Zurrumurruen Aurkako Sarearen eta TOKIKOMen arteko elkarlana, hedabideetan zurrumurru eta albiste faltsuei aurre egiteko

Aikor aldizkaria 2020ko ira. 25a, 11:42
Joxe Rojas (TOKIKOM) eta Andrea Ruiz Balzola (ZAS)

Sare sozialen garaian, gero eta errazago sortzen eta zabaltzen dira zurrumurru eta albiste faltsuak. Kasu askotan, mezu horiek modu erabat zuzenduan eta helburu argiekin hedatzen dira: gizartean egoerarik ahulenean dauden taldeei eraso egiteko. Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Sareak – ZASek eta TOKIKOM tokiko komunikabideen bateraguneak elkarlan-hitzarmen bat egin dute. Elkarlan horren barruan, lehen urratsa toki komunikabideen kazetarientzako prestakuntza-ikastaro bat izango da, etorkinei lotutako zurrumurru eta albiste faltsuei aurre egiteko tresnak eskaintzeko.

Ikastaro horretan, kazetariek informazio zehatza jasoko dute Euskal Herria iristen diren etorkinei buruz, eta gako praktikoak ere landuko dituzte sarritan hedatzen diren zurrumurru eta aurreiritziak gelditu eta datu objektiboekin kontrastatzeko. Ikastaroa Xabier Aierdi eta Gorka Moreno sareko kideek zuzenduko dute. Xabier Aierdi Urraza EHUko irakasle ohia da eta migrazioei lotutako gaietan aritu da urte luzeetan. Gizarte-ikerkuntzarako Begirune Fundazioa sortu berri du, eta horrez gain, ZAS! erakundean ari da, immigrazioaren inguruko zurrumurruen aurkako ekimenetan. Gorka Moreno, berriz, EHUko irakaslea eta Euskal Immigrazioaren Behatokiko kidea da. Bere ikerketa-ildoak migrazioei lotuta daude eta hainbat hitzaldi eta mintegi dibulgatibo eman ditu arlo horren inguruan, tartean zurrumurruen aurkako agenteen heziketan.

Horrez gain, ZASek gizartea sentiberatzeko komunikazio-kanpaina bat ere gauzatuko du TOKIKOMeko komunikabideen bidez, bere lana zein balioak gizarteratzeko. Hala, TOKIKOMek nola ZASek oso ondo baloratu dute lehen hurbiltze hau, eta espero dute denboran jarraipena izango duen bide baten hasiera baino ez izatea.

Kalearekiko, azken kontsumitzaileekiko zein giza talde zaurgarri horiekiko gertutasunetik, tokiko komunikabideek konpromiso eta erantzukizun argia dute zurrumurruak sortzen diren gertuko komunitatean bertan geldiarazi eta gezurtatzearekin. Hala erakutsi zuten oso argi 2019ko TOKIKOM Sarien ekitaldian, gaiarekin lotutako hainbat ponentzia eta testigantzaren bidez. Sare sozialetako multinazionalek menderatutako ingurune batean, toki komunikabideen zero kilometroko komunikazioak ezinbesteko papera joka dezake gizartea kohesionatu eta hainbat giza talderekiko aurreiritziak areagotzeko saiakerak geldiarazteko orduan.

Helburu horrexekin sortu zen, hain zuzen ere,  Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Sarea, ZAS. Euskal Autonomia Erkidegoko 34 gizarte eragilek eta herri erakundek osatzen duten sare honek gizartea sentsibilizatzeko estrategia bat garatu nahi du, xenofobiari eta diskriminazioari aurre egiteko, bizikidetza hobetzeko eta kultura-aniztasunaren indarra baliatzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).