Kalabazak hustu eta kandelak piztu

a: gaubeltza.eus eta Idoia Andres 2019ko urr. 28a, 11:51

Askoren ustez, Halloween gaua Estatu Batuetako ospakizuna da, sustrai zeltak dituen arren. Kalabazak eta beldurrezko mozorroak ohiko bihurtu dira urriaren 31n gure herrietan; hala ere, ez dugu urrun joan behar ohitura honekin topo egiteko. Euskal Herriko txoko askotan Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatu zen XX. mendera arte. Txorierrin ahaleginetan dabiltza antzinako usadioa gure egunetara ekartzeko.

Halloween gaua jatorri paganoa duen ospakizuna da eta sustraiak Samhain jai zeltan ditu. Udazkeneko solstizioan, lehengo irlandarrek festa hori egiten zuten udaren eta uztaroaren amaiera ospatzeko eta urte zelta berriari ongietorria emateko. Irlandarren sinesmenaren arabera, gau horretan hilak bizidunen artean ibiltzen ziren, eta hainbat erritu egiten zituzten hildakoekin hitz egiteko. Gainera, kandelak pizten zituzten leihoetan, hilek euren bidea topa zezaten. Estatu Batuetara migratu ziren irlandarrek eurekin eraman zuten ohitura eta bilakaera handia eduki du, harik eta gaur egun ezagutzen dugun ospakizun bihurtu den arte. Beste herri anglosaxoi batzuetan ere ospatzen da, hala nola Kanadan, Australian eta Ingalaterran.

Baina marketin eta pelikula estatubatuarrek Halloween festa gurera ekarri baino askoz lehenago, Euskal Herriko leku askotan Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzen zen Santu guztien egunaren bezperan. Kalabazak eta arbiak hustu, begiko, sudurreko eta ahoko zuloak egin, eta horien barruan kandelak pizten ziren. Kalabazak-eta bide bazterretan uzten ziren hildakoen arimei bidea erakusteko. Era berean, gazteak eta umeak etxeko trapu zaharrekin mozorrotzen ziren auzokideak beldurtzeko. Familiek gaztainak jan ohi zituzten, eta, herri batzuetan, umeak eskean ibiltzen ziren. Ohitura horiek, alabaina, galtzen joan ziren denboraren poderioz, eta gaur egun ezezagunak dira euskaldun gehienentzat. Zorionez, azken urteotan, herri batzuetan ahaleginak egiten dabiltza usadio zaharrak berreskuratzeko edo interpretatzeko.

Herri horietako bat Sondika da. Aurten, Gau Beltza ospatuko dute lehen aldiz. Antolatze-lanetan hauek ibili dira: Altzora euskara elkartea, herriko kultur taldeak, eskola-ludoteka eta udala. “Gure asmoa da zaharra hartzea eta berreskuratzea, baina gaur eguneko balioak erabilita: komunitatearen sentimendua, kohesio soziala, euskara, naturarekiko lotura, birzilapena, beldurra eta heriotza mahaigaineratzea …”, azaldu dute Altzora elkartekoek. Horretarako, ekintza-sorta zabala antolatu dute urriaren 31rako.

Beldurrak uxatu

Arratsaldean, umeentzat zein gazteentzat eta helduentzat tailerrak egingo dituzte: mozorroak, kalabazak eta makillajea. Ondoren, afari-merienda eta umeentzako jolasak izango dituzte, eta amaieran gaztainak banatuko dituzte gozokien ordez. Gau Beltzari 21:00etan emango diote hasiera. Paperak eta arkatzak banatu, eta nork bere beldurrak idatziko ditu su txikira botatzeko eta uxatzeko. Garrasia talde feministak euskal mitologian oinarritutako antzezlana eskainiko du, eta gero, mozorroak jantzita eta kalabazak eta kandelak hartuta, prozesioan irtengo dira herriko erdigunetik hilerriraino. Bidean sorpresa beldurgarriren bat edukiko dute Sondikako Inauteriak elkartearen eskutik, eta udalak argien intentsitatea gutxituko du ibilaldia erakargarriago egiteko. Hilerriko atarian lurperatzaile biren arteko solasaldia entzungo dute; hizpide heriotza edukiko dute.

Sondikan gaur eguneko balioak azpimarratuko dituzte, hala nola komunitatea, euskara eta naturarekiko lotura

Ekintza horren ondoren plazara jaitsiko dira berriro, eta han amaiera emango diote Gau Beltzari. Gorantzaileak dantza taldekoek eta Garrasia elkarteko neskek dantza egingo dute eskolako umeekin batera, eta Lehen Hezkuntzako seigarren mailakoek eskolan prestatutako bertso-kanta bat abestuko dute. Bestalde, musika egongo da eta fotomatoi bat ipiniko da familiek eta lagun-kuadrillek argazkia egin dezaten. “Gure ustez, garrantzitsuena komunitatea sortzea da. Herrikoentzat ikuskizun hutsa izan gabe, herritarrek ekintzetan parte hartzea nahi dugu, eta hori bestelako balioetan oinarrituta egin dezatela. Zerbait polita aterako dela pentsatzen dugu”.

