Jairik gabeko uda; edo ia

Aikor aldizkaria 2020ko uzt. 30a, 11:50

Osasun- eta segurtasun-neurriak bermatu ezina dela eta, udalek eta jai-batzordeek bertan behera utzi dituzte herriko jaiak, edo horiek “normaltasun berrira” egokitu dituzte ekintza alternatiboak antolatuta. Sondikan, esaterako, San Joan gauean balkoietan eta leihoetan kolorea ipintzeko deia egin zitzaien herritarrei, eta Loiun cyberpaellak antolatu zituzten. Abuztuan andramariak ospatzekoak ziren Larrabetzun, baina hango jai-batzordeak jakinarazi du aurten ez dela jairik egingo; Lezamako jai-batzordea, berriz, pandemiaren bilakaerari begira dago, ea irailean zerbait egiteko aukerarik dagoen.

Intxurreta Larrabetzuko jai batzordeak adierazi duenez, erabakia hartzea oso zaila izan den arren, “bizi dugun egoera aintzat harturik, Andra Mari, San Bartolome eta San Emeterio jaietarako aurreikusitako egitaraua bertan behera uztea erabaki dugu”. Jai-batzordeak hileak eman ditu jaiak aurrera ateratzeko ahaleginean, egoerara nola egokitu pentsatzen. “Baina konturatu gara ezin ditugula herritarren osasuna eta segurtasuna behar bezala bermatu. Erabakiak buruhauste, kontraesan eta eztabaida asko sorrarazi dizkigu, hala ere, uste dugu denon onerako izango dela”.

Intxurreta: “Erabakiak buruhauste, kontraesan eta eztabaida asko sorrarazi dizkigu, hala ere, uste dugu denon onerako izango dela”

Larrabetzuko jaietako ekintzarik jendetsuenak, besteak beste, karrozak eta afariak izaten dira. “Aurten ezin ditugu antolatu eta erabaki genuen ez zuela merezi ezer egitea: azken batean, jaien alderik politena da guztion artean ospatu ahal izatea”. Intxurretak, beraz, ez du aurten inolako ekintzarik prestatuko, baina ez du baztertzen ekitaldi sinbolikoren bat egon ahal izatea, adibidez, kalejira. “Gainera, Kultur Bilguneak ekintza batzuk antolatu ditu udarako, eta alde horretatik lasai gaude, uztailean aisialdiari eta kulturari lotutako zerbait egon delako eta abuztuan ere izango delako”. Nolanahi ere, eta pandemiaren bilakaerak uzten badu, gogotsu ekingo diote datorren urteko Andra Mari, San Bartolome eta San Emeterio jaiak prestatzeari. “Herritarrek gure erabakia onartu dute eta adierazi digute erabaki egokia izan dela”. 

Intxurreta: “Jaien alderik politena da guztion artean ospatu ahal izatea”

Basobaltz Lezamako jai-batzordea pandemiaren bilakaerari adi-adi dabil egunotan, eta datozen asteetan ere adi ibiliko dira, hura zein den, irailean Andra Mari jaiak ospatuko dituzten ala ez. “Egitekotan, argi izan behar da ez direla ohiko jaiak izango. Osasun- eta segurtasun-neurriak bete ahal izateko, ezin da gaueko kontzerturik eta jendetza handia batzen duen ekitaldirik antolatu. Beste era bateko ekintzak izan behar dira, egunekoak eta edukierari eta lehen aipatutako neurriei eutsita”. Alderdi asko hartu behar dira kontuan, eta jai-batzordea hainbat batzar egiten dabil izan litezkeen ekintzak ahalik eta ondoen prestatzeko. Gainera, udalarekin dabiltza harremanetan ideiak partekatzeko eta balizko egoerak aztertzeko.

Basobaltz: “Ez dira ohiko jaiak izango: ezin da gaueko kontzerturik eta jendetza handia batzen duen ekitaldirik antolatu”

Herrikoiagoak

Andramariak irailaren 4an, 5ean eta 6an ospatzekoak dira, eta, ahal dela, hilaren 8an ere, zaindariaren egunean, zerbait egiteko asmoa dute. “Jaiak modu lasaiago eta herrikoiago batean ospatuko ditugu”. Mozorro-jaitsierak hasiera eman ohi die Lezamako jaiei, eta nobedaderik ez badago, aurten ere ekintza hori –edo ekintza horretan oinarritutako ekitaldia, hobeto esanda– antolatu nahi dute “barikua ez desitxuratzeko”. Hori bai, aldaketa nabarmenak egongo dira. “Aurten ez da egongo ez jaitsierarik, ez karrozarik. Horien ordez, mozorro-lehiaketa egingo da herritik, segurtasun-neurriak errespetatuz. Gaia gorria kolorea izango da”.

“Beldur apur batekin gabiltza, ez dakigulako jendeak nola erantzungo duen; hau da, ekintzetan jenderik batuko ez den, edo, alderantziz, jendetza bilduko den. Aukera guztiak izan behar ditugu buruan, eta horiei ahalik eta ondoen erantzuteko prest egon. Nolanahi ere, gogora ekarri nahi dugu, egoera txar honetan, ezinbestekoak direla nork bere burua zaintzea, distantzia mantentzea eta osasun- eta segurtasun-neurriak errespatatzea: horrela, errazagoa izango da denontzat”.

Basobaltz: “Gogora ekarri nahi dugu, egoera txar honetan, ezinbestekoa dela osasun- eta segurtasun-neurriak errespetatzea”.

Andramariekin batera, Legina auzoko eta Bolalekuko jaiak ospatzen dira Lezaman, baina aurten ez da ekintzarik egongo. Kurtzeko jaiak ere hurrengo asteburuan izan ohi dira; hala ere, jai-batzordeak azaldu duenez, “ jaiak batez ere koadrilentzat eta familientzat dira eta, egoera ikusita, erabaki da ekitaldirik ez antolatzea; meza, ordea, egongo da, ziurrenik”. Sondikan, bestalde, San Roke eguneko erromeria bertan behera utzi dute eta pandemiaren bilakaeraren zain daude Santa Kurtzeko jaiak ospatu edo ez ospatu erabakia hartzeko. “Momentuz itxaron egingo dugu eta data hurbilago egon arte ez dugu erabakia hartuko”. Azkenik, Zamudioko auzoetako jaiak bertan behera geratu dira eta bakarrik meza baino ez da egingo. Derioko Udalak ere bertan behera utzi ditu udako jai guztiak.