Lehen sektorea itxuraldatzen

Aikor aldizkaria 2019ko urr. 29a, 12:47

Lorra Bizkaiko nekazari eta abeltzainen elkarteetako kooperatiba da, eta urrian jardunaldia antolatu zuen Bilbon, “Lehen sektorea Bizkaian. Tradizioa edo lanbidea”. Hizlariek lehen sektoreko alderdirik ezezagunena erakutsi nahi izan zuten eta, bide batez, baserritarrei buruz dauden aurreiritziak baztertu. 

Lehenengo hizlaria Javier Garro Lorra kooperatibako Animalia-ekoizpen Arloko arduraduna izan zen. Garrok lehen sektoreak Bizkaiko ekonomiari egiten dion ekarpena azaldu zuen. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen estatistika-datuak erabili zituen. "Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE), 18.000 lanpostu daude lehen sektorean; horietako 7.000, Bizkaian. Era berean, gure jarduera EAEko barne-produktu gordinaren % 0,8 da, baina guri lotuta dauden beste sektore  batzuk gaineratzen baditugu –elikagai-industria, gastronomia eta elikagaiak banatzea–, guztira barne-produktu gordinaren % 10 da", esan zuen Garrok.

Gainera, Lorrako langileak hainbat datu eman zituen Bizkaiko kontsumoari eta ekoizpenari buruz: gazta, arrautzak, eztia, ardoa... "Esnekiei dagokienez, urtean 117 kilo jaten da pertsonako, eta horietatik % 44 Bizkaian ekoizten dira; okelari dagokionez (behi-aziendakoa), urtean 7,36 kilo kontsumitzen da pertsonako, eta % 59 bizkaitarra da; eta bizkaitar bakoitzak 109 kilo fruta jaten du urtean, eta horietatik % 4 baino ez dira gure herrialdean ekoizten".

 

Sektore modernoa

Martin Uriarte Lorra kooperatibako zuzendari kudeatzaileak ere hartu zuen parte jardunaldian. Hark baserriko gaur eguneko egoeraren ezaugarriak eta erronkak izan zituen hizpide. "Gizarteak lehen sektorearen inguruan duen irudia erabat desitxuratuta dago, iraganari lotuta, hain zuzen ere. Hiriko lagunek uste dute baserria folklorearekin eta ohitura zaharrekin zerikusia duen zerbait dela. Eta eredu hori gainditu behar dugu: jakinarazi behar dugu gurea sektore modernoa, jasangarria eta lehiakorra dela", adierazi du Uriartek.

Lehen sektoreak hiru erronka ditu: gazteak erakartzea, teknologia berriak erabiltzea eta emakumea bultzatzea

Lorra kooperatibako zuzendari kudeatzailearen esanetan, azken 30 urteotan, sektoreak aurrerapausoak eman ditu. "Baratzezaintzari dagokionez, ustiategiak gero eta bariatuagoak dira eta horietan ekoizten diren produktuak gero eta hobeak; fruta- eta txakolin-ekoizleek teknologia berriak erabiltzen dituzte kalitatea hobetzeko; gaurko otorduek nutrizio-balio  handia dute... Azkenik, abeltzaintzak izugarrizko iraultza izan du: lehengo baserriak «Noeren ontzia» bezalakoak ziren, haietan askotariko abereak egoten zirelako; gaur egun, ordea, baserriak ustiategi teknifikatuak dira eta dirutza inbertitu dute hobekuntza genetikoan eta azpiegituretan. Lehiakorrak gara Europan, eta ekoizpen berriak agertu dira: barraskiloak haztea, emuak, alpakak, perretxikoak...".

