Berbalagunak

“Asteartero gelditzen gara, euri zein ateri”

t/a: Jose Angel Mentxaka 2020ko ots. 7a, 13:44

Bizkaiko Berbalagun Birako taldea

Ikasturte honetan, beste talde bat sortu da Txorierriko Berbalagunean. Baina hori talde berezia da, ez baita leku finko batean batzen: talde ibiltaria da eta egun bakoitzean leku batetik ibiltzen da, oinez, mendiz mendi, Bizkaiko Bira egiten.

 

Zergatik berbalagun talde hau sortu?

Aspaldian konturatu ginen berbalagunen artean –Txorierrin, behintzat–  mendizale asko geundela, mendian ibiltzea gustukoa genuenok. Bestalde, erretiroa eta aurretiko erretiroa direla-eta aste barruan astia dugunok ere ez gara gutxi. Beraz, asteko egun batean leku finko batean bildu beharrean, goiza mendian pasatzea pentsatu genuen, euskaraz berba egiten genuen bitartean, jakina! 

Eta zergatik Bizkaiko Bira?

Asteartero biltzen gara, eta astero nora joan erabakitzen ibili ordez, Bizkaiko Bira egitea otu zitzaigun. GR123 da eta ibilbide finkoa dauka; hortaz, astero etapa bat egiten dugu. Portugaleteko Zubian hasi ginen, mendebalderantz, eta asmoa da bira bertan ere amaitzea, baina ekialdetik. Etapa "ofizialak" nahiko luzeak direnez –30 km-koak ere badaude–, gure erara egokitzen ditugu eta astearte bakoitzean 15 km inguru egiten saiatzen gara; ez gehiago.

Zelakoak dira etapak?

Orain artekoak, oso-oso ederrak. Lehenengo etapetan itsasoa izan dugu alboan. Oso polita da menditik ibili eta aldi berean itsasoa ikustea! Barrurantz egin eta itsasoa utzi dugu, baina lekuak are ederragoak bihurtu dira: Karrantza ingurua, esate baterako. Bestetik, orain arte gehienez 600 metroko desnibela igo dugu, helburua ez baita tontorrak egitea. Etapa gehienetan, ibilbidea ondo edo oso ondo markatuta egon da eta erraz jarraitzeko modukoa izan da. Hala ere, badaezpada, Maps aplikazioa eta GPSa eramaten ditugu beti: adibidez, egindako azken bi etapetan ez da marka bat ere egon eta GPSa erabilita egin behar izan ditugu, baina azarorik ez.    

Zelan konpontzen zarete joan-etorriak egiteko?

Denetarik egin dugu. Hitzordua asteartero, 08:30ean, izaten dugu Derioko Kultur Birikan, eta joan-etorriak hortxe bertan antolatzen ditugu, batzen garen lagun-kopuruaren eta etaparen arabera. Lehen etapa, esaterako, trenez eta autobusez egin genuen, eta inoiz auto bi erabili izan ditugu: auto bat ibilbidearen amaieran utzi eta beste autoarekin ibilbidearen hasierara joan. Lagunen bat ere etorri da gure bila, eta azken etapetan taxia hartu dugu. Hasieran etxera itzultzen ginen bazkaltzera, baina azken etapak nahiko urrun izan direnez, amaitu dugun herrian bazkaldu dugu eguneko menua. Ederto konpondu gara orain arte.

Eguraldia lagun izan duzue?

Esan behar da beti “B” plana dagoela. Gure asmoa da asteartero gelditzea, euri zein ateri, eta eguraldiaren arabera bertan erabakitzea zer egin: mendi-ibilaldia edo beste zeozer. Suertea izan dugu orain arte, eguraldia ia beti lagun izan dugu eta. Behin, euria barra-barra ari zuen eta Gallartako Meatzaritza Museora joan ginen; guztiz gomendagarria da. Beste behin, euri-itxura zuen eta paseoa egin genuen itsasertzetik.

Euskaraz egin nahi duen eta mendia gustatzen zaion edozein lagunek egin dezake zuekin bat, ezta?

Bai horixe! Astearte goizen bat libre duenak eta 15 kilometro inguru menditik ibiltzeko prest dagoenak, animatu eta etortzea besterik ez dauka. Bakoitzak ahal duenean: ez da zertan astero etorri behar. Ondo pasatuko du eta euskaraz hitz egingo du paraje ederretatik ibiltzen den bitartean. Bizkaiko Birak 410 kilometro ditu eta dagoeneko 90 kilometro ditugu eginda. Era berean, elkarrizketa egin orduko Lanestosa-Los Tornos etapa burutu dugu eta Lanestosa Txorierritik urrunen dagoen Bizkaiko herria da; beraz, hemendik aurrera hurbiltzen hasiko gara. 

 

Bizkaiko Berbalagun Biraren ibilbide-orria

 

1. etapa.  Portugalete - La Cuesta auzoa (Zierbena)

Bizkaiko Bira Portugaleteko Bizkaiko Zubian hasi dugu. Itsasadar ondotik Santurtzira ailegatu gara eta laster, Mamariga auzotik, Serantes mendiko lehen aldapak igo ditugu. Eguraldi ederra egon da eta apurka gora eginez tontorrera heldu gara (452 m). Oso ikuspegi ederrak, gailurretik. Mendiaren beste aldetik jaitsi gara eta Zierbenako La Cuesta auzora heldu gara. Hamar kilometro egin ditugu eta gaurkoz nahiko zela iritzi diogu. Autobusa hartu dugu itzultzeko.     

