Itsasne Zubiri Berbalagun egitasmoaren arduradunak azaldu digunez, bideodeiak egitea berbalagun talde baten proposamena izan zen. “Bideodeiak Duo aplikazioaren bidez egiten hasi ginen eta ikusi genuen oso ekintza positiboa zela: astero elkar ikusten zutenak berriro elkartu dira eta haien artean oso giro ona dagoenez, bada, aberasgarria da. Gainera, kameraren aurrean ipintzen zara eta lagunak ikusten dituzu; beraz, pozten zara. Lehenengo erreakzioa irribarre egitea da, eta sasoi honetan irribarrea ikustea oso adierazgarria da”.
“Lehenengo erreakzioa irribarre egitea da, eta sasoi honetan irribarrea ikustea oso adierazgarria da”
Bestalde, ekimenak egunerokotasunera hurbiltzen ditu berbalagunak eta, nahiz eta beste modu batean izan, taldekideek ohiturari eusten jarraitzen dute eta berdin-berdin batzen dira. “Inportantea da jendea ikustea eta harremanetan egotea”. Lagunei eguna alaitzeko tresna ere bada, eta haiekin gogoratzen garela esateko. “Lehengo egunean, adibidez, berbalagun baten urtebetetzea izan zen eta sorpresa eman genion. Berak jakin gabe konektatu ginen, eta deia hartu zuenean –kostatu zitzaigun– , Zorionak zuri abestu genion. Oso polita izan zen, izan be, aurtengoa bezalako urtebetetzerik ez du berriro izango; hori espero dugu behintzat”.
Berbalagun-talde gehienak animatu dira euskaraz hitz egiteko elkarretaratzea online egitera. “Talde guzti-guztiek ez dute egin, euren aukera delako: gauza berria da eta batzuetan kostatzen zaigu berritasunetara moldatzea. Dena dela, gustatuko litzaidake azpimarratzea Sondikan nagusiek osatutako taldea dagoela eta guztiek telefonoan aplikazioa ipini dutela astero euskaraz egiten jarraitu ahal izateko. Halaber, nire ustez, animatzen denak errepikatu egiten du”.
Marisol Bilbao Sondikako talde horretako berbalaguna da. Lehen, bera eta beste zazpi emakume eguaztenero, 09:30ean, batzen ziren pasieran ibiltzeko. Larrabarrenarantz joan ohi ziren, edo eguraldi txarra eginez gero, kafe bana hartzera; ohiturak aldatu behar izan dituzte COVID19aren eraginez. “Bideo-deia egitea onuragarria da etxealdi luze honetan, besteak beste, ohikoa den jarduerarekin jarraitzea ahalbidetzen digu eta euskaraz hitz egiten jarraitzen dugu. Era berean, gure arteko harremana bizirik mantentzen da: elkarri entzuteak eta elkar ikusteak pozten gaituzte, besteen berri izateak, norberaren zereginak eta sentimenduak partekatzeak… Horrezaz gainera, pizgarria da sedentarismoan ez erortzeko”.
“Besteak beste, ohikoa den jarduerarekin jarraitzea ahalbidetzen digu eta euskaraz hitz egiten jarraitzen dugu”
Familiarekin hitz egiteko bideodeia erabilita zuen arren, sondikoztarrak aitortu digu ohitura faltagatik hasieran arraroa egin zitzaiola. “Ez nekien zelan jarri eskuko telefonoa, norberaren burua ikustea ere… Dena den, positiboa iruditu zitzaidan. Bigarren egunean naturalago sentitu nintzen, poz-pozik”. Bilbaok esan digunez, batzuetan laguntza behar du teknologia berriak erabiltzeko eta Berbalagun egitasmoaren arduradunaren argibideei arreta handiz jarraitu behar izan die aplikazioa telefonoan ipini ahal izateko. “Jo eta ke ibili naiz, eta azkenean senarrarena erabili behar dut, nireak memoria gutxi du eta. Bueno, bidean zer edo zer ikasi dut. Gainera, gauza berriak probatzea eta ezagutzea gustatzen zait: ona da gure garapenerako, malguagoak egiten baikaitu”.
Lagungarria
Koronabirusa gai nagusia da Sondikako taldearen bideodeietan, baina lehen bizipenak, osasuna, sukaldaritza, kultura, bidaiak, gizarte-gaiak… zituzten hizpide. Baina Bilbao baikorra da eta etxealdian ere bizitzak jarraitzen duen mezua helarazi nahi digu guztioi. “Benetako besarkadak emateko garaia helduko da. Ordura arte, lagunak, eta eutsi gogor!”.
Itxaso Llaguno derioztarra ere ez da oso trebea teknologia berriekin, baina ondo moldatzen da Berbalagun egitasmoaren arduradunaren argibideei esker. “Astelehenetan elkartzen gara lauzpabost lagun. Azken egunotan guztiok gabiltza apur bat galduta, eta berbalagunekin egoteak eta mintzapraktika egiteak eramangarriagoa egiten dute egoera. Eta euskaraz bizi izateaz gainera, oso dibertigarria da”. Koronabirusa bere taldean ere da gai nagusia. “Baina nahi dugun edozein gauzari buruz hitz egin dezakegu; oso saio atseginak dira”.
“Berbalagunekin egoteak eta mintzapraktika egiteak eramangarriagoa egiten dute egoera"
Ana López de Lerena zamudioztarra, berriz, ondo moldatzen da bideodeiekin. “Gure taldea astelehenetan batzen da 18:30ean. Lehen zortzi lagun elkartzen ginen; orain, lau”. Hizpide Covid19ak eragindako egoera dute. “Nola moldatzen gabiltzan kontatzen diogu elkarri, bizitza, koronabirusari buruzko berriak, beste lagun batzuei buruzkoak…”. López de Lerenak ere inportantetzat jo du gainerako berbalagunekin harremanetan jarraitzea. “Lagungarria da, izan ere, hainbeste egun daramatzat inor ikusi gabe… Ez da bakarrik besteei entzutea edo haiek ikustea… Bizitzara normaltasun apur bat ere ekartzen dit”. Erabateko normaltasunera itzuli arte, hain zuzen ere, online elkartuko dira berbalagunak astero-astero, euskaraz aritzeko, elkarrekin egoteko ohitura ez galtzeko eta konfinamendua apur bat eramangarriagoa izateko.