Ikastetxera itzultzea COVID-19aren garaian

a: Irekia eta Zamudioko eskola 2020ko ira. 29a, 11:17

Eskolara itzultzea ezohikoa izan da aurtengo irailean: COVID-19ak eragindako pandemiak ikasturtearen hasiera ez ezik, haren martxa ere baldintzatuko du eta ziurgabetasuna eguneroko kontua da ikasgeletan. Ikastetxeek osasun- eta segurtasun-neurrietara egokitu behar izan dute eta, ohiko eginkizunez gainera, ikasleek zein irakasleek protokolo eta neurri berriak barneratu beharko dituzte. Ez da ikasgai erraza izango.    

Zamudioko eskolan, esaterako, 224 ikasle, 24 irakasle eta jantokiko bederatzi langile daude. Belen Mellado zuzendariak kontatu digunez, ikasturtea topera hasi dute, kezka eta buruhauste asko dituztela. “Besteak beste, jantoki- eta patio-orduak eta sarrerak eta irteerak antolatzeaz ibili gara arduratuta, eta abuztuan hasi ginen lanean”. Lekurik eza da eskolaren arazo nagusia eta, hortaz, zaila da Eusko Jaurlaritzaren protokoloan ezarritako 1,5 metroko distantziari eutsi ahal izatea. “Ikasgeleetan, ikasleen artean ahalik eta tarterik handiena egoten ahalegindu gara, baina oso gela txikiak dira eta ezinezkoa da gomendatutako segurtasun-tarteari eustea. Bestalde, nahiz eta txandak egin, jantokian arazo bera dugu”.

 

M: “Ikasleen artean ahalik eta tarterik handiena egoten ahalegindu garen arren, ezinezkoa da segurtasun-tarteari eustea”

 

Higiene-neurriei dagokienez, eskolaren zuzendaritzak garbitzaile bat gehiago eskatu dio Zamudioko Udalari, eskolan egun osoan egon dadin, eta Udalak kontratatu egin du. “Barandak desinfektatzen ditu, komunak, igogailua, gela partekatuak... Halaber, udalak gel-banagailuak ipini dizkigu, eta guk ere gel hidroalkoholiko batzuk erosi ditugu; bestetik, berandu ailegatu baziren ere, Eusko Jaurlaritzak 1.000 maskara eta gel batzuk eman dizkigu”.

Melladoren esanetan, beharbada, irakasle gehiago beharko lituzkete Haur Hezkuntzan. “Ikasgelak ez dira oso handiak eta 20 ume inguru daude elkarrekin. Horrezaz gainera, ez da erraza umeak zaintzea, adibidez, patioan daudenean, komunera joan behar badute…”. Horren harira, komunera joateko txandak ere egin dira eta maila bakoitzak zein komun erabili behar duen ezarri da. “Gero, normala den moduan, larritasuna dagoenean umeak komunera joaten dira, baina eskuak garbitzeko-eta orduak ipini dira”.   

Ikasturtea oso ziurgabetasun handiz hasi dutela aipatu digu. Bere hitzak jaso orduko, eskolan ez dute COVID kasurik izan; hala ere, probak egin behar izan dira, ikasle batzuek sukarra izan dute eta. Gaixorik badaude, ezin da umerik eskolara eraman; nolanahi ere, ikastetxe guztietan gela bat atondu behar izan da, ikaslea eskolan dagoela gaixotzen bada edo sukarra badu, bertan bakartzeko gurasoak bere bila joan arte. “Eskolara sartu baino lehen, egunero hartzen diegu tenperatura ikasleei, eta gela behin eta berriro erabiltzen dugu eskuak garbitzeko. Horri lotuta, esan beharra dago termometroak falta izan ditugula: Eusko Jaurlaritzak bakarra bidali digu eta besteak geuk erosi behar izan ditugu”.

 

Irakasleen eskuetan

Umeek ezohiko eta arau berriez betetako ikasturteari egin behar diote aurre. “Esate baterako, ume bakoitzak bere materiala erabili behar du, baina umeak dira eta zaila da neurri guztiak zorrotz betearaztea”. Arrakala digitalaz ere mintzatu da Mellado. “Eusko Jaurlaritzak ez du eskolara ezer bidali, eta gurasoen elkarteak chromebook-ak erosi ditu laugarren, bosgarren eta seigarren mailetako ikasleentzat, berriro eskola etxetik jaso behar badute ere”. 

 

G: “Ikasturtea beldurrez eta lehenago edo geroago ikasgelaren bat itxi beharko dela jakinda hasi dugu”

 

Zamudioko eskolako zuzendariaren aburuz, eskolara itzultzea ez da segurua izan. “Dena gure eskuetan, zuzendaritzaren eta irakasleen eskuetan, utzi dute. Irratian entzun nuen segurtasun-neurri zorrotzak ezarri zirela, eta pentsatu nuen «Bada, berandu ailegatu diren maskarak eta gelak izango dira». Izan ere, irakasleak, hezitzaileak eta jantokiko monitoreak ohiko irizpideak kontuan hartuta bidali dituzte eskolara; hau da, ikasle-kopurua kontuan hartuta, eta ez COVID-19a”.

