Berbalagun

Itzuli gara, euskaraz egiteko prest

Aikor aldizkaria 2020ko urr. 2a, 11:43

Udako oporraldiaren ondoren, Txorierriko berbalagunak indarrak berritu ditugu eta gogotsu ekingo diogu datorren ikasturteari. Ziurgabetasun handiko garaia da, baina berbalagunok jarraitu nahi dugu irteerak, kafea, paseoak eta hainbat esperientzia euskaraz partekatzen. Izena emateko epea zabalik dago jadanik; zu baino ez zara falta!

Aurreko ikasturteetan moduan, Txorierriko herri guztietan berbalagun-taldeak osatzen ahaleginduko gara, eta COVID-19ak sortutako pandemiari aurre egiteko osasun- eta segurtasun-neurriei eutsiko diegu, jakina. Beraz, ez ahaztu zure maskara ekartzea eta hasi lehenbailehen lagun artean euskara praktikatzen. Gainera, nahiago baduzu, solasaldiak bideodeien bidez egiteko aukera ere egongo da.

Zertarako berbalagunekin bat egin? Euskaraz aritzeko eta euskaraz hainbat ekintza gozatzeko: ibilaldiak, erakusketak eta erakustaldiak, turismoa, musika, antzerkia, artea, natura, herriak, hiriak, paseoak… hau da, euskaraz bizitzeko. Horrezaz gainera, euskara-maila hobetuko duzu eta konturatuko zara pixkanaka-pixkanaka euskaraz era naturalean egingo duzula. Eta mendizalea bazara, mendi-taldeko kideekin Bizkaiko Itzulian parte hartu ahalko duzu astearteetan. Era berean, kontuan hartuta gizakiok izaki sozialak garela eta pandemiaren aurretik, eta are gehiago pandemiaren ostean bakardadea eta beldurrak arazo itzela direla, berbalagun-taldeak errezeta on-onak dira horiek guztiak gainditzeko. Ez pentsatu gehiago eta berbalagun-komunitatearen partaide izan. Taldeak kideen beharrizanetara egokitzen dira eta, hortaz, ez duzu arazorik izango ez egutegiaren aldetik, ez ordutegiaren aldetik.

Bestalde, beharbada, seme-alabekin eta beste gurasoekin nahiago duzu euskaraz aritu. Kasu horretan ere erraztasunak emango dizkizugu, aurreko ikasturteetan moduan, aurtengoan ere gurasolagun-taldeak osatuko baitira. Nola funtzionatzen dute? Gurasolagunak eskola ostean batu ohi dira, baina gaur egungo osasun-egoera dela-eta aldaketa txiki batzuk egingo ditugu. Hala, eskolan bertan bildu beharrean, aire zabalean, parkean esaterako, batuko gara han euskaraz jolasteko, besteengandik ikasteko eta bururatzen zitzaizkigun ekintza guztiak egiteko. Aukera polita baino politagoa da hizkuntza-arloan ere seme-alaben eredua izateko eta umeek eskolaz kanpo ere euskara hizkuntza bizia dela ikus dezaten.

Esanak esan, euskara-maila hobetu nahi baduzu edota euskaraz bizi nahi baduzu, ez galdu aukera: Txorierriko berbalagunak eta gurasolagunak zain dituzu. Berriz ere euskaraz aritzeko prest. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).