Umeak berriro hasi dira jolasten

Aikor aldizkaria 2020ko urr. 29a, 09:42

Koronabirusak eragindako itxialdia pasatu da, baita uda ere, eta apurka-apurka normaltasunera -edo anormaltasunera- itzultzen gabiltza. Esate baterako, eskola-kirola berriro jarri da martxan. Umeek mugak izango dituzte (sei-lagunek osatutako taldeka entrenatzea, esate baterako) eta protokoloei jarraituko beharko diete, baina, behintzat, kirola egiteko aukera badute. Zamudio Kirol Elkarte, Lezamako Pilota Elkarte eta Txorierri Basketland taldeko arduradunekin hitz egin dugu, egoeraren berri emateko. 

Zamudio Kirol Elkartean guztira 12 taldetan banatutako 180 umek osatzen dute klubeko harrobia. "Denboraldia apurka-apurka hasi dugu: federatuak irailaren 21ean jarri ziren martxan; eta eskola-kirolekoak, urriaren 5ean. Lehenengoak urrian hasi ziren lehia, baina neska-mutil gazteenek momentuz ez dute ligako partidarik jokatuko. Hori Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen du eta nahiz eta ezer ofizialik ez jakin, lehia 2021ko urtarrilerako hasiko omen da. Baina horretarako, egoerak hobera egin beharko du....", esan du Eleder Gorrotxategi Zamudio Kirol Elkartearen oinarrizko futbolaren arduradunak.

Gazteak gogotsu dabiltza entrenatzen, baina gurasoak kezkatuta agertu dira, Gorrotxategik adierazi digun moduan. "Arazo larriena gurasoak dira: umeak kutsatzeari beldur diote. Izan ere, asko eta asko autonomoak dira, dendak-eta dituztelako, eta etxean konfinatuta geratu behar badute, ez dute baliabiderik izango familia aurrera ateratzeko". Dena dela, Zamudio taldeak protokoloa garatu du, taldekide guztien segurtasuna bermatzeko eta kutsatzeak ahalik eta gehien murrizteko. "Protokoloa abian jartzeko, harremanetan egon gara Bizkaiko Futbol Federazioarekin, Zamudioko udalarekin eta noski, Osakidetzarekin". 

 

"Lehia datorren urterako hasiko omen da. Baina horretarako, egoerak hobera egin beharko du....",

 

Txorierri Basketland

Txorierri Basketland elkarteak ere egitura sendoa du. Guztira 125 jokalari dabiltza horretan saskibaloian jokatzen: sei urtetik 17 urte bitarteko neska-mutilak, 11 talde eta 11 entrenatzaile. "Egoera arraroa da ezer ez dakigulako. Kadete eta junior mailakoak, 14 urtetik gorakoak, irailean hasi ziren entrenatzen, haiek denboraldi arrunta egingo dutelako, baina gazteagoek ez dute momentuz partida ofizialik jokatuko eta urrian berean hasi dituzte entrenamenduak", esan digu Roberto Flores klubeko koordinatzaileak. Federatuek urrian hasi zuten liga; kirol-eskolan jarduten dutenek, aldiz, ez dakite noiz hasiko diren lehian sartzen.

Floresen esanetan, egoera ez da batere erraza, batez ere ekonomikoki. "Osasun-krisiak krisi ekonomikoa ekarri du eta guraso batzuek arazoak izan dituzte taldeko kuota ordaintzeko. Bestetik, krisiak oztopoak jartzen dizkigu babesleak topatzeko". Dirua alde batera utzita, Txorierri Basketland taldeko koordinatzaileak aipatu du arazo handirik ez dela egon segurtasun-protokoloa ezartzeko.

 

"Momentuz ez dugu positiborik izan. Baina horrelakorik gertatzen bada, protokoloa jarriko da martxan"

 

Hauek dira klubak betetzen dituen jarraibideetako batzuk: jokalari guztiei tenperatura hartzen zaie saio bakoitzean; gazteek oinetakoak aldatu behar dituzte aretora sartu baino lehen; eserlekuan dauden jokalariek eta teknikariek maskara jantzi behar dute... Eta positibo bat antzematen badute? "Momentuz, zorionez ez dugu positiborik izan. Baina horrelakorik gertatzen bada, deituko diogu Osakidetzari eta protokoloa jarriko da martxan: jokalarien datuak eman, PCR azterketak egin, jokalariak etxean gelditu konfinatuak...". Aste honetako protokolo berriak ere eragina handia izan du. "Bakarrik herrikoek ala alboko herrietakoek dute taldean entrenatzeko aukera: hau da, saioak Derion egiten ditugu eta Sondikakoak zein Bilbokoak ezin dira horietara etorri. Beraz, aste bitan talde batzuek ez dute entrenamendurik egingo". 

 

Lezamako pilota elkartea

Lezamako Pilota Elkartea askoz txikiagoa da, hor entrenatzen 30 ume baino ez baitira biltzen. "Bost urtetik 14 urtera bitarteko haurrak irailean hasi ziren entrenatzen, eta egoera berrira egokitu behar izan ginen: lehen guztiak batera entrenatzen ziren; gaur egun, ordea, lau jokalarik osatutako taldeka banatu ditugu. Gainera, gurasoak ezin dira entrenamenduan egon, jokalariek ezin dute frontoian dutxa hartu, entrenatzaileek dena garbitu behar dute saioa amaitzen denean...", azaldu digu Jaime Uriarte Lezamako Pilota Elkarteko presidenteak.

Uriartek esan digu ezjakintasuna nagusi dela. "Ez dakigu lehia noiz hasiko den. Badirudi egoera orokorra okerragoa dela, eta ondorioz, txapelketak agian bertan behera utziko dituztela. Baina ez dakigu ezer, zurrumurruak eta komunikabideek esaten dutena baino ez dago. Aldundiak ez digu ezer esan ofizialki. Eta hori da, hain zuzen ere, kalte gehien ekartzen diguna: umeek lehiaren akuilua behar dute, zuriz jantzi, azken batean, frontoira hurbiltzeko. Bestela, beste kirol batzuk daude eta zail egiten zaigu umeak pilotara erakartzea".

 

"Umeek lehiaren akuilua behar dute, frontoira hurbiltzeko. Bestela, zail egiten zaigu umeak pilotara erakartzea" 

 

Lezamako pilotariek ez dute euren artean harreman esturik. Beraz, maskara barik aritzen dira. Eta ez dira beldur. "Pilotan beste kirol batzuetan baino kutsatze arrisku gutxiago dugu. Momentuz, zorionez, ez dugu kutsatzerik izan. Horrela jarraitzea espero dugu. Gurasoak zein haurrak poz-pozik itzuli dira pilotan jokatzera, azken hileotan bakoitza bere kabuz ibili delako". Presidenteak bereziki aipatu du Lezamako Udalak herriko pilota taldearekin izan duen jarrera. "Udalak ez digu arazorik jarri, guztiz kontrakoa. Lagundu digu protokoloa martxan jartzen, egokitu ditu frontoiaren irteerak eta sarrerak, harreman zuzena izan dugu.... Primeran jokatu dute".   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).