“Gure zeregina kontzientzia kritikoa sustatzea eta eztabaidan sakontzea da”

a: Ttap aldizkaria 2020ko urr. 30a, 14:17

June Fernandez, kazetaria

June Fernandez Pikara Magazine aldizkariaren sortzailetako bat da. Generoan, sexu-aniztasunean eta migrazioetan aditua da eta, aipatutako aldizkariaren lanaz gainera, hainbat komunikabidetan kolaboratzen du, hala nola Ttap eta Argia aldizkarietan. Pikara-ren 10. urteurrenarekin bat eginda, Abrir el melón liburua kaleratu berri du. Bestalde, bere familiarekin batera, urtarrilean Larrabetzura etorri zen bizitzera.  

Zein da Abrir el melón liburuaren helburua? 

Hamar urte hauek nire bizitzako fase-aldaketa batekin kointziditu dute: ama izan naiz, Bilbotik Larrabetzura etorri naiz, Pikara nire bizitzako erdigunetik atera da nolabait… Horregatik, etapa horretako lana paperean biltzea erritual moduko bat zen niretzat. Lotsa apur bat ematen badit ere, uste dut hausnarketa eta trebakuntza feministarako material baliotsua dela. Azkenik, nire erreferente feministak ikusgai egin nahi izan ditut: Bilboko Munduko Emakumeak-Babel elkartea, 2019ko Emakunde Saria jaso duen Cony Carranza Castro feminista migratzailea, Dolores Juliano antropologoa, Justa Montero Madrilgo ekintzaile historikoa eta abar.

Liburuan 10 urtean egindako erreportaje eta elkarrizketetako batzuk jaso dituzu: porno feministaz aritu zara, bortxaketa-kulturaz, intersexualitatez… Eztabaida feminista deserosoak sortzen dituzten gaiak jorratzeaz gainera, indarrean dauden ereduetatik kanpoko pertsonaiak ere aurkezten dituzu.

Bai, Pikara Magazine-n apur bat deserosoa izan daitekeen kazetaritza egitea gustatzen zaigu, ez bakarrik patriarkatuan eroso daudenen pribilegioak auzitan jartzeko, baita gure pribilegioei, aurreiritziei eta kontraesanei aurre egiteko ere. Esaterako, Abrir el Melón-en irakurgai dituzue gay musulman bati edota ijito feministen elkartekideei egindako elkarrizketak. Pribilegioei eta kontraesanei dagokienez, etxeko langile egoiliarren modalitateari buruzko erreportajea nabarmenduko nuke, Argia-n euskaratu dutena. Nire lanaren beste ardatz bat tabuak urratzea izan da beti, aipatutakoak besteak beste, edota lesbianekin eta transexualekin lotutakoak.

“Pikara-n apur bat deserosoa izan daitekeen kazetaritza egitea gustatzen zaigu, gure pribilegioei, aurreiritziei eta kontraesanei ere aurre egiteko”

Hamar urtean egindako lanean sakontzearekin batera kazetari eta feminista moduan izandako bilakaeraz ohartuko zinen, ezta?

Bai, noski. Liburua prestatzean bidean ikasitakoa antzeman dut. Esaterako, hizkuntzaren erabilerari dagokionez. Adibide bat: erreportaje batean “mulata” hitza erabili nuen eta gerora ikasi nuen kutsu arrazista zuela eta “mestiza” zela aproposa. Era berean, menopausiari buruz idatzi nuenean ez nekien berba hura txarto erabiltzen genuela, azken hilekoa esan nahi duelako, eta “klimaterioa” zela emakumeen helduaroari izena ematen dion kontzeptu zabalagoa; hori May Serrano artistari esker ikasi dut aurten. Kazetaritza feminista egiteko orduan, hainbat inertzia zalantzan jarri ditugu, esaterako, erreportaje bat egiteko alde batetik adituak elkarrizketatzea eta beste batetik testigantzak jasotzea. Andrea Momoitio nire lankideak ondorioztatu zuen hierarkia hori ez zela egokia. Demagun: indarkeria matxistaren biktima izandako emakumeen kasuan, diskurtso politikoa eta eskarmentua dute, eta adituak askotan gai horretan espezializatu dira indarkeria gertu bizi izan dutelako. Nire azken erreportajeetan hierarkia hori apurtzen saiatu naiz.

