Angela 87 urteko derioztarra da. “Gu kalera ateratzea nahi ez badute, zerbait eskaini behar digute. Argi dago egunero ez dugula kalera joateko beharrik, baina batzuetan, bai. Eta Gurutze Gorriak eskainitako zerbitzua oso ondo dago”, esan digu. Angelak zerbitzuaren berri izan zuen eta Gurutze Gorrira deitu zuen. Boluntarioek erosketak egin zizkioten. “Esan didate astean behin erosketak egingo dizkidatela, eta zerbait gehiago behar izanez gero, haiei deitzeko. Aspertuta nabil, guztiok moduan, baina itxialdia ondo daramat, etxezalea naizelako”.
Txorierri ez da beharrizan handirik egon, baina Angela bezalako lagun batzuk ditugu bailaran. Gurutze Gorriak emandako datuen arabera, ia 30 lagunek erabili dute boluntarioen laguntza-sarea, eta guztira 40 boluntario daude. Gurutze Gorriak kudeatzen du zerbitzua eta kuartel nagusia Derioko Kultur Birikan jarri zuen lehengo astean. Boluntarioetako bat Marian derioztarra da. Marian sukaldaria da ikastetxe batean, eta bere lana, askorena moduan, eten egin da. “Beste batzuei laguntzeko aukera zela iruditu zitzaidan. Egoera larria da eta premiazko neurriak behar ditugu hura gainditzeko, hau da, guztiok inplikatzea,”, aipatu digu.
Marian: “Egoera larria da eta premiazko neurriak behar ditugu hura gainditzeko, hau da, guztiok inplikatzea”
Marian edozein gauza egiteko prest agertu da Gurutze Gorrian. Lehenengo egunean, Deriora bidali zuten, nagusi batzuei erosketak egitera. Gainera, errezeta bat hartu zuen Sondikako anbulatorioan, Loiuko baserri batera eramateko. Emakumeak ez dio beldurrik kutsatzeari. “Segurtasun-neurriei eta higieneari eusten badiezu, ez dago arazorik. Lanean ere eskaintzen diot arreta berezia garbitasunari, sukaldean oso zorrotzak garelako; beraz, eskularruak eta maskara janztea ez zait kostatzen”.
Marianek beti sentitu du elkartasunaren deia. “Gaur egun amari eta auzokide batzuei ere laguntzen diet. Oxfam eta DYA elkarteen kolaboratzailea izan naiz, baina besterik ez; ez naiz inoiz gizarte-lanetan ibili. Lehen pentsatzen nuen erretiroa hartzen nuenean boluntario ibiliko nintzela. Batez ere arazoak dituzten gazteak interesatzen zitzaizkidan, baina esperientzia polit hau bizi eta gero, prest nago laguntza behar duen edozeini emateko”.
Larrabetzu
Gurutze Gorriaren sarea Txorierri osora zabaldu da, Larrabetzura izan ezik. Han lehenago jarri zuten martxan laguntza, Naia Madariaga zinegotziak azaldu digun moduan. “Harremanetan egon gara Gurutze Gorriarekin eta argibide pila bat eman digute, batez ere higiene eta segurtasun-neurriei dagokienez, baina guk sarea lehenago sortu genuen eta gure kabuz jarraitzea erabaki genuen. Gainera, eskaera handirik ere ez dugu eta ez dugu kanpoko laguntzarik behar, gazteek aurrerapausoa eman dutelako eta laguntzeko prest agertu direlako”.
Guztira, 25-30 lagunek osatzen dute herriko sarea eta momentuz lauzpabost larrabetzuarrek baino ez dute laguntza eske deitu. Gazteak dira zerbitzuaren motorra. “Gazteei beti leporatzen diete ezer egiten ez dutela, kezkarik ez dutela…; Larrabetzukoek, aldiz, jarrera paregabea erakutsi dute eta agerian utzi dute arduratsuak direla. Gure gazteek txalo zaparrada galanta merezi dute”, esan digu zinegotziak. Bere ustez, herriko merkatari txikiek ere primeran jokatu dute. “Izugarrizko esfortzua egiten dabiltza. Izan ere, egoera bereziki eurentzat da bortitza; hala ere, erosketak eurek ere prestatzen eta eramaten dituzte bezero batzuen etxeetara. Eskertzekoa da”.
Zinegotzi batzuk ere sartu dira sarean. “Astero deiak egiten dizkiegu herriko nagusi batzuei, haiei laguntza emateko. Gehienek ez dute ezer behar, senideren batek edo auzokideren batek laguntza ematen dietelako, baina isolamendua gogorra da, ordu asko dira eta, gutxienez, berba egiteko aukera ematen diegu (kar, kar). Laguntza-sarea eurei hurbildu nahi diegu; bakarrik ez daudela jakin dezaten”.
Naia Madariaga: “Astero deiak egiten dizkiegu herriko nagusi batzuei, haiei laguntza emateko. bakarrik ez daudela jakin dezatela”
Caritasen lana
Boluntarioek erantzuna eman diote egoera larriari. Hala ere, COVID-19a gurean izan baino lehen, boluntarioak egon bazeuden gure herrietan. Caritas elkarteak, esate baterako, hiru programa garatzen ditu Txorierrin, eta horietako kide bat Begoña sondikoztarra dugu. “Astean behin, bisitaren bat egiten nion bakarrik bizi zen nagusiren bati. Koronabirusaren eraginez, aldiz, utzi diogu joateari, baina telefonoz deitzen diegu astean behin edo birritan. Haiekin hitz egiten dugu, zerbait behar duten galdetzen diegu…”, adierazi du.
Caritasek beste zerbitzu bi eskaintzen zituen, baina pandemiak aldaketak ekarri ditu bietan. “Bata umeei dago zuzenduta, batez ere etorkinei. Haiek ere badaude etxean eta laguntza eskaintzen zaie telefonoz. Gainera, astean bitan bideodeien bidez ordu biko eskola ematen zaie. Eta beste proiektua harrera-zerbitzua da. Hori batez ere etorkinek erabiltzen dute, baina azken bolada honetan baita bertako lagunek ere. Aholkularitza jasotzen dute hainbat esparrutan: dirulaguntzei buruz, esate baterako”, kontatu digu Begoñak.