Hala ere, ustiategien kopurua gero eta txikiagoa da. Nekazaritza erroldak 10 urterik behin egiten dira, eta hurrengoa aurten plazaratuko dute. Horrela, 1989an, 27.369 ustiategi zeuden EAEn –12.813, Bizkaian–; hogei urteren ondoren, 2009an, 16.407 enpresa –7.072, Bizkaian– baino ez daude lehen sektorean. Jaitsiera % 40koa izan da. Ildo horri jarraituz, Uriartek esan zuen baserritarrak "nagusiak" direla. Hazi fundazioaren arabera (landa, itsasertz eta elikagaien sustapenerako fundazioa), Bizkaian, ustiategien jabeen % 10ek  40 urte baino gutxiago ditu. "Gazteak lehen sektorean sartzeko neurriak hartzeko premia dugu. 2004an Gaztenek programa jarri zen martxan, eta lagungarria izan da, hari esker 1.000 gazte baserritar egin direlako, baina kopuru hori ez da nahikoa", adierazi du Uriartek.

"Baserritarron lanak hainbat onura ekartzen dizkio naturari, baina hiriko gizarteak ez du herrikoa errespetatzen"

Horretatik aparte, erronka bi gehiago aipatu ditu. Batetik, lehen sektoreko lagunek gutxi erabiltzen dituzte teknologia berriak, beste sektore batzuetan baino askoz gutxiago. Eustat Estatistika Erakundearen arabera, baserritarren % 51k erabiltzen dute Internet, % 46k ez dute helbide elektronikorik eta bakarrik % 6k du webgunea. Beste erronka emakumea lehen sektorean bultzatzea da. Izan ere, gaur egun euskal baserritarren % 30 emakumezkoak dira, baina zuzendaritza karguetan, bakarrik % 10 dira emakumezkoak. Horren harira, 2015ean Emakume Nekazarien Estatutua  jarri zen martxan, emakumezkoek jasaten duten diskriminazioari aurre egiteko. 

 

"Errespetua"

Azkenik, Javier Aramendi Orozkoko abeltzainen elkartearen presidenteak hartu zuen hitza. Aramendiren hitzaldia ez zen besteenak bezain serioa izan, baina zintzotasunez eta gordintasunez jorratu zuen baserritarren gaur eguneko egoera, eta euren lana aintzat hartzeko aldarrikatu zuen. "Baserritarron lanak hainbat onura ekartzen dizkio naturari: haziak zabaldu, suteak kontrolatu, bertoko arrazei eutsi, herriko biztanleriari eutsi... Baina hiriko gizarteak ez du landa- gizartea errespetatzen. Abeltzainok urteak eta urteak daramatzagu mendietan eta ondarea utzi dugu bertan. Hala ere, guztien artean ito egiten gaituzte: legediak, turismoak, basa animaliek, ekologistek... Mendia ez da gurea; denok erabiltzekoa da, baina errespetuz eta jasangarritasunez. Nekazaritza Ministerioa desager dadila, eta Sen Onaren Ministerioa sor dadila".

 

 

XXI. mendeko baserritarra

Hizlarien artean, Jon Lekerika lezamarra ere aritu zen. Lekerika Lorra kooperatibaren presidentea da eta bere ustiategiari buruz hitz egin zuen. Lezamarrak inor baino hobeto islatzen ditu XXI. mendeko baserritarrek egin behar dituzten ahalegin berritzaileak, arrakasta lortzeko. Lekerikatarren ustiategiaren lehenengo hazia aitak jarri zuen Basalbeiti baserrian, Goitioltza auzoan, orain dela 45 urte. Hamabost urte geroago, Jon, Carlos eta Alberto Lekerika Andikoetxea anaiek jarraipena eman zioten aitak martxan jarritako negozioari.

Horretarako, teknologiaren aldeko apustua egin zuten. Gaur egun, 15.000 metro koadroko ustiategiak bost negutegi ditu: kristalezko hiru, loreak eta tomateak ekoizteko; eta plastikozko bi, piperrak eta letxugak landatzeko. "Enpresa batek lehen sektorean aurrera egiteko, dibertsifikazioa da gakoa", aipatu zuen Lekerikak.

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).