Nola gogoratzen dituzu Pikara-ren hasierak?

Pikara Magazine sortu aurretik, Kazetarion Berdinsarea egitasmoa sortu nuen Lucia Martinez Odriozola kazetaritza-irakaslearekin batera. Hori izan zen Pikara sortu genuenon lehen topagunea. Hasieran gure hedabideetan ikuspegi feminista nola txertatu hausnartzen genuen, eta bat-batean gure laborategi propioa izateko gogoa agertu zen. Nik egunkari batean lan egiteari utzi nion, Luciak hedabide propio bat sortzera animatu ninduen, eta hasieran xelebrekeria bat iruditu zitzaidan arren, proiektu hau imajinatzen hasi nintzen. Hogeita bost urte nituen eta ez nuen enpresa-ezagutzarik, ezta finantziaziorik ere. Anbizio gutxirekin baina ilusio handiarekin eman genituen lehen urratsak. Orain, Pikara Magazine-k 2.800 harpide ditu, webguneak 300.000 bisita inguru jasotzen ditu hilero, 5.000 aleko paperezko urtekari bat kaleratzen dugu, erredakzio bat dugu Bilbon, sei langile gara eta kolaboratzaile-sare potolo bat dugu. Harrigarria da proiektuak hartu duen dimentsioa eta eragiteko gaitasuna. Webguneko bisiten herena Espainiatik kanpo heltzen dira.

Zergatik kazetaritza feminista egin?

Guk esan ohi dugu, kalitateko kazetaritza egiteko, kazetaritzan genero-ikuspegia sartzea ezinbestekoa dela, androzentrismoa, hau da, gizonen esperientziak erdigunean jartzea eta unibersalizatzea, miopia moduko bat delako. Haatik, ezin dugu errealitatea ondo aztertu eta azaldu, emakumeak eta sexismoak errealitatean duen eragina kontuan hartzen ez baditugu. Kazetaritza feminista egiteak, halaber, mugimendu feministaren eta teoria feministaren analisiak, praktikak eta agenda kontuan hartzea dakar eta hori oso aberasgarria da. Gure lanari “feminista” abizena jartzea beharrezkoa da, feminismoari aitortza hori egin behar diogulako.

“Ezin dugu errealitatea ondo aztertu eta azaldu, emakumeak eta sexismoak errealitatean duen eragina kontuan hartzen ez baditugu”

Eta zer ikasi duzue kazetaritza feministako hamarkada honetan?

Kazetaritza feminista egitea ez dela bakarrik gai jakin batzuk lantzea edo ikuspuntu bat izatea, baizik eta kazetaritzaren errutina eta egitura patriarkalak deseraikitzea. Emakume askok hedabideetan parte hartzeko beldur dira, kazetarien erritmoa eta jarrerak oso bortitzak iruditzen zaizkielako. Telebistako tertulietan, esaterako, askotan oihukatu behar duzu zure ahotsa entzun dadin. Feminismoak zaintzak erdigunean jartzea aldarrikatzen du, hortaz, pentsatu behar dugu zertan datzan zaintzak kazetaritzaren erdigunean jartzea.

Zein da Pikara-ren ekarpena?

Bi helbururekin sortu genuen: alde batetik, askotariko feministen arteko topagune izatea, eta, bestetik, feminismoaren diskurtsoak eta praktikak zabaltzea, hau da, mugimenduari lotuta ez dagoen jendeari hurbiltzea. Uste dut biak lortu ditugula. Gainera, kolaboratzaile askok gurekin ikasi dute genero-ikuspegia lanean txertatzen, eta gero eskarmentu hori beste hedabide batzuetan erabili dute. Hedabide jeneralistetako kazetariek ere gure aldizkarian irakurritako gaien berri eman dute, audientzia handiagora zabalduz. Eta, horrez gain, gure ekarpena ez da soilik aldizkariaren bidez egiten duguna: prestakuntza eta aholkularitza-zerbitzuak ere eskaintzen ditugu. Esaterako, Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskararen erabilera inklusiboa eta Gaztelaniaren erabilera inklusiboa gidaren egile gara, eta kazetaritza-langile eta -ikasleei zuzendutako tailer- eta hitzaldi-andana eman ditugu.

