasteko tailer bat egongo da urrian zehar, eta koplak egin eta abesteko beste bat. Udalak eta herriko kultur taldeek antolatutako ekintza da, eta 18:00etatik aurrera izango da Kultur Etxean. Tailerretan izena emateko: 944 060 990 eta 944 030 622 telefono-zenbakiak eta udala@zamudio.eus helbide elektronikoa.  

Azkenik, Mikel Zarateren hats literarioaren atzetik ibiliko dira Lezaman. Zarate (1933-1979) euskaltzale amorratua zen eta bere lanak sentimendu hori du barru-barruan. Hilaren 6an, ibilbide literarioa egingo da idazlearen Lezamako txoko kutunetan barrena, hil zenetik 40 urte igaro direnean, hura omentzeko modu aparta baita. Hitzordua 11:00etan ipini dute Hilario Astorki plazan. Informazioa eta erreserbak: 944 556 126 telefono-zenbakia eta liburutegia@lezama.org helbide elektronikoa.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).