Koronabirusa

Hotelak, kaltetuenetarikoak

Aikor aldizkaria 2020ko mai. 20a, 19:00

Apurka-apurka bagabiltza etxetik ateratzen. Itxialdia arintzeko neurriak ezarri arren, izugarrizko mugak ditugu leku batetik bestera mugitzeko eta beste lagun batzuekin elkartzeko. Horregatik, COVID-19 birusak eragindako krisiak bereziki kolpatuko du turismoa: ekitaldirik ezin dira egin –ez ezkontzarik, ez senideen arteko bazkaririk– eta pertsonok etxetik gertu baino ezin gara joan. Hiru hotelekin hitz egin dugu eta sektorearen egoeraren berri eman digute: Lezamako Matsa, Derioko Hotel Seminarioa eta Zamudioko Aretxarte. 

"Egoera larria da, batez ere ezer ez dakigulako", dio Sorkunde Landeta Matsa Lezamako hoteleko jabeak. Matsa txikia da, 16 gela ditu eta hiru lagunek egiten dute lan bertan: Sorkunde bera, senarra eta garbitzaile bat. Hotela maiatzaren 11n ireki zuten. Batzuen iritziz, goizegi. "Batzuek galdetu ziguten zergatik zabalduko genuen eta erantzuna oso argia da: itxita jarraitzen badut, ez dut sosik ere irabaziko; irekitzen badut, ordea, behintzat gelaren bat alokatuko dut".

Lehenengo astean, esate baterako, lau lagunek egin zuten lo Lezamako landetxe horretan. Normalean, langileak, turistak eta erromesak dira Matsa hotelaren bezeroak. "Orain dela 20 urte amaginarrebak jarri zuen martxan landetxea eta, harrezkero, betiko bezeroak ditugu. Enpresak itxita daude, baina apurka-apurka, deiak jaso ditugu gelak alokatzeko. Bestetik, erromes gutxi etorriko dira".

Bisitariek ezin dituzte esparru komunak erabili eta nork bere gelan gelditu behar du. Terraza ere erabiltzeko aukera dute. Segurtasun-tarteak errespetatzeaz gainera, Matsakoek bereziki zaindu dute garbitasuna. "Maskarak eta gela erabiltzen ditugu. Gel-banagailuak ere jarri ditugu bezeroen eskura. Eta gelak garbitzeko, lexia eta bakteriak kentzeko produktuak erabiltzen ditugu. Horretarako, lainoztagailuak ere erosi nahi ditugu, baina oraindik ezin izan dugu, denda askotan agortu direlako".

Sorkundek beltz ikusten du etorkizuna, baina alde ona ere ikusten dio krisialdiari. "Adituek diote gaixotasuna udazkenean piztuko dela berriro. Ez dakit, gurea hotel txikia da, semea bezalakoa, eta edozein gauza egingo genuke aurrera ateratzeko: ordu gehiago lan egin behar badira, egingo ditugu. Bitartean, martxotik maiatzera bitartean oporraldi txiki bat izan dugu eta hori gu bezalako autonomoentzat luxua da".

 

Berritzaileak izateko garaia

Lezamatik gertu Aretxarte hotela dugu, Zamudion. Horiek astebete beranduago ireki zuten terraza, atzo, maiatzaren 19an, baina hotelak momentuz itxita jarraitzen du. "Krisiak dena aldatuko du,  esate baterako, zelan zerbitzatu: lehen bezeroak aukeratzen zuen non eseri; orain aldiz, guk eraman behar dugu mahaira. Egoera berri honetara egokitu beharko dugu, berritzaileak izateko garaia izango da", uste du Egoitz Ayarza Aretxarte hoteleko zuzendariak. Ezjakintasuna ere bada Egoitzen ardura handienetariko bat. "Turismoak harremana du hainbat sektorerekin eta kezkatuta gaude. Ez dakigu zelan gaindituko dugun urtea. Laguntza beharko dugu".

Aretxarten 30 gela daude eta guztira, 32 langile aritzen dira han. Terraza kudeatzeko, bakarrik sei lagun hasi dira lanean. "Maiatzaren 25ean bigarren fasea hasiko da eta handik aurrera mugimendu handiagoa egotea espero dugu. Guztira, 20 mahai jarri ditugu terrazan eta bazkariak eta edariak eskaintzen ditugu". Lanegunetan, Teknologia Parkeko langileak dira Aretxarteko bezeroak; era berean, udan batez ere ekitaldiak antolatzen dira bertan. "Aurten, 30 ezkontza ospatzeko asmoa genuen, baina datorren urterako atzeratu behar izan ditugu".

 

Hotel solidarioa

Derioko Hotel Seminarioa Txorierriko handienetarikoa da: 75 gela eta 12 langile ditu. Besteen moduan, itxita egon da azken hilabete hauetan; hala ere, lagun batzuek bertan egin dute lo. "Eusko Jaurlaritzako Turismo sailak adierazi zigun Osakidetzako langileek gelaren bat beharko zutela eta hotela eskaini genuen. Hasieran kutsatzeari beldur genion, baina  poz-pozik gaude esperientziarekin. Apirilaren 6an, lehenengoak etorri ziren eta azken asteotan 30 mediku eta erizain izan ditugu. Apurka-apurka nor bere etxera joango da", aipatu digu Edurne Berben jabeak. Betiko bezero batzuek ere egin dute lo Seminarioan azken aste hauetan.

Garbitasunari dagokionez, Derioko hoteleko lagunek Jaurlaritzak emandako argibideei jarraitu diete. "Xaboia, maskarak, eskularruak eta holtzak erabiltzen ditugu. Era berean, ostalaria gurean dagoen bitartean ez dugu gela garbitzen, harremana ekiditeko; alde egiten duenean, aldiz, egun batean aireztatzen dugu gela; hurrengoan, garbitzen dugu; eta ondoren, astebeteko koarentenan uzten dugu, inork ez erabiltzeko". 

Etorkizunari begira, Edurne ez da oso baikorra. "Edozein gauzak du eragina turismoan. Beraz, era berriak asmatu beharko ditugu jendea berriro erakartzeko: adibidez, prezioak jaitsiko direla uste dut. Txorierriko hotelok abantaila izango dugu: oso handiak ez gara eta berton ez dira jende askorik batuko. Susperraldia egon egongo da, baina motela izango da. Nik esango nuke hiruzpalau urte beharko ditugula erabateko normaltasuna berreskuratzeko. Borrokatuko dugu horretarako".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).