Feminismoa ez da homogeneoa eta hainbat ikuspegi daude beraren baitan. Nolako eragina du horrek zuen lanean?

Gure ustez, hori oso aberasgarria da, eta, esandako moduan, gure helburuetako bat topagune izatea zen. Tamalez, sare sozialen dinamikek feministen arteko gatazkak areagotu dituzte eta polarizazioa indartu dute. Hori prostituzioaren eztabaidan da oso argia. Batzuk saiatzen dira gu mutur batean kokatzen, baina uste dugu gure zeregina kontzientzia kritikoa sustatzea dela eta eztabaidan sakontzea, eta hori egiten jarraituko dugu. 

Erasoak, irainak… feministengandik zein matxistengandik jaso dituzue, gizarte-sareetan nahiz aldizkariaren egoitzan bertan; zein mingarriena?

Ezin dugu ukatu gure egoitzan bertan faxisten pintada matxistak pairatzeak beldurra ematen duela. Erasoak online zirenean bazirudien birtualak zirela, baina hor dugu froga: sare sozialen bidezko indarkeria benetakoa da eta aurrez aurreko indarkeriarako jauzia errazten du. Hala ere, niretzat, behintzat, feministengandiko irainak dira mingarrienak. Liburuan Amarna Miller porno aktoreari egindako elkarrizketa jaso dut, berrespen-ariketa gisa hain zuzen ere. Izan ere, elkarrizketa hori egiteagatik, hainbat feministak gure kontra egin zuten eta astakeriak esan zituzten, sexu-industria eta proxenetismoa babesten genituela. Uste dut sektarismoan erortzen dela bere gustukoak diren diskurtsoak soilik irakurri nahi duenak.

“Gure egoitzan bertan faxisten pintada matxistak pairatzeak beldurra ematen du; hala ere, niretzat feministengandiko irainak dira mingarrienak”

Zeintzuk dira Pikara-ren erronkak?

COVID-19aren krisiaren testuinguruan, bizirautea da erronka nagusia; hedabide alternatibo guztiena, alegia. Nire ustez, beste erronka bat da kazetari digitalok sare sozialekiko dugun dependentzia aitortzea eta monopolio teknologiko horiek gure jarduna eta eztabaida soziala baldintzatzen dituela onartzea, hortik aurrera burujabetza informatiboa berreskuratzeko estrategiak garatu ditzagun. Hirugarren erronka bat, kazetaritza feminista koherentea egiteko, zaintzak erdigunean jartzea da. Horrek ez du soilik esan nahi langileei kontziliaziorako erraztasunak ematea, baizik eta autozaintzaren kultura sustatzea, eta ez estresarena eta sakrifizioarena; prozesuak eta kolaboratzaileak zaintzea eta abar. 

Eta zureak?

Amatasunak balio izan dit lan produktiboaren eta erreproduktiboaren arteko oreka bilatzeko. Horregatik, egun Pikara-ren koordinazioa utzi dut eta nire erritmora hainbat hedabide eta proiektutan lan egiten nabil. Liburuan ireki dudan meloi batean sakontzen jarraitzeko asmoa dut: laguntza bidezko ugalketa. Deigarria iruditzen zait Espainia izatea mundu mailan, Estatu Batuen atzetik, industria horretan erregea. Liburuan erreportaje bat eta elkarrizketa bat aurkituko dituzue horren inguruan, in vitro tratamenduen tabuari buruzkoak, baina askoz gehiago ikertu nahi dut eta negozio horren aurreko diskurtso kritiko feministak zabaldu nahi ditut. Azken boladan eztabaida asko daude alokairuko sabelen inguruan, baina hori nolabait iceberg erraldoi baten punta besterik ez da. Bestalde, Libros del K.O. argitaletxeak Héroes y Villanos / Heroínas y Villanas biografia historikoen bildumarako enkargu bat egin dit eta Euskal Herriko XVI-XVII. mendeetako pertsonaia baten berrirakurketa feminista eta antikoloniala egitea proposatu diet… Goiz da gehiago esateko, jakin-minarekin utziko zaituztet!