Arbasoek lurraren eta naturaren zikloei lotuta zeuden errituak egiten zituzten antzina, baina Eliza ohitura pagano horiek bereganatzen joan zen ospakizunak kristautu zituen arte. “Gurean, Santu guztien egunak oso lotura estua eduki du erlijioarekin; alabaina horrek ez du esan nahi beste usadiorik ez zegoenik. Guztiok entzun ditugu istorio zaharrak: gaztetxoak soroetan sartzen ziren soberakinak hartzera eta kalabaza kandeladunak ipintzen zituzten bide-bazterretan espirituak uxatzeko. Trapu zaharrekin mozorrotzen ziren eta Nafarroan, esate baterako, errondan ateratzeko ohitura zegoen; abestu ere egiten zuten eta ordainetan fruituak eta esnekiak ematen zizkieten”.

 

Ingurumena zaindu

Orain urte bitik hona, zamudioztarrek Arimen Gaua ospatzen dute urriko azken egunean. “Halloween festak indar handia hartu du gero eta globalizatuagoa den mundu honetan. Hori kontuan hartuta, Zamudioko Udala 2017tik hona ahalegindu da Arimen Gaua ospatzeko ohitura berreskuratzen, eta hori gurera egokitzen eta ingurumenarekin lotzen”, azaldu du Lander Aretxabaleta kultura zinegotziak. “Hainbat usadio berreskuratzen hasi gara, beti ere ingurumena zaintzeko ardura hartuta. Horrela, gaztainak erretzeaz gainera, tarta gozo-gozoak egiten dira kalabazak hustu eta gero geratzen den mamiarekin; etxeko olio zaharra berrerabilita, eskuan eramateko moduko kandelak edo argizariak ere egiten dira”.

Zamudion ahalegin berezia egin dute ospakizun zaharra gure egunetara egokitzeko eta ingurumenarekin lotzeko 

“Ondarea Plazara!” lelopean, Ondarearen Europako Jardunaldiek arte komunitarioen balio kulturala azpimarratzea dute aurtengo helburutzat. Arte komunitarioen barruan era guztietako adierazpenak daude, hala nola ludikoak, erritualak eta zeremonietakoak; Arimen Gaua jardunaldien testuinguruan egingo da. “Ahalegin berezia egingo dugu denon artean gure erara, zamudioztarren erara, ospatzeko; eta zamudioztar zaharrenen testigantzetan oinarrituta, mundura zabalik eta sormena lagun, gure kultura egokitzen eta ingurumenarekin uztartzen jarraitzeko”. Helburuari heltzeko, tailerrak antolatu dira urrian zehar: kopla zahar bat ikasteko eta dantza egiteko tailer bat, kandela edo argizari birziklatuak egiteko beste bat eta mozorro jasangarriak diseinatzeko azken tailer bat, hain zuzen ere. Tailerretan  ikasitakoa plazara eramango dute guztiek batera.

Akarbaltz Gaua, ospakizunik zaharrena Txorierrin

Akarbaltz Gaua 2005ean ospatu zuten lehenengo aldiz Larrabetzun, hango Kultur Bilguneak sustatuta. “Konturatu ginen gure umeak egun horretan gureak ez ziren iruditeria bat eta erreferentzia batzuk lantzen zebiltzala; hau da, Estatu Batuetako iruditeria, oso inperialista eta kolonialista dena. Eta guk ez genuen horrelakorik nahi. Guk seme-alabak Euskal Herriko iruditeriaren barnean eta bertoko erreferentziekin hezi nahi ditugu, eta horretarako sortu genuen Akarbaltz Gaua”, adierazi dute.

Ospakizuna hiru ardatzetan oinarritzen da. Lehenengo eta behin, Akarbaltz izaki mitologikoarengan. “Gure sineskera ez kristautik, mitologiatik elikatzen den iruditegia lantzen da, eta hor dugu, adibidez, Akarbaltz. Baina ez bera bakarrik; Larrabetzuko buruhandiak eta beste pertsonaia batzuk ere lantzen dira, esaterako, Kukubiltxo antzerki taldeak sortutako Kukubel. Pertsonaia horiek guztiak ipuin batean bildu genituen, eta umeei kontatzen diegu eskolan”. Bigarren ardatza sorginak dira. “Akarbaltz Gaua Inkisizioarekin eta sorgin-ehizarekin ere lotzen dugu; eta, hortaz, emakumearen kontrako indarkeria ere jorratzen dugu. Azken batean, Inkisizioa emakumearen kontrako indarkeriaren isla izan zen, eta muturreko jarrera, emakumeak erretzea. Umeei kontatzen diegu sorginak emakume baserritarrak zirela eta asko zekitela inguruko landare era belarrei buruz. Jakintza hori komunitatearen onerako erabiltzen zuten eta horregatik erre zituzten”. Hirugarren ardatza lurrarekiko atxikimendua da, eta, horri lotuta, herriko auzoak, belardia eta landaredia lantzen dituzte.

Aurten, katamalo tailerra egin dute lehenbiziko aldiz eta, aurreikuspenaren arabera, 140 lagun inguru maskara jantzita ibiliko dira ohiko kalejiran. Bizkargi dantza taldeak Xabi Solanoren Errez zenituzten abestirako asmatutako koreografia eta eskolako umeek iaz landutako koplak ere baliatuko dituzte horretan. Erromeria batek amaiera emango dio ospakizunari. “Oso jai parte-hartzailea da hasieratik, eta umeek zein gurasoek hartzen dute parte. Itzelezko giroa sortzen da”.

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).