Ezkabako ihesa oroituz

Aikor aldizkaria 2019ko abe. 20a, 11:20

1938ko maiatzaren 22a zen, igande gaua. Iruñea ondoan dagoen Ezkabako San Cristobal kartzela-gotorlekutik 795 presok alde egitea lortu zuten (2.500 zeuden une hartan espetxean). Munduko ihesaldirik handienetarikoa izan zen. Gehienak preso politikoak ziren, gerra-presoak.

Txorierritar talde batek, gotorlekuari itzulia eman ostean, ibilaldia hasi dugu, GR225 jarraituz. (GRak "Grandes Rando­nées" dira, balizatutako ibilbide luzeak. Ka­su honetan, 225 zenbakiak ihesaldiaren data adierazten du, 22an zelako eta bosgarren  hilabetean). Ibilbidea oso ondo markatuta dago eta ez dago galtzerik. Beherantz hasi gara estrata zabal batetik. Gari-solo artean Garrues eta Orrio herrixketatik pasatu, basoan sartu eta Olaitzetik Olabe herriraino joan gara, gure lehen etapako helmugara. Hamalau kilometro inguru dira eta, eguraldiak lagun, erraz bete ditugu.

Iheslariek ez zuten suerte handirik izan. Kasualitatez Iruñetik zetorren guardia bat kartzelatik alde egin zutela konturatu zen, abisu eman zuen eta ehiza berehala hasi zen. Berrehun eta sei hil egin zituzten; harrapatutakoen artean 16 ihesaren antolatzailetzat hartu, eta abuztuan fusilatu zituzten. Hiruk besterik ez zuten lortu muga pasatzea.

Olabe herriaren ondoan lehen hilobia bisitatu dugu. Herrian ezkutatuta aurkitu zituzten, apur bat aldendu, eta bertan fusilatu zituzten. Orain dela ez urte asko, 16 gorpuzki aurkitu dituzte Aranzadi taldeak egindako indusketan; denak gazteak, 25 urtetik beherakoak. Oroigarri xume batek gogorarazten digu gertatukoa. Hunkigarria egin zaigu unea. Herrian beste gorpu batzuk ere aurkitu dituzte; bata, lo egingo dugun hotelaren ondo-ondoan.

Iheslariak txarto elikatuta zeuden, ia oinutsik, gosez, eta gauez ibili behar zuten patruilak saihesteko. Eguraldiak ere ez ei zien lagundu, maiatza hura euritsua izan zen eta. Apurka-apurka, esan dugun moduan, ia denak berriro Ezkabara bidali edo hil egin zituzten. Azkena abuztuan harrapatu zuten, hiru hilabete geroago.

Bigarren etapa hasi, eta bidezidor estu eta polit batetik, ezpelezko tunelak une batzuetan, mendian gora egin dugu; gero bidea zabaldu eta leundu da. Han eta hemen behor ederrak lasai egon dira belarra jaten. Zirimiria apur bat jausten hasi da, basa apur bat egon da, baina eroso ibili gara leku eder hauetatik Leranotz herritik aurrera, berriro mendiko bidezidor estua, itzel ederra. Eta inguruko edertasunarekin kontrastean, beste oroigarri bat, iaz aurkitutako galego biren gorpuak gogoratzen dituena. "Non enterran cadáveres, enterran semente”, Castelaoren aipua irakur daiteke bertan. Saigotsen amaitu dugu gaurkoa. Beste 14 kilometro.

Ez dago ondo jakiterik nondik joan ziren iheslariak. Nafarroa iparraldeko landa eta basoetatik sakabanatu ziren taldeka edo bakarka. Bik, Jose Marinerok eta Valentin Lorenzok, Luzaide inguruan lortu zuten muga gurutzatzea. Neka-neka eginda eta euren burua entregatzeko zorian zeudenean, baserri batera heldu ziren eta bertakoek esan zieten muga 300 metrora zegoela, erreka ostean. Horrela lortu zuten ihes egitea.

Hirugarren etapa Saigotsen hasi dugu mendian gora. Une batean Santiagoko bidearekin bat egiten du, aurrerago berriro banatzeko. Landa zabal batzuk gurutzatu ostean pagadian sartu gara. Pagadi ederra benetan, eta ez dugu hura utzi Sorogaineko mendi aterpera heldu arte. Hamabost kilometro izan dira gaur. Sorogain pagadi arteko larreek osatzen dute, zaldi ederrek, behiek, ardiek... eta mendi aterpea afaldu eta lo egiteko. 

Sorogain inguruan ere hainbat iheslari harrapatu zituzten, baina batek, Leoneko Jovino Fernandezek, artzain baten laguntzaz Urepelera heltzea lortu zuen. Hamabi egun eman zituen ihesaldian, belarra eta haritzen hostoak janez. Esan beharra dago, egun batzuetan atsedena hartu ostean, hirurak Bartzelonara joan zirela, frontera, berriro borrokatzera. Gerra galduta, Frantziako kontzentrazio-esparruetatik pasatu ondoren erbestera joan ziren, eta bertan hil.

Gure GR225ak  Jovinok egingo zuen ibilbideari jarraitzen dio gutxi gorabehera, zeren ez baitago zehatz-mehatz jakiterik. Laugarren eta azken etapak Sorogainetik Urepeleraino eroan gaitu. Hasieran malda-gora pista zabal batetik izan arren,  gehiena pagadi handi eta eder batetik behera da. Bide bazterreko pago batzuk ikusgarriak dira. Hamar kilometro inguru egin ostean heldu gara Urepelera, Jovino heldu zen moduan. Berau gogoratuz eta Xalbador bertsolariaren oroigarrian argazkiak ateraz eta "Xalbadorren heriotzean"  abestuz amaitutzat eman dugu gomendagarria den ibilbidea. Bai bere edertasunagatik, bai gure memoria historikoaren parte garrantzitsua delako.