“Liburuan ireki dudan meloi batean sakontzen jarraitzeko asmoa dut: laguntza bidezko ugalketa”

 

Erabat bertokotua

Fernandez urtarrilean etorri zen Bilbotik Larrabetzura bikotekidearekin eta orduan hiru hile zituen alabarekin. “Haurdunaldian naturarekin harremana estutzeko beharra sentitu nuen eta gure alaba herri batean hazteko ideiak erakartzen gintuen, eta bagenekien hezkuntzari dagokionez Larrabetzuk ospe ona duela”. 2019ko ekainean, Mankomunitateko berdintasun-teknikariak solasaldi batera gonbidatu zuen eta, bere esanetan, Larrabetzurekin zeharo maitemindu zen. “Txorierriko beste herriekin lotura handia izan dut, baina Larrabetzu ez nuen ezagutzen. Herri ederra iruditu zitzaidan, oso bizia, euskalduna, inklusiboa, lesbianek osatutako familia gehiago ezagutu nituen… Solasaldi horretan Zutunik! talde feminista ezagutu nuen, hile horretan LGTBI identitateak aldarrikatzeko kartelak jarri zituzten herrian… Tira, amets bat iruditu zitzaidan hori guztia”.

Familia ederto dabil bertokotzen. “Agian, haur txiki bat izateak bertokotzea asko errazten duelako izango da, baina dagoeneko herriko jende asko ezagutzen dugu eta harrera beroa egin digute. Herriko giroa eta programazio kulturala asko gozatzen ditut eta luxu bat iruditzen zait ia astero bide berri bat aurkitzea. Nik herri txiki batean pasatu nuen nerabezaroa, landan oso isolatuta zegoen etxalde batean. Orduan hiriek erakartzen ninduten, askatasunarekin eta aniztasunarekin lotzen nituelako. Mar Gallegok Pikara Magazine-n idatzi bezala, uste dut hiriak desmitifikatu egin behar ditugula eta herrien balioak azpimarratu. Nire bizitzako momentu honetan, hiria estresarekin, turistifikazioarekin eta kontsumismoarekin lotzen dut eta herri txiki batean bizitza jasangarriagoa eta komunitarioagoa egiteko aukera ikusten dut”. 

“Herriko giroa eta programazio kulturala asko gozatzen ditut eta luxu bat iruditzen zait ia astero bide berri bat aurkitzea”

Larrabetzura oso momentu arraroan heldu ziren, konfinamendua laster hasi zen eta. “Baina agian horregatik, dendetako ilaretan jendea erraz hasten zen gurekin berba egiten. Egitasmo ugari ezagutu ditut eta izugarri interesgarriak eta eraldatzaileak iruditzen zaizkit: Gurpide, Gymberdezalea, Literaturaz Berbetan… Dagoeneko ekarpena egiten saiatzen ari naiz. Zutunik! talde feministako kidea naiz, eta buru-belarri gabiltza tailerrak, hitzaldiak, ikuskizunak eta abar antolatzen eta aurten batez ere indarkeria matxisten kontra sentsibilizatzen. COVID-19aren krisiaren testuinguruan, Gure Dona izeneko whatsapp taldea sortu dugu, emakumeen artean behar ez duguna doan emateko helburuarekin, hau da, elkartrukea, desazkundea eta ahizpatsuna sustatzeko xedearekin. Olarreta PalAndreok taldean ere hasi naiz entrenatzen larunbatero!”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).