Kiroldegiko langileen grebak batez ere Derion du eragina

Aikor aldizkaria 2019ko urr. 30a, 13:05

Kiroldegiko langileek  astelehenean hasi zuten greba eta hori azaroaren 10era luzatuko da. greban dabiltza. Sindikatuek hitzarmena erabat berritzea eskatu dute, langileek soldata “duinak” jasotzeko. Txorierrin, grebak batez ere Derion du eragina.

Txorierrin, Deriok, Sondikak eta Zamudiok dute udal kiroldegia, eta grebaren eragina ezberdina da bakoitzean. Sondikan, grebak ez du inolako eraginik. Momentuz, Gestisport enpresako zortzi langileek ez dute grebarik egingo, eta, ondorioz, erabiltzaileek ez dute bertan eragozpenik izango. Larrabetzuko eta Lezamako langileek ere (lau herri bakoitzean eta Xaker Kirol Zerbitzuak enpresakoak) momentuz ez daude greban. Zamudion, atzo eta herenegun, kiroldegia itxita egon zen, Guedan enpresako zazpi langileetako hiruk greba egin zutelako. Hala ere, langile batek esan duenez, ekonomikoki zaila da aste bitan greban egotea, eta batzuk lanera itzuliko dira. Gaur irekita dago Zamudioko kiroldegia, baina datozen egunetan, inork ez daki grebak nolako eragina izango duen bertan.    

Eraginik handiena Derion du. Xaker Kirol Zerbitzuak enpresak kudeatzen du hango kiroldegia eta 10 langile ditu bertan. Horietako batek ez du bat egin grebarekin, ezta Udalak zuzenean kontratatutako lau lagunek ere. Beraz, zerbitzuak murriztu egin dira: ikastaro gehienak bertan behera gelditu dira, eta igerilekua eta beste instalazioak erabiltzeko ordutegia murriztuagoa izango da. Derioko Udalak jakinarazi duenaren arabera, hau izango da ordutegia: urriaren 30ean, eta azaroaren 4an eta 6an, 9:00etatik 15:15era bitartean; urriaren 31n, eta azaroaren 5ean, 7an eta 8an, 15:15etatik 22:30era bitartean; eta azaroaren 1ean, 2an, 3an, 9an eta 10ean, betiko ordutegian. Era berean, udalak langileen greba-eskubidea errespetatzen duela adierazi du, eta, era berean, pazientzia eskatu die erabiltzaileei. Beste alde batetik, iragarri du instalazioak itxita egoteagatik greba-egunei dagokien zenbateko proportzionala itzuliko diela erabiltzaileei, azken horiek inolako erreklamaziorik egin gabe.

 

Hitzarmena agortuta

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek grebara deitu diete Bizkaiko igerileku, kiroldegi eta kirol-zelaietako langileei: kirol-monitoreak, sarbide-kontroleko lagunak, sorosleak…; eta leku batzuetan, garbiketa eta mantentze-taldekoei ere bai. Guztira, 2.500 langile dira Bizkaian, eta, sindikatuen arabera, langileen % 85-% 90ek bat egin du grebarekin.

“Hitzarmena 2017an bukatu zen. Azken urteotan, hitzarmenak ziurtatu du soldatak kontsumoko prezioen indizea (KPI) gehi 0,5 igotzea, baina hori gaur egun bertan behera utzi nahi dugu, zaharkituta dagoelako. Gure sektorean, behin-behineko langileak % 80 dira eta hitzarmenak soldata duinik ez du bermatzen”, esan du Isabel Garcia ELA sindikatuko bitartekariak.

Era berean, langileek hainbat eskaera egin dituzte: urteko lan-orduen kopurua murriztea (1710 ordutik 1592 ordura) eta soldatei eustea; oinarrizko soldata gordina hilean 1.200 eurokoa izatea; kirol-eskolak prestatzeko denbora lan-denboratzat jotzea, eta, ondorioz, horren truke ere ordaintzea; lan-arropa enpresek ematea; eskolen iraupena murriztea (gaur egun 60 minutukoak dira eta sindikatuek 50 minutukoak izatea nahi dute); euskara eskolak langileei ordaintzea… Eta gainera, jai-egunetan lan egiteagatik gehiago kobratzea. “Orain zortzi euro ematen zaizkie; guk, aldiz, hau proposatu dugu: 40 euro jasotzea ala 25 euro eta egun bat libre”. 

Sindikatuek hainbat hilabete daramatzate enpresekin negoziatzen. Handienek, Guedan eta Emtesport, Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren (Cebek) eskuetan utzi dute negoziazioa. Langileek esan dute negoziazioak itopuntura heldu direla. Enpresariek gauza bera esan dute Cebeken webgunean kaleratutako ohar batean. “Cebekek aurrerapauso handiak eman ditu arazoari konponbidea emateko. Izan ere, hau eskaini dugu: urteko lan-jardunaldia 25 ordu murriztea, eta KPIa 1,5 handitzea 2020an eta 2021ean. Hala ere, sindikatuek eskatzen dutena gero eta urrunago dago gugandik”. Euren esanetan, ordu-murrizketa hori beste hitzarmenetan onartu dena baino askoz handiagoa da.

Enpresek sindikatuei leporatzen diete egoera. “Guk hitzarmenari eutsi nahi diogu, zerbitzua eta langileen baldintzak hobetzeko, baina sindikatuek bakarrik gatazkari eutsi nahi diote. Horrek guztiak kaltea ekartzen die erabiltzaileei”. Era berean, Cebekek azpimarratu du neurriak hartu dituela, behin-behinekotasuna bertan behera uzteko. “Batetik, lanpostu bat egonez gero, hori betetzeko, lehentasuna emango diegu lanaldi partziala duten langileei; eta bestetik, behin-behinekotasun handiena duten enpresek jardunaldia murriztuko dute”. Beste alde batetik, “sindikatuek hala eskatuta”, enpresariek eskaini dute jaiegunetan lan egiteagatik % 25 gehiago ordaintzea; eta % 50 gehiago, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean. Azken bilera urriaren 21ean egin zuten, baina uztailetik erabat geldituta dago negoziazioa.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).