“Orain inoiz baino gehiago egon behar dugu tokiko establezimenduen ondoan”

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 11a, 11:46

Alex Loustaunau, EGAZ Txorierriko kudeatzailea

EGAZ Txorierri Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko Sustapen Ekonomikoko Zerbitzua da. Une latz honetan, zerbitzuak eta baliabideak indartu ditu tokiko merkataritzari eta ostalaritzari aurrera egiten laguntzeko.

Zeintzuk dira Txorierriko merkataritzaren eta ostalaritzaren ezaugarriak?

Hainbat izaeratako saltokiak ditugu eta produktu- eta zerbitzu-mota asko eskaintzen dituzte. Merkataritza, ostalaritza eta beste zerbitzu batzuk kontuan hartuta, guztira 253 establezimendu daude Txorierrin eta 720 pertsonari baino gehiagori ematen diete lana. Lanpostu horiei nola edo hala eusten ahalegindu behar dugu, alde batetik, familia askok diru-sarrera horien beharra dutelako, eta bestetik, establezimenduek bailarari bizia emateaz gainera, haiei esker edonork nahi duena Txorierritik atera barik eskura baitezake. Esandakoa nabaria izan da azken asteetan, eta benetan eskertzekoa da pertsona askok egin duten lana: prebentzio- eta seguritate-neurriak kontuan hartuta, lanean jarraitu dute oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko eta txorierritarrok denetarik izateko. Gainera, pertsona horietako askok talde zaurgarrienei laguntzeko ekimenetan ere hartu dute parte.

“Guztira 253 establezimendu daude Txorierrin eta 720 pertsonari baino gehiagori ematen diete lana”

Zeintzuk dira euren kezkak?

Epe laburrera, likideziarik eza; hau da, diru-sarrerarik gabe gastuei nola egin aurre. Eta epe ertainera, egoerak sortutako ziurgabetasuna: noiz arte iraungo duen; bezeroak berriro nola erakarri; jarduerari berriro ekiteko, zer nolako prebentzio- eta segurtasun- neurriak hartu beharko diren; bizitzeko era nola aldatuko den, eta, ondorioz, kontsumo-ereduak…

Nola laguntzen die EGAZ Txorierrik?

Hurbiltasuna gure baliorik handiena izaten saiatu gara beti, eta gure tresnarik onena hau da: entzutea, laguntzea eta elkarlanean aritzea. Hortik abiatuta, enpresei eta tokiko negozioei ematen diegu aholkua eta, besteak beste, heziketa- eta enplegu-planak eskaintzen dizkiegu eta aukera eta merkatu-hobi berriak topatzen laguntzen diegu. Hori guztia eskualdearen benetako beharrizanak ezagututa egiten dugu. EGAZ Txorierrik hainbat establezimendurekin ipini da harremanetan, aurre egin behar dieten zailtasunak bertatik bertara ezagutzeko eta elkarrekin Txorierriko berpizte-plana diseinatu ahal izateko. Era berean, saltokien zalantzak argitzen gabiltza, laguntza ematen diegu erakundeen laguntzak eskuratzeko eskabideak aurkeztu ahal izan ditzaten, eta eurengan eragina duten arauen aldaketak ere jakinarazten dizkiegu. Bestalde, ahal dugun heinean, martxan ipinitako pizgarri- edota bonu-kanpainen berri ematen diegu eta haiekin bat egitera animatzen ditugu. Orain inoiz baino gehiago, gure zeregina euren ondoan egotea da informazioa eskaintzeko, laguntzak eskatzen laguntzeko eta tokiko ekonomia bultzatzeko.

Eta etorkizunari begira?