2. etapa.  La Cuesta auzoa (Zierbena) - Muskiz

Hainbeste egun euritsuren ostean, eguzkitsua eta ederra izan da gaurkoa. Etapa Zierbenako La Cuesta auzoan hasi dugu. Aldapan gora egin dugu eta laster Luzero Lurmuturrera ailegatu gara. Ikuspegi ederrak mendi horretatik: itsasoa eta portua, mendebaldetik; eta lurralde menditsua, hegoaldetik eta ekialdetik. Txorierri lainotuta ikusi dugu handik. Jaitsi gara eta La Arena hondartza zeharkatu dugu. Zubitxoa gurutzatu dugu eta Pobeña auzora heldu gara. Estrata bati jarraitu diogu eta, menditxo bat inguratuta, laster ailegatu gara Muskizera. Gaur 10 kilometro egin ditugu ia konturatu barik.

3. etapa. Muskiz - Las Muñecas mendatea (Sopuerta)

Muskizen bertan hasi gara mendira igotzen. Bostehun metroko desnibela egon da, dena basoan, baina ez zaigu gogorra egin. Etapa Las Muñecas mendatean amaitu dugu, Sopuertan. Bederatzi kilometro baino ez dira izan eta gaurkoa bi ordu eta erdian egin dugu. Eguraldia haizetsua izan arren, zoragarria ibiltzeko.  

4. etapa.  Las Muñecas (Sopuerta) -  Turtzioz.

Laugarren etapa Las Muñecas mendatean hasi dugu. Hasiera ez da oso erakargarria izan: gora egin dugu pista zabal batetik, pinu eta eukalipto artean, eta eskerrak une batzuetan itsasoa ikusi dugula. Gora heldu garenean onerako aldatu da paisaia: larre berdeak, behi eta zaldi ederrak, trikuharri nahikotxo… Baso ederretatik jaitsi gara eta urez betetako erreka ikusgarriak ikusi ditugu. Agüera Kantabriako auzora heldu gara eta beste bide polit batetik jarraitu dugu, etxe ederren artean. Laster Turtziozera ailegatu gara. Lau ordu eta erdiko ibilaldia egin dugu gaur: 18 kilometro baino gehiago. Goian hotz apur bat egon bada ere, eguraldia primerakoa izan da ibiltzeko. Turtziozen bertan bazkaldu dugu.

5. etapa.   Turtzioz - Ranero (Karrantza)

Turtziozetik irten gara. Hasiera gorantz izan da: bost kilometroan 600 metroko desnibela igo dugu. Eguna eta ingurua ikusgarriak izan dira; eta bidea, landa berdeak eta harkaitzak tartekatzen zirela, ezin ederragoa. Karrantza gainetik  joan gara –bai, Karrantza gainetik ibili garen sentsazioa izan dugu, zeren eta une oro behean bailara ikusten baita–, ertz batetik, eta aurrean haitzezko mendiak izan ditugu: ikuspegi ederrak, alde guztietatik. Azken kilometroak laburtu egin ditugu eta Ranero auzoraino zuzen jaitsi gara. Hamabost kilometro egin ondoren, Concha auzoan bazkaldu dugu.  

6. etapa. Ranero (Karrantza) - Lanestosa

Lehen hiru kilometroak beherantz egin ditugu, Ranerotik El Molinar bainuetxeraino. Erreka gurutzatu dugu, trenbidea ere, eta bideari ekin diogu gorantz: 600 metro inguruko desnibela izan dugu aurretik. Aurreko etapetan bidea ondo adierazita egon da, baina gaur, bainuetxetik aurrera, ez dugu seinale bakar bat ere ikusi eta GPSa erabilita jarraitu behar izan dugu. Igo ahala Karrantza osotasunean ikusi dugu: handia da, Bizkaiko herririk handiena hain zuzen ere. Haran honetako bide tipikotik ibili gara: larre berde-berdeak, behiak nonahi eta horiek gordetzeko gorta itzelak; purin-usaina ere, galanta. Saiak talaietatik begira-begira izan ditugu, eta orkatz batzuek korrika egin dute alde larretik gora. Kilometro batzuetan bidea nahiko laua izan da, eta Lanestosara heltzeko geundela uste izan dugunean sorpresa atsegina hartu dugu: bideak eskuinaldera egin du eta inguru harritsu batean sartu da. Ibilbideari antzinako burdina-meategia ziruditen zulo sakon batzuen ertzetik jarraitu diogu, eta halako batean zuzen-zuzen egin dugu harkaitzetik behera. Eskerrak hasieran egurrezko eskailerak egon direla, eta gero, pasabide estu batetik igarotzeko, egurrezko babeskiak. Ez genekien Bizkaian holakorik zegoenik! Behera sigi-saga kontuz eginez sartu gara baso eder batean eta, handik irten barik, Kobenkobara heldu gara; eta harrizko eskailera luzeetatik, Lanestosara. Gaur ere 15 kilometro inguru egin ditugu. Bertan bazkaldu dugu ondo eta merke.

7. etapa. Lanestosa – Los Tornos mendatea

Etapa laburrena izan da, beharbada: bederatzi kilometro inguru. Hasieran, erreka ondoko bide batetik joan gara, astiro-astiro igotzen eta hainbat auzotatik pasatzen. Azken bi kilometroetan, ostera, dena aldatu da eta menditik gora egin dugu ia 500 metroko desnibela igota. Bidexkak sigi-saga egiten zuen, baina ez zaigu gogorra egin. Antzinako harrizko galtzada baten aztarnak nabariak izan dira leku askotan. Aurrekoetan moduan, gora igo ahala ikuspegiak zabaltzen joan dira eta urrunean itsasoa ikusi dugu. Etapa honetako arazo bakarra haizea izan da: une batzuetan makurtu eta gure burua ia lurrera bota behar izan dugu haizeak eraman ez gaitzan. Etapa Lanestosan eguneko menu ona eta merkea bazkalduta amaitu dugu.  

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).