Ariguneak, Euskaraldiaren berritasun nagusia

a: aiurri.eus 2020ko eka. 17a, 12:09

Euskaraldia 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da bigarren aldiz. Aurtengo edizioaren berritasun nagusia ariguneak izango dira: euskaraz eroso sentitzeko guneak hain zuzen. Hainbat sektoretako enpresek, erakundeek eta elkarteek dagoeneko egin dute Euskaraldiaren bigarren edizioarekin bat, hala nola erakunde publikoak, finantza-erakundeak, industria arloko enpresak eta kooperatibak, merkataritza-kate handiak eta txikiak, dendak eta kultura- eta kirol-elkarteak.

Euskaraldiaren bigarren edizioak hizkuntza-ohiturak aldatzea du helburu, euskaraz gehiago eta erosoago aritzeko. Hori dela eta, ariguneak sortuko dira  erakundeetan, enpresetan eta elkarteetan. Ariguneak euskaraz eroso aritzeko guneak dira eta bertan ahobiziak eta belarriprestak bilduko dira.

Atzo, Euskaraldiaren aurtengo edizioa aurkeztu zuten Tabakaleran, Donostian. Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak adierazi zuenez, aurreko edizioan inertziak puskatu ziren eta agerian utzi zen hizkuntza-ohiturak aldatu ahal direla eta euskararen aldeko urrats praktikoak egin ahal direla. “Euskararen aldeko herri-gogo bat eta euskaraz bizi nahi duen herri bat ere bistarazi genituen”. Aurtengo edizioan lorpen horiek sakontzen ahaleginduko direla gehitu zuen. Horretarako, ahobizak eta belarriprestak gehiago erakartzen saiatuko dira, “eta entitateekin batera urrats bat egingo dugu aurrera”.

Horren harira, antolatzaileek elkarteei, enpresei, dendei eta erakundeei deia egin diete euskaraz lan egiteko guneak sortzea aztertu dezaten, euskaraz funtzionatzen duten sareak bultzatu ditzaten eta gune horiek babestu ditzaten. Ariguneak sortzeko eta izena emateko epea irailaren 27an amaituko da.

Batzordeak lanean

Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak azaldu zuen moduan, jadanik 500 egoitzak baino gehiagok eman dute egitasmoan izena. “Hau da, 500 dendak, bulegok, udalek… egin dute izen-ematea. Horietan 2.100 barne-arigune eta 950 kanpo-arigune identifikatu ditugu, eta 10.000tik gora lagun”. Barne-ariguneak entitateetako kideak aritzeko guneak dira, eta kanpo-ariguneak, entitateek herritarrekin harremanetan egoteko dituzten guneak. Erakundeak eta enpresak hainbat arrazoirengatik hurbildu dira Euskaraldira: batzuek aurretik euskara arloan lantzen zebiltzan ibilbideari jarraipena eman nahi diote, eta beste batzuek euskararen erabilera bultzatzeko gune berriak sortzeko eta horiek babesteko aukera ikusi dute.

Bestalde, Illarok gogora ekarri zuen Euskaraldiaren lehen edizioan Euskal Herriko 405 udalerritan batzordeak martxan ipini zirela, eta esan zuen aurtengo izen-ematea ere martxa onean doala. Txorierrin, esaterako, batzordeak hasi dira lanean, eta baten batek horietan parte hartu nahi badu, txorierri@euskaraldia.eus helbide elektronikora idatzi dezake izena emateko, edo 688 813 748 telefono-zenbakira deitu (Itziar). Arigunea sortu nahi duten enpresak eta elkarteak ere Euskaraldiaren Txorierriko arduradunarekin ipini daitezke harremanetan aurreko lerroetan adierazitako bideetatik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).