Naiara Gonzalez Gorondagane Sondikako gurasoen elkartearen kidea da eta, azaldu digun moduan, ikasturtea beldurrez hasi dute. “Kutsatzeko beldurrez, zalantzaz beteta eta, beste ikastetxe batzuetan gertatu den bezala, lehenago edo geroago ikasgelaren bat itxi beharko dela eta etxera joan beharko dugula jakinda”. Beldurra alde batera utzita, balantze positiboa egin du ikasturtearen hasierari eta Sondikako eskolaren kudeaketari buruz. “Pozik gaude, gogoa dagoela eta gauzak ondo egiten ari direla ikusi dugulako. Adibidez, patioetan seinaleak margotu dira umeek nondik ibili behar duten jakiteko, eta burbuila-taldeak ere egokiak direla uste dugu”.

Gonzalezen hitzetan, ikasturtearen hasieran ez zen ume guztientzat jantoki-zerbitzurik egon, baina arazoa bigarren astean konpondu zen. Ikasle guztiek eskolan bazkaldu ahal izateko, jantokiaz gainera beste gela bat atondu zen Eusko Jaurlaritzaren irizpideei jarraituta. Hala ere, Jaurlaritzak ez zuen eskolak aurkeztutako txostena onartu, eta lehen astean bakarrik Haur Hezkuntzako umeek, bekadunek eta autobusez etortzen diren ikasleek –Loiukoak– erabili ahal izan zuten jantokia. Hori zela eta, ahalegina egin zen beste gela bat atontzeko eta bigarren astetik aurrera jantoki-zerbitzua eskaini ahal izan zaie eskolako ume guztiei”. Sondikako ikastetxean 300 ume inguru daude.

Guraso elkartearen kideak aipatu digunez, eskolan leku-arazoak daude, baina moldatu egin dira. “Denetarik dago eskolan, baina uste dut Eusko Jaurlaritzak ez duela esan zuena bidali: esaterako, eskolak termometroak erosi behar izan zituen eta tutore bi ikasturtea hasita sartu dira”. Gonzalezen ustez, eskolara itzultzea beharrezkoa izan da umeentzat zein gurasoentzat. “Umeek beren lekua eta errutinak behar dituzte. Gainera, pandemiaren eraginez bizitakoa oso gogorra eta luzea izan da haientzat”.

 

Leku-arazoa

Kerman Ibarra Txorierri Institutuko zuzendariaren berbetan, ikasturte gogorra izango da aurtengoa, eta hasiera are gogorragoa izan da. “Alde batetik, ikasturte normal bat antolatu behar da: eskolak, irakasleak, tutoreak…; eta bestetik, hori osasun-neurriak kontuan hartuta”.

Institutuan 800 ikasle inguru daude, 90 bat irakasle eta bost jantokiko langile. Arazorik handiena lekuarena dute. “Delegatuei eta agintariei jakinarazi diegu gure arazoa zein den, eta gauza batzuk kudeatu ditugu. Adibidez, Batxilergoko bigarren mailako 80 ikaslek Kultur Birikan jasoko dute eskola ikasturte honetan. Hala eta guztiz ere,  ikasle asko egoten jarraituko da eta, gainera, hiruhileko honetan institutua handitzeko lanak hasiko dira. Lanak behar-beharrezkoak dira leku-arazoari konponbidea emateko  – sei modulu jarrita ditugu, eta lehenengo mailakoentzat, zazpi gela herri-eskolako eraikinean–, baina ondorio txarra ekarriko digute, leku gutxiago izango dugu eta”.

Institutuko jantokia urrian zabalduko da, eta horrek ere arazoa ekarriko du. “Normalean 80 ikaslek bazkaltzen dute jantokian, baina oso txikia da. Segurtasun- eta osasun-neurriak kontuan izanda, aldi berean bakarrik 30 lagun egon daitezke han, eta, hortaz, hiru txanda antolatu beharko dira. Zein ordutan bazkalduko dute azken txandakoek?”.

Edozelan ere, egungo egoera aldakorra da oso eta, horregatik, aurreikuspena astetik astera egiten dute. Izan ere, eta adibidea ipintzearren, institutura sartzeko eta bertatik irteteko protokoloa uztailean egin zuten, baina orduan idatzitakoak ez zuen irailean balio izan. “Protokoloak eta neurriak zeintzuk diren irakasleei eta ikasleei azaltzen joan ahala, konturatzen zara oraindik ere gauza asko lotu barik daudela eta oso zaila dela 1.000 pertsonen artean sortzen diren berezitasun guztiak lotzea. Era berean, konturatzen zara zuk gauza batzuk arautu ahal izan arren, beste batzuk bakoitzaren ardurapean daudela, eta oso zaila da”. Dena dela, Ibarrak argi du, nahiz eta “partida” gaitza izan, institutuko langile guztiek euren lana egingo dutela, etorriko diren baldintzak zeinahi ere diren.