Txorierriko saltokien benetako beharrizanetara egokitutako zerbitzuak eskaintzen jarraitu behar dugu, betiere erantzuna emanez edota erakunde eskudunetara bideratuz. Horren harira, Txorierriko udal bakoitza herriko establezimenduetarako laguntzak aztertzen dabil, eta laguntza horiek zeintzuk izango diren jakinarazten hasiak dira: EGAZ Txorierrik laguntzak zabaltzen lagunduko die. Era berean, udalekin lanean gabiltza enplegua suspertzeko ekintza zehatzak martxan ipintzeko, hala nola ibilbide pertsonalizatuak, heziketarako eta ekintzailetzarako txekeak eta kontratatzeko laguntzak. Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako Sailarekin ere lankidetzan gabiltza, herrietan negozio-aukerak sortzea ahalbidetzen duten neurriak eta tresnak diseinatzeko eta posizionamendua eta merkatuak zabaltzea ahalbideratzen dituzten berrikuntzak garatzeko.

“Txorierriko saltokien benetako beharrizanetara egokitutako zerbitzuak eskaintzen jarraitu behar dugu”

Zure ustez, zer egin beharko lukete egoera honetatik bizirik ateratzeko?

Egoera hain da aldakorra, ezen ezinezkoa baita aurreikuspenak egitea. Horregatik, oso inportantea da berrikuntzak egitea. Pertsona asko negozio-eredu berriak aztertzen dabiltza, esaterako, onlineko komertzioa eta etxera eramateko janaria prestatzea; orain dela aste batzuk ez zuten ezta aukera horietan pentsatu ere egiten. Lagun horiekin zuzenean lan egiten gabiltza, euren benetako zailtasunak eta beharrizanak ezagutzeko eta gure laguntza eskaintzeko.

“Oso inportantea da berrikuntzak egitea: pertsona asko negozio-eredu berriak aztertzen dabiltza”

Amaitzeko, azpimarratu beharra dago konfinamenduan Txorierriko enpresak oso solidarioak izan direla.

Bai. Koronabirusaren hedapena gelditzeko neurriak ezartzean eredugarri izateaz gainera, askok babesteko, desinfektatzeko eta garbitzeko materiala eman dute udal-langileen, garbiketa-langileen eta zahar-etxeetako langileen lana errazteko. Eta bereziki azken horien aparteko lana azpimarratu nahiko nuke, ahalegin handia egiten baitabiltza adinekoak babesteko. Hala eskatu digutenean, lantaldeak eta arreta langile gaituekin indartzen lagundu diegu, eta horregatik oso harro gaude. 

Lana topatzeko laguntza

Pandemiaren eraginez, krisialdi handia egongo dela aurreikusi da eta, Loustaunauren esanetan, hori iristen ari da. “Bizkaian eta Euskadin moduan, Txorierrin langabezia-tasak ia % 2 egin du gora azken hilabetean. Esanak esan, ezin dugu ahaztu EGAZen indarguneak heziketa eta lana topatzeko laguntza direla. Horri lotuta, aurreko asteetan alternatibak topatu ditugu: zerbitzu telematikoak eskaini ditugu eta txat-zerbitzu berria zabaldu dugu onlineko arreta indartzeko eta jadanik ezarrita genituen beste kanal digital batzuk –enplegu-ataria eta WhatsApp-aren bidezko arreta-zerbitzua kasu– osatzeko.

EGAZ Txorierriko kudeatzaileak azaldu duenez, udalekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu Sailarekin elkarlanean dabiltza euste-planak garatzeko, lana sortu eta dinamizatzeko eta enplegua suspertzeko ekintza zehatzak martxan ipintzeko. “Gazteak ere ez ditugu ahaztu: Gaztedi Bizkaia programaren baitan, telefono bidezko orientazio-zerbitzu berria ipini dugu martxan 16 urtetik 30 urtera bitarteko pertsonentzat, hainbat laguntza eskaintzeko; esate baterako, lana topatzeko banako estrategia diseinatzea, merkatuaren gaur egungo beharrizanak betetzeko lan-profil egokia zehaztea, laguntza emozionala eta lana topatzeko ditugun baliabideak eskura izatea”.

Egoera aldatu eta zaildu egin daiteke; hala ere, Loustanauren hitzetan, hari aurre egiteko tresnak beti izango dira berberak: “hurbiltasuna, gogo eta ahalegin handiak eta inguruko errealitate sozioekonomikoa eta laborala sakon eta modu gaurkotuan ezagutzea”.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).