Xaibor, animatzailea: “Lanaz disfrutatzen dut, eta publikoak badaki”

Aikor aldizkaria 2019ko aza. 28a, 12:32

Diskofesta euskalduna ekarri du Txorierriko herrietako eta auzoetako jaietara azken urteotan. Nekaezina da agertoki gainean eta ikuskizun bakoitzean bere onena ematen du. Bere ospeak Euskal Herriko txoko guztietara eramaten du, eta irailean Derion eta Loiun izan dugu. 

Zein da azaroko oporraldiaren osteko lan-egutegia?

Euskararen Egunaren eskutik sartuko naiz berriro jai-giroan, eta Gabonetan 10 ikuskizun inguru eman ohi ditut; 15 ikuskizun, Inauterien harira. Bestalde, abenduan ere aprobetxatzen dut Gabonetan umeei oparitzen diedan DVDa grabatzeko, eta urtarrilean koreografia berriak sortzen eta ikasten ditut udako biran dantzatzeko. Izan ere, nire diskofesta erabat berritzen dut urterik urte: Ene Kantak egitasmoaren abestiak, Go!azenenak, Gatiburenak, pailazoenak, euskal zumba berriak… Kamioiaren itxura ere aldatzen dut urte guztietan, eta oparitzen dudan DVDaren edukia ere berritzen dut.

Urtero ikusten zaitugu Txorierriko jaietan. Nolakoa da bertoko publikoa? Kostatzen da txorierritarrak dantzan ipintzea?

Ez dizuet koiperik eman nahi, baina, oro har, txorierritarrok oso festazaleak eta dantzazaleak zarete. Beharbada, gurasoei umeei baino apur bat gehiago kostatzen zaie ekitaldiaren hasieran; hala ere, animatzen direnean, gehienak ipintzen ditut martxan.

 

“Ez zait gustatzen ordenagailuaren atzean egotea; momentu guztietan egiten dut dantza”

 

Urtean 150 bat emanaldi egin ohi dituzu, eta batzuetan, lau saio, egun berean. Nola ateratzen zara bizirik zurrunbilo horretatik?

Egia esateko, 15 urte daramatzat lan honetan eta, azkenean, gorputza erritmo horretara ohitu egin da. Niri ez zait gustatzen ordenagailuaren atzean egotea eta publikoak nahi duena egitea; nik ikuskizun guztietan, eta momentu guztietan, egiten dut dantza: asko inplikatzen naiz, guztiek nire koreografia berriak dantza ditzaten. Bestetik, aipatu duzuenez, askotan gertatu zait egun berean lau saio edukitzea; ekainean gertatu da: goizean, emanaldi bat ikastetxe batean; eguerdian, beste eskola batean; arratsaldean, beste ikastetxe batean; eta gauean, San Joan jaia herri edo auzo batean.

Ordu biko ikuskizuna eskaintzen duzu.

Lehenengo ordu eta laurdena umeentzako emanaldia da: kamioi-eszenatokiko bigarren solairura igotzen dira txandaka dantzatzeko; ondoren, ilaran ipintzen dira nire DVD berria eta poster-egutegia hartzeko. Horren ostean, familiarentzako ekitaldia hasten da eta hainbat koreografia egiten ditugu, hala nola No rompas más abestiaren euskarazko bertsioa, Trenaren txakatxa, Ikusi mendizaleak eta modan dagoen edozein abesti.

Zein da errazagoa: umeen itxaropenak betetzea ala gurasoenak?

Umeenak, oso konformistak dira eta.

Euskal Herriko plazetara diskofesta euskalduna eramaten duzu. Horretarako, euskal abestiez gainera, modan dauden erdal abestiak euskaratzen dituzu.

Bai, erdal abesti asko euskaratzen ditut. Nire ustez, lanari gogoa eta amodio propioa gehitu behar zaizkio beti, eta nik euskararekiko konpromisoa dut.

Zure abestiak ere konposatzen dituzu. Nondik datorkizu konpositore alderdi hori?

Txikitatik gustatu izan zait konposatzea, hitzak eta musika batuta. Askotan diskoak ere egiten ditut plazetan oparitzeko.

Hamabost urte daramatzazu agertoki gainean. Nolako bilakaera izan duzu?

Urtetik urtera egiten dut muntatze ezberdina: abesti berriak sortu, euskaratu, besteek sortutako euskarazko abestien koreografia ikasi… Hamabost urteak ematen duten esperientzia ere erabiltzen dut ikuskizun bakoitzean.

 

“Lanari gogoa eta amodio propioa gehitu behar zaizkio, eta nik euskararekiko konpromisoa dut”

 

Eta publikoak?

Orokorrean, publikoa beti azaltzen da poz-pozik nirekin. Badakitelako emanaldi guztietan asko inplikatzen naizela eta lanera ez naizela robotak bezala joaten, baizik eta lanarekin eta lanaz disfrutatzera. Eta nik disfrutatzen badut, hori publikoarengan nabaritzen da; kutsatu egiten dira.

Amaitzeko, eta kontatu ahal bada, zein ikuskizun eramango duzu datorren urtean plazaz plaza?

Izenburua oraintsu erregistratu dut: Dantzaokea. Lehen ordu eta laurdenean umeentzako remixak egongo dira, esaterako, Ene Kantak RMX, Pirritx, Porrotx eta Marimotots RMX eta Go!azen 5.0 RMX. Ondorengo 40 minutuan, karaokea abestuko dute kamioira igoko diren gurasoek. Horretarako, 4 m x 4 m-ko LED pantaila ipiniko dut kamioian.

 

 

Showmana

Xaiborren atzean Xabier Totorikaguena Zubiaga dago, eta bera arduratzen da pertsonaiaren inguruan dagoen guztiaz: ikuskizunaren gidoia, abestiak, koreografiak, kamioia plaza batetik bestera eramatea, marketina, argia, soinua, fakturazioa, gizarte-sareak… “Nekagarria da, baina oso gustura egiten dudanez eta nire ogibidea hori dela onartuta dudanez, askoz errazago eramaten dut lan hori guztia. Momentuz ez dut pentsatu ezta zeregin bat ere beste inoren esku uztea”.

Xaiborren esanetan, bera ez da dj-a. “Haiek ez dute koreografiarik egiten eta ez dira abestiak euskaratzeaz arduratzen. Are gutxiago, ikuskizunetan ez dute garrasirik egiten eta ez dute euskarazko azalpen dinamikorik ematen. Neuk bai”. Agertokian barruan duen showmana azaltzen da. “Txantxetan eta errespetuz zirikatzen ditut nagusiak, mugiarazteko edota bion artean konplizitatea sortzeko”.

Lanean ez dagoenean, edozein musika-mota entzuten du. “Bakarrik reggaetona eta techno “matxakoia” alboratzen ditut”. Batez ere euskal musika gustatzen zaio, eta Estatuko 70eko eta 80ko musikaren zalea ere bada. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).