Ikastetxeetara segurtasunez itzultzea ikasturte-hasieraren erronka nagusia izan da; Ibarreren iritziz, berriz, hori ezinezkoa da. “Hau denboraz egin beharko zen, eta abuztuan jende askok egon beharko zuen lanean, ikastetxeoi arauak eta egin beharreko kudeaketa lehenago jakinarazteko. Komunikabideetan gauza bat saldu digute, baina errealitatea da ez dutela gurekin lan egin; ez dira gurekin elkartu jakiteko zeintzuk diren gure zailtasunak. Nire ustez, ez da ondo egin, eta orain zailagoa da egitea. Gero, jakina, aldaezinak diren gauzak daude, leku-arazoa kasu”. 

 

I: “Protokoloak irakasleei eta ikasleei azaltzen joan ahala, konturatzen zara oraindik ere gauza asko lotu barik daudela”

 

Ibarrak irakasle eta ikasle guztien jarrera bikaina azpimarratu du. “Guztiok gaude neurriak ateratzeko prest eta guztiok dugu oso argi gure helburua hau aurrera ateratzea dela. «Partida» galtzen badugu, ez da gogorik ezagatik izango”.

Leku-arazo handirik izan ez duten arren, Txorierriko Politeknika Ikastegian ere ahalegin handia egin dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren protokoloa euren egoerara egokitzeko. “Guk bakarrik ikasgela handiago bat atondu behar izan dugu, maila batean ikasle asko zeudelako eta, beraz, leku handiagoa behar genuelako. Bestela, ikastetxera sartzeko eta ikastetxetik ateratzeko bideak seinaleztatu ditugu, eta bizikidetza-talde egonkorrak sortu ditugu; hau da, eskola-ordutegian beti elkarrekin egongo diren ikasle-taldeak”, azaldu du Josu Orbe zuzendariak. “Atsedenaldiak ere zatikatu ditugu eta, noski, musukoa erabili behar da eta eskuak ondo garbitu sarritan. Halaber, tailerretako eta laborategietako ikasleek erabilitako tresnak desinfektatu egin behar dituzte”.

 

Urduri

Orberen esanetan, arazoak edota zalantzak protokoloak ezartzeko orduan izan dituzte, Hezkuntza Sailaren irizpideak orokorrak baitira. “Beste aldetik, horrek gastu handia ekarri digu eta, gainera, beste pertsona bat kontratatu dugu garbiketa egiteko. Hezkuntza Sailak esan zuen laguntzak egongo zirela, baina hitz hauek esaterakoan ez dakigu ezer”.

 

O: “Bizikidetza-talde egonkorrak sortu ditugu; hau da, eskola-ordutegian beti elkarrekin egongo diren ikasle-taldeak”

 

Politeknika Ikastegian 450 ikasle inguru eta 47 langile daude. Guztiek oso urduri zeudela hasi dute ikasturtea. “Izan ere, ez genekien nolakoa izango zen… Alabaina, esan behar dut ikasle gehienek oso jarrera ona erakutsi dutela: hasiera-hasieratik azaldu dira parte-hartzeko eta laguntzeko prest, eta jarrera hori lagungarria izan da irakasleak lasaituz joateko eta gauzak aurrera ateratzeko”.  Lerro hauek idazterakoan, ikastetxean ez dute COVID-19 kasurik izan, baina Orbek badaki arriskua beti dagoela. “Dena dela, nire ustetan, hartutako neurriak zentzuz hartzen eta errespetatzen badira, ikastetxeak leku seguruak dira. Argi dago ezin dela segurtasun osoa bermatu, akatsak eta deskuiduak egon baitaitezke, baina arduraz jokatuz gero, ikastetxeak oso seguruak dira”.

Egunak joan eta egunak etorri, animoak lasaituz joan dira Politeknikan. “Dena egunean-egunean egin behar da, eta erne egoteari utzi barik. Guk gure programari eusten eta hezkuntza duala eskaintzen jarraituko dugu, eta neurri berriak ezarri behar badira, gauzak etorri ahala egingo dugu”.

Ikasgeletara itzultzea ez da batere erraza izan aurtengo ikasturtean eta ikasleek zein irakasleek eta gurasoek ahalegin estra egin behar dute egoerara moldatzeko eta ikasturtea protokoloen neurriei eutsita gaindituz joateko. “Nire iritziz, ohiturak mantentzea lortzen dugunean, errazagoa izango da. Baina ikastetxean ez ezik, kalean ere arduraz jokatu behar da eta hori denon erantzukizuna da. Denok izan behar dugu arduratsuak: lankidetza apur batekin hau aurrera eraman ahal dugu, ikasketa-prozesuan inongo geldialdirik egon gabe”. 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).