Txorierriko abeslari, musikari eta dantzariak Baserri Antzokian

Aikor aldizkaria 2019ko urr. 22a, 13:46

Proiektu barri bat da abian: Txorierriko eta inguruetako musikariak (instrumentuz, kantuz eta dantzaz) batu eta gurutzatu egingo dira, daukien gaitasuna, esperientzia eta edukiak partekatzeko, bai eurentzako baita ikuslegoarentzako be.

Paradoxa ederra da. Euskal Herria danok partekatzen dogu, bere esanahi osoagaz: dibertsitatea, inklusinoa, askatasuna. Euskalduntasunaren etxea. Baina etxe guztietan lez, hormak dagoz, espazio ezbardinak sortzeko edota intimitatea eta singulartasuna garatzeko. Naturala bezain abantailatsua da berez. Kontua da, batzuetan, ateak itxita euki ostean, barruan dagoanak ez dauala zabaldu gura; behar dauan guztia eraiki dau bertan; bere “eskemak” sortu ditu, eta ez dau inork hori mogitzerik gura. Geuk be, konturatu barik sarritan, gure ikuspuntua (gustuak, moduak, jakintzak) “tatuatzen” doguz garunean, eta automatikoki “betikoa” egiten dogu, bestelako informazioagazko interes aktiboa jarri barik. “Gure” (posesiboa) erosotasun-gunean bizi gara mentalki: nire herria, nire eskola, nire lagunak, nire kanta, nire egunerokotasuna. Eta jakina dan moduan, zerbaiten jabe izateko nahia, ezer barik geratzeko bildurretik sortu zan gizakia gizaki danetik, oihanean nahiz gizarte zibilizatuan. Zerbait benetan gurea balitz bezala.

Baserri Antzokia Fundazioak –irabazteko asmorik gabeko erakundeak–, “ateak zabaltzen diranean” gertatzen dana ikusi zeuen oholtza baten gainean dantzariak, kantariak eta musika-jotzaileak batu ziranean: arlo bakotxeko ikuslegoa ikuslego orokor bihurtu zala, ezagutza zabaldu ebela eta interesa ere bai. Aldi berean, ikuskizuna egiten ebiltzan artistek, alkarrekintzaz musika egiteko beste modu batez gozatu eben, ikaspen barriak barneratuta.

Halan, udazkenetik udabarrira arte aisialdi kulturala antolatzen dihardue Baserri Antzokian. Hatan be, kultura euren eskuz, gorputzez eta ahotsez sortzen daben Txorierriko herritarrak dira protagonista. Baita zeu ere, ikusle. Herritar honeek musikarekin kontaktuan bizi dira, eta lan handia egiten dabe, bai ikasi eta bai irakasteko ere. Eurenganako esker ona eta miresmena adierazteko aldizkari bat baino gehiago beharko litzateke.

Oraingo honetan, euren ahaleginaren eta gogoaren emaitzak plazara atara beharrean, Baserrian erakutsiko ditue. Gainera, aukera izango dabe dantza, abesbatz eta musika-tresna ezbardinen talde honeek euren artean “nahasteko” eta alkarrengandik ikasteko. Oraindik antolaketa-prozesuan dago proiektua. Beraz, hurrengo hilabetetik -urritik-  aurrera emongo da informazino gehiago. Horrez gainera, sortuko diran alkarketa honeetan parte hartzeko aukeraren barri ere emongo da, ekitaldi egunean bertan edo entseguetan, batzeko gogoa eta konpromezua izanda.

Dana dala, antolaketarako irailaren hamaikan, iluntzeko zortzietan 18 andrazko eta gizonezko alkartu gara Baserri Antzokiko txokoan berba egiteko. Batzen gaituan euskara osasuntsuan komunikatu gara, batzuek euskara batuko kolorez egin dabe berba; beste batzuek Txorierriko doinuz. Batzarkide guztiak behargin finak, eragileak, kultura zaleak, hala dantzan nola musikan. Zeozelan esateko, Txorierri dinamikoaren aurpegia.

Bat etorri gara autortzean, mosutruk gabiltzala, alkar ezagutzea merezi dauala, batak besteari laguntzea be bai, edo doinuak nahiz dantzak trukatzea. Azken baten, geure esparrutik kanpo ezagutu gagiezan, baita geure herritik harago be, errekonozimendua esker oneko izatea da-eta.

Esperientzia pilototzat hartu dogu herri bateko korua hurrengo herriko jantzariekin jardutea, txistulariak korukoekin batzea. Sei hilabeteko aldian, hiru saiotan prestatu ostean eszenara aurkeztea; beste hiru egin ondoren be agertu egitea, eta, hirugarrenez, beste hiru saio egin ostean agertokian sei hilabetekoa burutzea. Kalitatea badago, eta borondatea soberan. Nor, noiz, nogaz alkartuko dan, gorago esan dogunez, hurrengo artikuluetan azalduko deutsuegu.

Sorne Unzueta Landeta bilbotarrak, Utarsusek idatzi eban: "Ez pentsatu ahulak zaretenik; pentsatu ur-tantek soltean ez dutela ia ezer balio, elkarrekin, ostera, korronte indartsuak sortzen dituzte, munduko turbinei eragiteko bestekoak"(1).

 

(1) BEGOÑA BILBAO BILBAO: Mujeres en la Vanguardia de Bilbao liburutik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).